Martin Lupu
Txikitxoa zenean, Eztakit deitzen zioten. Horixe zen bere ezizena. Dena txantxetan hasi zen, eskolara joan zen lehen egunean.
Derrigortuta eraman zuen amak. Berarentzat eskola kartzela bat bezalakoa zen. Ez aitarena bezalakoa, arratsaldeetan etxera joaten uzten baitzioten, baina hurrengo egunean beti hara bueltatu behar. Aitaren kartzelako zaintzaileak funtzionarioak deitzen ziren; Eztakiten kartzelakoak, mojak.
Lehen egun hartan hain haserre zegoen! Zorione izeneko ume baten ondoan jarri zuten. Bera, berriz, han zoritxarne sentitzen zen! Jolastokian ea zein zen bere izena galdetu zion beste ume batek.
—Eztakit –erantzun zion, gogaituta.
Burlaka hasi zen umea, eta bere lagunengana joan zen, entzundakoa kontatzera. Handik astebetera denek deitzen zioten horrela. Azkenerako, berari ere gustatu zitzaion ezizena, eskolako originalena begitantzen zitzaion eta.
Urte batzuk pasatu ziren, eta egun baten Eztakiti bere benetako izena jakiteko gogoa sartu zitzaion. Amari galdetu zion, baina ez zuen erantzuten jakin: harrigarria bazen ere, amari ere ahaztu zitzaion bere semetxoaren izena. Halakorik!
—Zelan jakingo dugu nire benetako izena?
Ama pentsakor geratu zen, eta halako batean begiak zabaldu zitzaizkion.
—Badakit! Jaio berria zinenean argazki bat atera zizun aitak, eta atzealdean zure izena idatzi zuen. Oker ez banago, argazki hori ganbaran egongo da, nonbait utzita.
—Goazen ba! –proposatu zion Eztakitek, irrika biziz.
Ganbarak toki misteriotsuak dira. Erdi ilunetan egoten dira beti, eta bertan gauza zaharrak uzten dira, dagoeneko erabiltzen ez direnak. Baina erne!: ez daude hilik. Eta batzuk mugitu egiten dira. Horixe pentsatzen zuen Eztakitek, maiz, ohean zegoela, zarata bat entzuten baitzuen, ganbaratik zetorrena. Pilota baten punpa izaten zen: pun-pun-pun-pun-pun-pun-punpa! Beti ordu bertsuan izaten zen, gainera.
—Ama, nor ibiltzen da hor goian pilota batekin jolasean?
—Inor ez, laztana. Punpa horiek zure irudimenak sortzen ditu. Ganbaran ez da inor bizi.
“Bai zera!”, pentsatu zuen Eztakitek. “Nik argi eta garbi entzuten ditut pilotaren punpak!”
Eta goian nor bizi zitekeen pentsatzen hasten zen. Beti imajinatzen zuen agure zarpail bat, ganbarako altzari zaharren artean ezkutatzen zena. Gabardina luze eta ugerdoa janzten zuen, eta kapela handi bat. Aurpegia beti zuen ilunetan. Batzuetan pentsatzen zuen aurpegirik ere ez zuela. Agure hura ote zen pilotarekin jolasean zebilena? Seguru apropos egiten zuela, han bizi zirenak ikaratzeko eta etxearen jabe egiteko.
Eta ametsetan ere, eneee!, zenbat bider agertzen zitzaion agurea, bere logelako atea isil-isilka zabaldu eta ohera hurbiltzen zela. Eskuan pote handi bat zeraman, ikuzgailuetarako detergentea edukitzen zuten horietakoa. Ba, hara!: lo zegoela, ohetik harrapatu eta pote hartan sartzen zuen, eta bertan hasten zen benetako ametsa, pote haren barrualdea beste unibertso batzuetara joateko atea bezalakoa baitzen.
Argazkiaren bila igo zirenean, amaren atzetik sartu zen, eta badaezpada tiragoma zeraman eskuan, eta harri batzuk praketako poltsikoetan. Horrelaxe aurre egingo zion agureari, halako batean altzarien atzealdetik agertzen bazen. Baina ez zuten inor ikusi. Bila eta bila aritu ziren, argazkia topatu ezinik. Bila eta bila, hauts pila. Bai, ganbaran hautsa metaka zegoen. Eztakiti pentsamendu bat etorri zitzaion, eta gero beste bat (guztira, bi pentsamendu): han goian denbora oso arin pasatzen zen. Minutuak, esaterako, segundo eskas bat irauten zuela ematen zuen. Konturatu baino lehen ordu oso bat pasatu zitzaien, nahiz eta minutu labur bat besterik ez iruditu. Eta hona bigarren pentsamendua: han denbora hauts bihurtzen zen. Horregatik zegoen hainbeste hauts: han denbora oso arin pasatzen zelako.
Bi pentsamendu horien ostean, beste bat etorri zitzaion, hotzikara eragin ziona lepoan: han goian denbora hain arin pasatzen zenez, agian, eskaileretatik jaisten zirenerako, zahartuta egongo ziren, eta mailak jaitsi ahala desegiten joango ziren, hauts bihurtzen.
Amak erreskatatu zuen pentsamendu ilun horietatik, oihu lazgarri bat egin baitzuen:
—Sagu bat!
Eztakit lasterka joan zen ama zegoen tokira. Bere aurrean kartoizko kutxa handi bat zegoen, eta barruan sagua, patxada ederrean, zerbait marraskatzen.
—Eneee! Bila gabiltzan argazkia ari da marraskatzen!
Hura bai zoritxarra! Eztakit bere benetako izena jakin barik geratuko zen! Negar baten hasi zen, koitadua. Semetxoa horrela ikusita, ama pentsatzen hasi zen. Zerbait egin behar zutela erabaki zuen. Pentsatu eta pentsatu, azkenean ganbara osoa argitu zuen ideia bikaina bururatu zitzaion: saguari ahoa zabaldu eta jandako argazkia bilatuko zuten, linterna baten laguntzarekin.
—Sagutxo, utziko diguzu zure aho barruan begiratzen? Jan duzun argazkiaren atzealdean nire semetxoaren benetako izena dago idatzita, eta horren bila gabiltza. Axola ez badizu, linterna baten bitartez saiatuko gara izena irakurtzen.
—Bai horixe! Zatozte, eta begiratu nire aho barruan lasai-lasai!
Eztakiti ez zitzaion batere gustatu nola esan zituen berba horiek saguak. Tranparen bat egin nahi ziela begitandu zitzaion. Eta halaxe gertatu zen: hurreratu zirenean aho barruan begiratzera, saguak zurrup!, irentsi egin zituen ama-semeak, linterna eta guzti.
Bueltaka joan ziren saguaren urdaileraino. Han, linterna piztu eta miatzen hasi ziren. Laster topatu zituzten argazkiaren zatiak, urdail osoan barreiaturik. Erdi bustita zeuden, eta kontuz-kontuz hartu behar izan zituzten. Linternaren argiaren berotasunaz lehortu zituzten, eta ondoren zatiak elkartzeari ekin zioten, puzzle bat balitz bezala.
—Kitto! Lotu ditugu zati guztiak! (Mukiak erabili zituzten horretarako) Orain, azkenean, zure benetako izena zein den jakin ahal izango duzu!
Atzealdean begiratu, eta izen hau irakurri zuten, arkatzez idatzita: Martin Lupu.
—Zer, gustatzen zaizu?
Ama begira zuen, erantzunaren zain.
—Jakina gustatzen zaidana! Hemendik aurrera Martin Lupu izango naiz, akabo betiko Eztakit ezizena!
—Baina niri utziko didazu Martintxo deitzen, ezta?
—Ondo da, baina bakarrik gure artean, eh?
Azkenean pozik zeuden biak, baina nola arraio irtengo ziren saguaren urdailetik? Horra hor konpondu behar zuten hurrengo arazoa.
—Badakit, ama! Kili-kiliak egingo dizkiogu!
Ideia ezin hobea iruditu zitzaion amari, eta berehala jarri ziren lanean. Lasterrera, dardara bat igarri zuten, gero eta handiagoa. Eta bat-batean, aaaaatxisssss!, doministiku egin zuen saguak. Eta badakizue zer gertatu zen? Ba, torpedoak bezala kanporatu zirela ama eta Martin Lupu, sudurraren zulo banatatik: zunp! zunp! Di-da baten, ganbarako lurrean zeuden ostera ere!
Martin Lupuk tiragoma hartu eta harri bat bota zion saguari. Lelotuta legez geratu zen harrikadarekin, eta orduan Martin Lupuk kaiola baten barruan sartu zuen.
—Zer egingo dugu saguarekin, ama? Jan?
—Ez, Martintxo, horrelakorik ez. Pentsatuko dugu zeozer.
Eta sagua kaiolan sartuta, ganbaratik atera ziren. Zorionez, eskaileretan behera ez ziren hauts bihurtu. Baina hori bai, ordurako afaltzeko ordua zen, eta arrautza patata frijituekin jarri zion amak, berari gehien-gehien gustatzen zitzaion jatekoa. Eta ospatzeko, botila ardoa zabaldu zuen amak, eta berari ere eman zion apurtxo bat, urarekin nahastuta. Ama oso alai zegoen, ardoagatik beharbada, eta dantzan hasi zen jangela erdian.
—Nahi du maiestateak nirekin dantzatu? –esan zion amak, apur bat makurtuz.
Martin Lupu ere inoiz baino pozago zegoen, bere izen estreinatu berriarekin, eta gonbidapena onartu zuen. Ikusteko modukoa zen, biak elkarrekin dantzan, ama Danubio Urdina kantari zebilela! Eta poztasun haren erdian, amak zeozer esan zion belarrira, euren bizitzak aldatuko zituen esaldia:
—Martintxo, aita kartzelatik aterako dugu, betiko!
Eta ohera joan zirenean, Martin Lupuk imajinatu zuen aita zela goian pilotarekin jolasean zebilena, eta eskaileretatik jaisten zela, eta betiko geratzen zela eurekin, eta bera ere ez zela gehiago bueltatzen eskolara. Zein ondo lo egin zuen gau hartan!
Biharamunean, eguzkiaren errainuek dan-dan jo zuten Martin Lupuren logelako leihoan. Lasterka joan zen ezkaratzera, oraindino amaren agindua buruan bueltaka zeukala, ogi apurren bila dabilen usoaren antzera.
—Ama! Ama! Goazen aitatxo kartzelatik ateratzera!
—Hori da hori, sosegatu ezina! Lehenengo almortzua, eta gero gerokoak, semetxo!
Eta gosaltzen zuen bitartean, aita kartzelatik ateratzeko zer egingo zuten kontatu zion, xehetasun guztiekin. Martin Lupuren begiek, emozioarekin, ipurtargiek legez egiten zuten ñir-ñir, amaren plana entzunez eta zelako abentura biziko zuten irudikatuz.
Eta, azkenean, bisita eguna heldu zen. Bezperan abiatu ziren, automobil zaharrean. Martin Lupu errepideko marrak zenbatzen hasi zen, baina laster aspertu: kartzela urrun zegoen, oso urrun. Hara orduko, seguru zenbaki guztiak amaituko zirela!
Kartzela eraikin itsusi eta zaharra zen, lautada amaigabe baten erdian zegoena.
—Zein triste biziko dira hemengoak, ez mendirik ez itsasorik ikusi gabe!
Amak baietz erantzun zion buruaz, automobilaren maletategitik kaiola ateratzen zuen bitartean. Eta badakizue nor zegoen barruan? Jakina! Sagua! Ordurako oso lagunak ziren, eta Martin Lupuk izena ere jarria zion: Gose Mari. Hiru astean ibili ziren ama eta bera saguari zer egin behar zuen azaltzen, eta bazetorren momentua esandako guztia egiteko.
—Gose Mari, hauxe da kartzela. Gogoratzen duzu zer egin behar duzun? –galdetu zion Martin Lupuk, saguaren buru txikia laztantzen zuela.
—Ez dut gogoratuko ba! Hiru egunetan naukazue jaten eman barik. Desiratzen nago bisita ordua ailegatzeko! –erantzun zion, mingaintxoaz ezpainak bustitzen zituela.
Azkenean, auskalo zenbat ate zeharkatu ondoren, aita zegoen gelara heldu ziren. Funtzionario batek, atearen ondoan jarrita, den-dena zaintzen zuen, badaezpada ere. Eta badakizue zer ikusi zuen? Ba, hara!: emazteak eta semetxoak presoa besarkatu zuten. Hark zeozer esan zion belarrira, eta honek eskuan zuen kaiola eman. Funtzionarioa urduri jarri zen, kaiola barruko sagua ikustean, baina amak azaldu zion opari bat zela. Orduan, Martin Lupuk sagua kaiolatik atera, eta aitaren eskuan jarri zuen. Eta honek sagua begien pareraino eraman zuen, hobeto ikustearren.
—Kaixo, Gose Mari!
Eta orduan, bai harritu zela funtzionarioa! Ez zuen ba ikusi, bere aurre-aurrean, zelan zabaldu zuen ahoa sagu hark, eta zelan jan zuen presoa, mokadu baten, oso-osorik!
—Zer arraio gertatzen da hemen! –deiadar egin zuen, bere hanken artetik saguak nola ihes egiten zuen ikusten zuen bitartean.
Bai, horixe gertatu zen: saguak, Martin Lupuren aita janda, gelatik ospa egin zuen, munduko abiadura errekorra egiteko moduan. Orduan, funtzionarioak presoaren ama eta semea negar baten hasten zirela ikusi zuen, sagu madarikatuak senarra jan ziola zioen emakumeak, eta umea ere intzirika zebilen, aita barik gelditu zelako. Funtzionarioak ezin kontsolatu ama-semeak! Bibotearen ile zuriak igurzten zituen, ikusitakoa sinistu ezinda, eta nagusiari zer esango zion pentsatzen zebilela, kanpora irteteko erregutu zien bisitariei. Horrela atera ziren kartzelatik, negar eta negar, eta euren malkoen iturria ez zen itxi automobilera heldu arte.
—Lortu egin dugu, amatxo! –esan zion Martin Lupuk, pozez gainezka.
—Ixo, Martintxo! Ez dute ezer arrarorik susmatu behar! Tira, hartu sagua inork ikusi orduko!
Bai, hantxe zegoen Gose Mari, automobilaren aurreko gurpilaren ondoan ostenduta. Kaiolan sartu, eta ziztu bizian alde egin zuten handik. Etxera ailegatu zirenean, sagua lurrean utzi eta hauxe esan zuen amak, orro eginez:
—Etxera heldu gara. Orain, egin ezazu kartzelan belarrira esan dizudana!
Orduan, aitak, oraindino saguaren barruan zegoenak, kili-kiliak egin zizkion tripan. Gose Mari dardarka hasi zen, eta bat-batean, aaaaatxisssss!, doministiku egin zuen. Eta aita sudurzulotik kanporatu zen, torpedo baten moduan.
Hura bai poza, etxe hartakoa! Egun hartan ardoa ez, xanpaina edan zuten, eta marka onekoa gainera! Eta Danubio Urdinaz ez, trikitixaren doinuaz egin zuten dantzan, eta euren irrintziak herriaren beste muturrean ere entzuteko modukoak izan ziren…
Eta zelako barreak egin zituzten biharamunean, irratian albiste hau entzun zutenean: “Atzo, Boñiga Perpetuako kartzelan, preso bat hil zen. Funtzionario batek kontatu zuenez, txakur amorratu batek eraso egin zion, eta ospitalera zeramatela hil zen, zauri larrien ondorioz.”
—Zelako gezur potoloak! –esan zien Martin Lupuk gurasoei.
—Horiek ez dakite besterik egiten –erantzun amak.
Martin Lupuren aita modu ofizialean hilda zegoenez, ezin ziren beraren bila etorri, berriro atxilotzera. Baina arazo bat zegoen: zein izen erabiliko zuen handik aurrera?
—Aita, nik badaukat izen bat zuretzat.
—Zein, seme?
—Eztakit!
—Zelan? Zer izen da hori?
—Nik erabiltzen nuena, Martin Lupu deitzen nintzela jakin arte. Baina orain libre dago. Nahi baduzu, zuretzat.
—Eskerrik asko, seme! Hemendik aurrera, neu izango naiz Eztakit.
Eta horrela konpondu zuten izenaren arazoa.
Konpondu barik jarraitzen zuena beste kontu bat zen, ordea: eskolara joatea. Martin Lupuk aitarekin gelditu nahi zuen, jolasean, baina zorioneko eskolara joan behar! Berak ere zeozer asmatu beharko zuen, eskolara gehiago ez joateko!
Pentsatu eta egin: gau hartan, loak hartu zuenean, betikoa gertatu zen, hau da, bere logelako atea zabaldu zen, eta ganbaran ostenduta bizi zen agurea agertu eta bere ohera hurreratu zen. Ondoren, isil-isilik ohetik harrapatu eta ikuzgailuetarako detergente potean sartzera zihoala…
—Aizu, jauna! Gaur sar nazazu potean buruz behera!
Agurea harrituta geratu zen, mutikotxoari begira.
—Ume, badakizu zer ari zaren eskatzen? Nik beti sartu zaitut potean behar den moduan: lehenengo hankak, eta gero burua. Horrela, ametsaren amaieran beti bueltatzen izan zara zure ohera. Buruz behera sartzen bazaitut, ez zara ohera bueltatuko, eta auskalo nora joaten zaren!
—Horixe nahi dut ba! Horrela ez naiz gehiago eskolara joango! Gurasoek mojei esango diete desagertu naizela, eta kito!
—Zuk nahi duzun moduan… Baina nahigaberen bat pasatzen bazaizu, allakuidaos!
Eta agureak buruz behera sartu zuen detergente potean. Martin Lupu ez zegoen bakarrik baina: badakizue nor zeraman bere altzoan gordeta? Bai ba! Gose Mari sagua!
Betiko ametsetan ez bezala, unibertso urrunetara joan beharrean, Martin Lupu jausten ari zela konturatu zen, putzu handi eta beltz batean bezala. Denbora luzean jausi zen. Iruditu zitzaion detergente barruko denbora oso-oso astiro pasatzen zela, eskola barruko denbora bezalaxe, edo oraindino astiroago. Eta gogaitzen hasita zegoela… pun-pun-pun-pun-pun-pun-punpa! Pilota baten antzera iritsi zen kobazulo hartara. Bera bezalako mutiko batzuk ikusi zituen han, begira-begira geratu zitzaizkionak. Besoak zabalik agurtu zuten, beraren zain egon balira bezala. Oso gustura sentitu zen han Martin Lupu, bere lagun berri haiekin. Seguru abentura handiak biziko zituztela elkarrekin!
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: