Lucille Whelan
Lucille Whelan, zarata hura entzunda, ohean kiribildu zen. Bainuontziko iturritik jausitako ur-tantak zirela pentsatu zuen. Baina ez, ezin zen izan: hots errepikatu hura lehorregia zen. Beste aukera batzuk aztertu zituen: hoditeriak eragindako zarata izan zitekeen, edo parketeko oholen baten krakada, edo txarto itxitako leiho-ateren baten takatekoa. Aukera guztiak baztertu zituen. Bakarrik bizi zen, eta horrek susmo txarrena hautatzera bultzatu zuen: norbait dago hor, etxe barruan.
Pentsamendu hori
suge baten antzera irristatu zitzaion bizkarretik. Atezuan zegoen, lehoiaren
begirada gosetia usnatzen duen harrapakinaren antzera. Zarata berriro entzunda,
ez zuen zalantzarik izan: norbaiten urratsak ziren.
Ez zen altxatu
baina. Sentitzen zuen beldurra solidoegia zen horretarako. Zirkinik txikiena
egiteko ezgauza, hantxe gelditu zen, izararen azpian, zurt. Beldurra uxatzeko
edo, zera pentsatu zuen: zarata hori ez
dagokio errealitateari, ezpada ametsari. Oraindino itzarrik zegoen arren,
entzuten zituen urrats haiek ametsezkoak zirela erabaki zuen. Horrelaxe
kontsolatu zuen beldur eskerga hura.
Eta kontsolazio
haren besoetan kulunkaturik, loguraren olatuak sentitu zituen Lucille Whelanek.
Begiak kanika astunak ziren, pixkana-pixkana errealitatearen ertzak desegiten
hasi ziren, bazetorkion loaren mareagora. Handik lasterrera, haren arnasa
ametsetan hasi zen nabigatzen.
Eta, hala ere,
zaratak han zirauen, etxe barruan, gero eta hurrago.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: