Manuel Lechuga

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2008-11-24 11:33

Gauak ahoa siku zuen ordu txiki baten, Manuel Lechugari ipurtargi bana isiotu zitzaizkion begietan. “Kea salduko dut”, esan zuen ohearen iluntasunetik. Eta bere negozioaren arrakasta galdera batez ziurtatu zuen: “Jendea izerdia errekaka botatzeagatik ordaintzeko prest badago, zergatik ez didate nire ke-masajeengatik euren diru-zorroetako billeteak pozarren eskainiko?”

210

Argi-argi ikusi zuen aukera hura baliatu behar zuela Hondamenditik Ospeurira mudatzeko. “Batzuk barraskiloen lirdingen kontura aberastu badira, ni kea salduz dirutuko naiz”, erabaki zuen.  

Estrategia pentsatu zuen: “jendeari sinestarazi behar zaio kea erosi beharra duela, osasungarria dela. Areago: gaitzak sendatzen dituela.” Eta iragarkietan agertuzko zen mezua ere pentsatu zuen: “kearen baitan jainkoaren esentziak ferekatuko zaitu”. Behin eta berriro errepikatu zion bere buruari esaldi hori, hamaikagarren manamendua zizelkatuko lukeenaren indarraz.

Gauaren konplizitateaz, Manuel Lechugak bere diskurtsoa atondu zuen: “jendeak zer behar duen, horixe eskaini. Malenkoniatsuei bizipozaren kea salduko diet; tristeei, irribarrearena; logabetuei, ametsena; ardigalduei, maitasun berriarena; etsituei, etorkizunarena. Zatozte, zatozte nire keaoriora. Nor sar dadila gustuko gelan. Honetan, pago-zuraren ketan egongo zarete, ordu erdiko kealdiak hogei euro, pago-keak hezurretako mina arinduko dizue. Eta beste gela honetara sar daitezela argaldu nahi duten guztiak, izei-kea beren-beregikoa da gantzak desegiteko. Eta hara, hirugarren gela aukeratzen baduzue, zuen grina berreskuratuko duzue ohaidea asetzeko.”

Eta gau guztia eman zuen bere kearioa airean eraikitzen, eta zer ederra zen, eta zein biguna zitzaion arrakasta, eta zein gozoro entzuten zuen bere poltsikoan diruaren txin-txina.  

Baina gauaren azken arnasa kearen moduan desegin zenean, ipurtargiak amatatu egin zitzaizkion Manuel Lechugaren begiei.  

Egunerokotasunaren txabusina jantzi, eta bederatzietan goizero legez, bere denda antigoalekorantz abiatu zen, ordurako inork entzuten ez zituen LP eta zinten musika tristea gosaltzera.
 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: