lotania / koranpilatu
Erlijioak hitz asko eman dizkio euskarari. Kristok berak ekarpenak egin dizkigu: kristoren pare pasatu dugu; zer kristo ari zara esaten?; kristorenak esan dizkigu… Baina badira espresio gehiago, beste hitz batzuekin: ederra sermoia bota diguna!; ez dago kristaurik hau ulertuko duenik; zer jaungoiko pasatu zaizu?; jaungoikoak daki ama birjinaren berri; eta abar, eta abar. Geuk ere ekarpentxoa egin behar dugu. Uste dugu gaur proposatzen dugun ezberbaren esangura kristaulinoa dela. Gogora ekartzen digu Fray Pitillo. Abade hark, ebanjelioa irakurtzen zuenean, bazuen ohitura bitxi bat: berbaren batean trabatzen bazen, txarto ahoskatzen bazuen, geratu eta berriro hasten zen hasieratik. Jakina, ez zegoen ama birjinaren semerik hura jasango zuenik. Guzti-guztiak lo geratzen ginen erretolika amaiezin harekin. Hura, letania barik, lotania zen (letalnia ez esatearren…).
Badugu beste ezberba bat, Fray Pitilloren gaitza ondo azaltzen duena: koranpilatu. Jende asko koranpilatzen da: doktrina edo ideologia modu hertsiegian irakurtzen denean, arriskua dago zentzugabekerian edo itsukerian erortzeko. Eta horrek berdin balio du Koran, Biblia zein Konstituziorako. Garrantzitsuena distantzia da, irakurraldiak gure sena eta zentzua katramilatu ez ditzan.
LOTANIA: letania amaiezin eta lo-eragilea.
KORANPILATU: irakurraldian trabatu. Zentzu zabalagoan, doktrina edo ideologia batek zentzu ona itsutu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: