lorojakile
Sasoi baten, gure lagun-taldean honako eztabaida hau izaten genuen: gutako batek batzuetan egunkarietara bidaltzen zituen artikuluak ea berak eginak ziren ala beste batek idazten zizkion. Artikulu horiek beste batek egindakoak zirela ziotenek zera argudiatzen zuten: “Ezin ditu hain artikulu onak idatzi”. Zalantzan zeudenek zera erantzuten zuten: “Baina harenak balira, zuek ukatzen diozuen gaitasun intelektualaren jabe dela frogatuko litzateke”. Eta zer esaten zuten artikuluak harenak zirela pentsatzen zutenek? Tira, egia esateko, inork ez zuen ahoa zabaltzen haren alde. Horrek ez du esan nahi aldekorik ez zuenik; bakarrik egiazta dezakegu haren apologista guztiak isilik zeudela, eta, izatekotan, pentsamenduan baino ez zirela haren defendatzaileak. Edozein modutan ere, auzia ez zegoen garbi: baliteke artikulu haiek guztiak lagunarenak izatea. Eta, duda-mudak duda-muda, bazen kontu argi bat: artikuluak onak ziren.
Hori ez da gertatzen gaurko ezberbak deskribatzen dituen pertsonahiekin. Bai, ondo irakurri duzue: pertsonahia. Alegia, pertsonaia izan nahi dutenekin. Kosta ahala kosta ospetsuak izan nahi dute, baina zer dira benetan?: xelebreak! Eta txarrena zera da: horietako batzuk benetan famatu bihurtzen direla. Esan daiteke ez dutela etxerik edo haien etxea telebista dela, bertako albistegietan ikusten baititugu gosarian, bazkarian eta afarian. Ederra bihotzerrea eragiten digutena!
Egunotan, horrelako pertsonahi batzuen inuzentekeriak jasan behar izan ditugu, Donostian egin den konferentzia dela-eta (horiek, adibidez, kapaz dira idazki honen terrorismotasuna aldarrikatzeko, parentesi aurreko bi berbak irakurrita, eta Kofi Annan eta enparauak proetarrak direla salatzeko, parentesi aurreko hiru berbei erreparatuz gero). Zer esan dute? Esateko esan diotena. Ezin da konparatu lehen paragrafoan azaldu dugun gure lagunaren kasuarekin. Hark (hari) testu onak idazten zituen (zizkioten). Telebistako pertsonahi horien diskurtsoek, berriz, ez dute ezta kea egiteko balio. Ondorioak, beti txarrak: edo diskurtsoak idazten dizkietenak oso txarrak dira, eta haiek panpina inozoak besterik ez, edo haiek badira idazleak, ergel hutsak dira (ergel beteak, hobeto esanda).
Pertsonahi horiek lorojakileak dira: uste dute dena dakitela eta egia absolutuaren jaungoikoak direla. Egia justu kontrakoa da: kirten galantak dira, txorimalo berba-merkeak, txotxongilo telegidatuak. Programatuta daude zuztarbakokeriak esateko. Zenbat eta astakeria handiagoak esan, orduan eta harrotuago egoten dira, gainera. Baina zer dira, azken finean? Loroak, esaldi batzuk buruz ikasi eta haiek behin eta berriro goitikatzen dituztenak. Baina zer harro dauden! Zer gustura erakusten duten kameren aurrean haien kaikukeria blindatua!
Aski da gaurkoz! Jar dezagun definizioa:
LOROJAKILE: ergel galanta, pertsonaia ospetsua izan nahi duen pertsonahi politikoa, betiko loro-diskurtso antzu berberarekin gogaitzen gaituena.
Ariketa: nor da argazkian lorojakilea?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: