Luis Larrearen hiru ahaleginak inurri bihurtzeko

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2024-05-23 12:37

Luis Larrea dohakabea zen Metamorfosia irakurri zuenetik. Sentsazioa zuen Kafkak ideia lapurtu ziola, hau da, pertsona bat zomorro bihurtzea bere asmazioa zela. Jakinda Luis Larrea Kafka hil eta 30 urtera jaio zela, absurdoa litzateke lapurketaren ideia hori zentzuzkoa izatea, baina Luis Larreak gotorki sinisten zuen ideiak kometak bezalakoak direla, espazioan nabigatzen diren objektu gaseosoak alegia, eta gas hura berari zegokiola eta ez Kafkari. Hots, ideia distiratsu hura Kafkaren burura jaustea bidegabekeria kosmikoa izan zela, eta, ondorioz, Metamorfosia eleberriaren benetako egilea bera izan behar zela, eta ez Kafka.

Kaltea egina zegoenez, erabaki zuen Kafkak liburuan idatzitakoa fikziotik errealitatera ekartzea. Lapurtutako gasa solido bihurtzea izango litzateke hori, eta horri esker Literatura Nobel saria emango ziotela espero zuen, edo, hala ez bazen, Kimikakoa. Hori lortzeko, aldizkako barauak egitetik afari astunak egitera pasatu zen, amesgaizto latzenak eragin nahian. Dilista platerkadak jaten zituen, esne kondentsatuaz nahasturik, edo hiruzpalau pisuko hanburgesak, su-detektagailua erotzeko moduko piperminez erruz hornituak. Gustuko emaitzarik lortzen ez zuenez, hirugarren astetik aurrera gehiegikeria gastronomikoa areagotzea erabaki zuen, eta hanburgesetako pisuetan Koraneko eta Bibliako orrialdeak eransten hasi zen, plaga biblikoak aipatzen zituztenak adibidez, eta dilistei traktoreentzako olioa botatzen zien. Bosgarren astean ispiluaren aurrean jarri zen, eta telebistako dokumental baten aurrean zegoela begitandu zitzaion. Ez zekien aurrean zuena letagin bako mortsa bat zen, baina hor-hor. Haren aldean, sumo-kirolariek Beltxargen Aintzira balleteko dantzari lirainak ematen zuten.

Huts egin zuen lehen ahaleginean: berak inurri bihurtu nahi zuen, ez haragi-meta. Estrategia aldatu beharra zegoen, eta, pantagruelismoa bazterturik, garai bateko aldizkako barauak etengabeko bihurtu zituen. Plazer gastrikoei ez eze, bestelakoei ere uko egin zien, pentsaturik bere gorputza oinazetzea zela zomorro bihurtzeko bidea. Eskulangintza eten zuen adibidez, horixe baitzuen sexu-plazergintzaren baliabide soil eta bakarra baina sarri praktikatzen zuena, halako grinaz ze astean behin joan behar zuen fisioterapia-saioak jasotzera. Hain zuzen ere saio horietan kentzen zioten dirutzaz gorputza hilduratzeko tresnak erosteari ekin zion: zilizioak, zartailuak, mozalak, elektrokitzikagailuak... Erosotasun oro baztertu zituen, eta iltzez betetako hilkutxa batean ematen zituen gauak eta egunak. Autoelikaduraz bizi zen, gorputzak isurtzen zuen oro birbaliatuz. Esan zitekeen munduan egundo lortu gabeko autarkiaren kasu gorena bihurtu zela.

Baina kale egin zuen bigarren ahaleginean ere: ispiluaren aurrean jarri zenean ez zuen inurririk ikusi, eta bai izaki ezdeus bat, begirada galdua zuena, Franz Kafkaren argazki zaharretan ikusten zuen hura. Zomorro barik, gosearen artista frustratua bihurtua zen. Baina ez zuen etsi nahi. Bere helburua ez zen Franz Kafka bihurtzea, haren pertsonaia baino. Hortaz, hirugarren ahalegin bat egin behar zuen, behin betikoa.

Iritsia zen momentua erabaki sendoak hartzeko: drogetara jo zuen. Gogoan zituen gaztetako egunak, zeinetan ohikoa zuen mahastigintza ohoratzea eta oheratzea, zeren Bacoren estatuatxo bat zuen ohe-mahaian eta ardo-botilen bilduma erraldoia ohepean. Ardankoitasunari esker idatzi zituen bere lehen poemak, oraindik ohe-mahaiko tiradera batean pilatuta baitzituen, hildakoan Max Broden bat argitaletxeren batean erreko zituelakoan. Baina ardoa ez zen nahikoa izango inurri bihurtzeko. Tetrahidrokanabinolaren laguntza beharko zuen, eta, horretarako, Ebroko Erriberan haluzinagarrien salerosketan aritzen zen adiskide bati eskatu zion marihuana metakada onena bidal ziezaion. Hala pasatu zituen hurrengo bi hilabeteak, Arabar Errioxako isurkariak eta Andosillako errekariak gartsuki kontsumituz. Horrek bere sormena kitzikatu zuen, halako moduan ze ohe-mahaiko tiradera guztiak ez eze ohapeko ardo-botila hutsak ere poemaz eta ipuinez bete baitzituen, Literaturaren olinpoko Toxikomania sailean toki aparta izango zutenak.

Eta kitzikagarrien kontsumoak galaxia urrunetako mugetatik askoz haruntzago eraman zuen egun batean, hain zuzen ere poema hau idatzi zuenean

        Atera zen kaiolatik txori bat

                                eta

                                       askatasunaren estutasunez

                                                                              alpistea asmatu zuen.

erabaki zuen ordua heldu zela errealitateari aurrez aurre begiratzea, eta ispilu aurrera joan zen.

Orduan ikusi zuen hirugarren ahaleginaren emaitza: han aurrean hartz inurrijale bat zuen begira.

 

Bernardo Kapanaga

 

 

 


Utzi iruzkina: