Lucas Valdes

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2010-03-30 16:26

Lucas Valdes zine-areto hutsean sartu da. Goizegi ailegatu dela pentsatu du, eta denbora izango duela lo-sumatxoa egiteko. Eta, txarteltxoak adierazten dion ilara eta butakara joanda, bertan jesarri eta lokartu egin da. 

Amets egin du zine-areto batean itzartu dela. 


Altzoan duen poltsatik libreta beltza atera eta idazten hasi da: “Oraindik askotxo falta da filma hasteko. Bakarrik nago. Denbora ematearren edo, pantailari begiratu eta irudikatu dut bertan harrapatuta nagoela. Handik, hamaikagarren ilaran libreta beltz batean zerbait idazten ari den horri begira geratu naiz. Aurpegiari begiratu diot. Libretatxoari begiratzen dio, eta, tarteka, begiak altxatu eta niri begiratzen dit. Urduri dagoela ematen du. Idazten ari dena irudikatu dut: 

“Minutuak aurrera doaz, eta oraindik bakarrik nago. Ezin dut pentsamendu arraro bat uxatu; bueltaka ari zait, saiak zeruan bezala: bat-batean, ezin jakin nola, mundua desegin egin dela bururatu zait, zine-areto honetatik kanpora ez dagoela ezer, leize amaigabea besterik ez. Pentsamendu horrek urduri jarri nau. Agian, ihesbide bakarra butaka honetatik altxatu eta pantailan sartzea da, pantailan desagertzea. Dagoeneko ez dakit errealitatea ni naizen ala pantailaren barruan irudikatu dudan beste ni hori, oraintxe bertan begira dudana. Iruditzen zait zerbait esan nahi didala. Ezpainen mugimenduei erreparatu diet: 

“Filma amaitu egin da. Altxatu eta joan zaitez etxera, desorduak arriskutsuak baitira. Begira zer pasatu zitzaidan niri: zure moduan, behin zine-areto huts honetara sartu nintzen, oso goiz. Baina loak hartu ninduen, eta, handik aurrera, ezin jakin nola, gauzak okertzen hasi ziren. Ez dakit, beharbada madarikazioren bat da, zine-areto batean lotan geratzeagatik. Kontua da orain hemen nagoela, pantailan harrapatuta, eta zu hor, butakan, arriskuan. Utzi idazteari, eta zoaz! Ez al didazu entzuten? Zer ari zara idazten orain? Eskuak dardaraka dituzu. Boligrafoaren mugimenduei erreparatuta, erraza da libreta beltzean zer ari zaren idazten asmatzea: 

“Ikaratuta nago. Zergatik ez dator inor? Filma hasita egon behar zen honezkero. Haluzinazioa ote da hau guztia? Begiak altxatu eta pantailan neure burua ikusi dut. Altxatzeko esan dit, alde egin dezadala. Zer edo zer arraroa sumatu dut haren bisaian: aurpegiaren lekuan erloju bat du. Iratzargailua dirudi. Eta orratzen lekuan bi suge-landara daude. Ni ikusi eta izututa alde egin dute aurpegitik. Iratzargailuak jo egin du orduan. Zarata jasanezina da. Bat-batean norberaren bizitzan zabalik utzitako komatxo guztiak ixtea bezalako sentsazioa izan dut: ” ” ”. 

Butakatik altxatu eta kalerantz joan da Lucas Valdes, zorabiaturik. Desorduaren inpresio latza sentitu du, urdailean musker bat zurrungaka balu bezala. Kanpoko atera iritsi da. Haizea behar du, haize freskoa, zorabio hura desegiteko.  

Orduan, atea zabaldu eta hauxe ikusi du: 
 
 
 
 
 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: