mahaitasun

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-12-18 23:51

Etxegintzan, bada ohitura bat: teilatua jartzean, etxe aurrean lore sorta bat edo bandera bat ipintzen da, eta bazkaria edo afaria egiten. Jataldi hori izendatzeko hainbat berba erabiltzen ditugu: monjor, bizkar besta, trapale, alboroke, teila-afaria, galdor-festa... Bada, abendua da urtearen eraikinaren teilatua, eta hori aitzakia ederra da sekulako jatazoak egiteko.

Abendua tripakaden hila da. Jalekeriaren zalekeria nagusi. Edozein aitzakia omen da ona: enpresako oturuntzak, Gabonen inguruko jan-edan amaigabeak… Intxaur-saltsa galanta gero! Badirudi urte amaieran gure gorputzak negu hurbilerako prestatu behar ditugula eta horretarako modurik onena gantzez hornitzea dela. Kontua da maiztu egiten dugula mahaiaren inguruan egiten dugun erritual pagano-erlijioso hori. Mahaitasun handia dugu, hots, mahairako grina handia. Mahaiaren bueltan osatzen dugu geure bizitza. Inoiz baino mahainahiago bihurtzen gara: tripazorriek tripa-festa egiten duten garaia da. Orritsa irrits. Abendua, Ok Aroa.

Eta handia da gero! Behin Gabonak igarota, badirudi damutu egiten garela eta hainbeste sabel-festatan pilatutako koipeak atximurka egiten digula kontzientzian. Orduan hasten da Dieta Aroa. Urte berrian, zaharrak berri.

MAHAITASUN: mahaian jarri eta sekulako tripakadak egiteko maitasun grinatsua; mahaiarekiko maitasuna.

 


Utzi iruzkina: