lotiliko
Berba polita da lotordi. Loa bat-batean eteteak sortzen duen sentsazio desatsegina da lotordia edo lo-mozkorra. Momentu horretan, ez dakizu seguru itzarrik zauden ala ametsetan. Eta, mozkorra aipatzen hasita, denok dakigu loa eragiten duela. Alkoholak, aldi neuforiko horren ostean (neu naiz onena, neu, neu, neu…), loguratu egiten gaitu. Edari etilikoak lotilikoak dira. Lozkortu egiten gaituzte. Baina badira beste gai lotiliko batzuk: irakasle batzuen azalpen gogaikarriak, telebistako makina bat programa, irakurtzeko agindu dizuten eleberri jasanezina, bazkari astun sabel-haurdun uzten gaituzten horiek, derrigor entzun behar duzun meza kilometrikoa, denok daukagun senide gogaikarri horren grazia ustelezkoak, museoko gidariaren disko marrantatua… Eta maitasuna. Hori izan ohi da gairik lotilikoena (batzuen ustez, mozolotikoena). Maiteminduta dagoenaren zentzuak loak harturik egoten dira, marmota eginda, lozkortuta; harentzat maitemina lotilikoa da, ez baitu besterik ikusten ez sentitzen. Munduan ez dago besterik haren neska edo mutil maitatua baino. Zorionez lozkor horrek ez du aste asko irauten, eta izar distiratsua zirudien hori benetan den bezalakoa ikusten hasten gara. Izar distiratsua izatetik planeta arrunt izatera pasatzen da (edo, auskalo, batzuetan asteroide patata itxurakoa). LOTILIKO: loa eragiten duena. LOZKORTU: logurak erreta egon, hain loguraturik ezen mozkortuta lez sentitzen zaren.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: