Mammo Rokko
Bi gauza infinitu daude: unibertsoa eta gizakiaren ergelkeria. Eta ez nago seguru unibertsoari dagokionez.
(Albert Einstein)
Mammo Rokko, ziklogenesi leherkorraren afrontuak gidaturik, Bizkaiko Golkoaren kostaldera ailegatu zen. Espazio-ontziaren barrualdetik, ingurura begiratu zuen: Lurraren zonalde hura ez zen galaxiako turismo gidetan agertzen. Egia esan, Lurra bera ere ez zen oso planeta erakargarria. Inguru interesgarri bakarra Antartika zeritzon kontinentea zen, gizaki atzeratu haiek oraindik suntsitu bako lurralde bakarra. Eta, hala ere, Mammo Rokkok, halako jakingura antropologikoa sentiturik, espazio-ontzitik irten eta osteratxo bat egitea deliberatu zuen.
Irakurria zuen gizakia zinez izaki primitibo eta ergela zela. Adibidez, oraindik sexu ugalketaren bidez izaten zituzten euren kumeak. Langintza horrek burmuinaren zati handiena jaten zien, eta, jakina!, zure bizitzaren tarte handiena sexuan pentsatzen ematen baduzu, horra hor ondorioa: gizakiaren eboluzioak apoarmatuaren sosegu infinituaz egiten zuen aurreraka.
Gizakien beste akats oinarrizko bat organikoa zen: jan eta edan beharra zuten. Bizirauteko elikatu behar horrek bizimodua erabat trakesten zien. Esaterako, ia-ia egunero lana izeneko zerbait egin behar zuten (gehienek, gogoz kontra), dirua zeritzan zerbait lortzeko. Diru hari esker eskuratzen zituzten jangaiak eta bizitzeko behar omen zituzten beste gai guztiak. Hala eta guztiz ere, horietarik asko –gehienak– ez ziren inondik inora beharrezkoak, baina haiek lortu ezean gizakiak ez ziren zoriontsu sentitzen. Hortaz, hona paradoxa: behar ez zituzten gauzen beharragatik ziren dohakabeak. Jakina!: behin lortuta, gauza horiek erakargarritasun guztia galtzen zuten, eta beste batzuen xerka hasten ziren.
Teoria bi zeuden gauzak edukitzeko grina hori azaltzeko: batzuen ustez, irrika horrek oinarri kulturala zuen (publizitatearen eragina, modak…), eta gizarte-statusari lotzen zitzaion; beste batzuek, berriz, uste zuten akats genetikoa zela. Hori frogatzeko, gizakien kumeen jarrera baino ez zen gogoratu behar: modu kontzientean esaten zuten lehenengo berba hauxe ei zen: nirea!
Giza izaera taxugabe horren beste froga bat haien zaletasun bitxi hura zen: ohiturak maite zituzten, tradizioak, nahiz eta guztiz zentzugabeak izan. Hain zuzen ere, Mammo Rokkok, bere osteratxoan, horrelako ohitura ganorabako batekin egin zuen topo: kostaldeko herri hartara sartu zenean, ilara luze-luze bi ikusi zituen kale nagusiaren alde banatan. Elkarren aurrean zeuden, baina ez zuten elkar ikusten, euren buruak plastiko beltzez ezkutatzen baitzituzten. Plastiko zerrenda amaiezinak ziren, kale nagusiaren alde batetik bestera zihoazenak. Eta, alde bakoitzean, oihuka eta biraoka, jende aldra bat. Mammo Rokko, interesgarria izango zelakoan, kusan hasi zen. Haren ikerketaren emaitzak estonagarriak izan ziren.
Hauxe jakin zuen: plastiko beltzen atzean ezkutatzen zirenek kalearen erditik etortzen zen prozesio moduko bati destaina egin ohi zioten. Baina Mammo Rokkok ez zuen prozesiorik ikusi: baziren urte batzuk prozesioa egiten zutenek euren ibilaldi hura egiteari uztea erabaki zutenetik. Eta, hala ere, plastikoen atzean jartzen zirenek hantxe zirauten, urterik urte. Kalearen erdia hutsik egon arren ere, inoiz baino errimeago egiten zuten oihu. Prozesioa haientzat probokazio hutsa izan ohi zen; prozesio eza, ostera, are iraingarriagoa zitzaien. Agian, horrexegatik tematzen ziren hainbeste: plastikoak betiko tolestu eta etxean geratu beharrean, kale nagusira joaten jarraitzen zuten, eta elkarri egiten zioten irain, kalearen alde banatatik. Horra hor ohitura berria bezain zuztarbakoa.
Mammo Rokkok, giza kirtenkeriaren erakustaldi harekin nahikoa zuela pentsatuta, alde egitea ebatzi zuen. Espazio-ontzirantz zihoala, giza aldra ulularia inoiz baino pozago zegoela barrundatu zuen. “Oso hunkigarria da hemen egotea, elkarri laido egiten. Zuek, kanpotarrok, ez duzue ohitura hau ulertzen, baina guretzat urteko egunik garrantzitsuena da”. Horixe esan zion emakume batek, malkoak begietan.
Behin espazio-ontzian, tximista laintxe urrundu zen handik. Lurraren bolari azkenengoz begiratu zionean, “agur, betiko agur” esan zion. Izan ere, bazekien justu handik galaxiako autopista berria egitekoak zirela, eta horrek, ezinbestean, Lurra suntsitzea ekarriko zuela. Gizaki haiek guztiak handik urte gutxitara hilko ziren, denak segundo batean, konputagailu batek Lurra birrintzeko agindua ematen zuen unean, hain zuzen ere.
Ez zen asko galduko.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: