Laura Lepisto
Laura Lepisto ikusten ari nintzen telebistan, etxean. Ez dakit zergatik, baina buruan sartu zitzaidan beraren alde egitea. Korear batek ei zituen aukera gehien irabazteko, baina niri Laura Lepisto gustatu zitzaidan. Pista gainean beroketak egiten zebilela, bat-bateko maitemintzea sentitu nuen: itsasbazterrean harrapatzen zaituen olatuaren antzera izan zen.
Izotz gaineko patinajea kirol ankerra da: aukera bakarra duzu. Ibil zaitezke mila ordutan entrenatzen, baina ordua heltzen denean akatsa ez dago onartuta. Beste kirol batzuetan hiru aukera dituzu; izotz gaineko patinajean, ez. Dena egin behar duzu ondo, eta lehenengoan.
Vancouverko Joko Olinpikoetako finala ari zen jokatzen. Tentsio handia igartzen zen: aurreko patinatzaileak ez ziren fin aritu. Laura Lepisto hantxe zegoen, programa laburrari ekiteko prest. Europako txapelduna zen patinatze artistikoan, eta horrek adorea eman zidan. Tira Laura, suntsitu korear hori!, esan nion neure besaulki laranjaren erosotasunetik. Eta, oraindino konfiantza horri gehitxoago eustearren, dangada bat kendu nion pirrikiari (destornilladoreari horrelaxe deitzen diot).
Nire finlandiar gaztea zisnea iruditzen zitzaidan. Zein dotore mugitzen zen izotz gainean! Oso lasai zegoela ematen zuen, beraren bularrean bihotzaren sistole eta diastoleen musika leitua balego legez. Oso ondo, bihotza, ez dago zu langorik!, esan nion telebista barruko figura estilizatuari. Hain ondo ari zen…
Eta, bat-batean, akabo dena: lurrera erori zen, toeloop hirukoitza egiten saiatu zenean.
Orduantxe joan zen argia, nire finlandiarra lurrera jausi eta batera.
Argi madarikatua!, deiadar egin nuen, ernegaturik. Ia ordubete egon nintzen ilunetan. Tamalez, hori ohikoa zen egun haietan gurean (hori esaterik badago, bakarrik bizi naiz eta). Baina, justu orduan joatea ere! Pirrikiari dangada luzea egin nion, barruko amorrua sosegatzeko. Alferrik. Ezin jakin zer pasatu zitzaion Laura Lepistori. Biharamunean jakin nuen, Interneten bidez, hamargarren postuan geratu zela. Eta irabazlea, korear betilehen hura…
Hor amaitu zen dena. Atzo arte.
Atzo txirrina jo zuten, soilik ezezagunek egin ohi duten modu horretan. Atea zabaldu eta andre-gizon bi ikusi nituen, oso dotore jantzita. Hara zer etorri zitzaidan burura: Espediente X telesaileko bikotea dirudi.
—Egunon, jauna. Fermin Usabel zaitugu?— galdetu zidan gizonezkoak.
Gezurra esatekotan egon nintzen: banituen bizpahiru trafiko isun ordaindu barik, eta auskalo nortzuk ziren morroi haiek. Emakumearen begien distira berdeak desarmatu egin ninduen, horratik.
—Bai, horixe da nire izena. Aurrera, mesedez.
Etxe barrura sartu zirenean, ez nuen batere dudarik izan: detektibeak ziren. Ikertzaileek ohi duten begirakune zolia zuten. Begirakunea, eta harira joateko modu zakarra.
—Otsailaren 25ean argia joan zen zure etxean, ezta, Usabel jauna?
Emakumearen ahots limurkorrak beroikara sentiarazi zidan. Bazekien, bai, gizonak zelan tratatu. Baietz erantzun nion, Vancouverko Joko Olinpikoak ikusten ari nintzela, izotz gaineko patinajea, eta orduantxe geratu nintzela ilunetan.
Gizonezkoak zorrotz begiratu zidan.
—Usabel jauna, uste dut polizia-etxera lagundu beharko diguzula. Laura Lepistoren desagertzeaz zer dakizun argitu beharko diguzu.
Momentu hartan hasi zitzaidan errealitatea lausotzen. Seigarren pirrikiarekin sentitzen dudan sentsazioak hartu ninduen. Errealitateari eutsi guran, hura zer adarjotze mota zen galdetu nien.
Berba gutxitan azaldu zidaten: nire etxeko argia kendu zuten segundo hartantxe, Laura Lepisto desagertu egin zen Vancouverko pistatik. Eta, harrezkero, inork ez omen daki non dagoen.
Nire protestek ez zuten askotarako balio izan. Esan zidatenez, toeloop hirukoitzaren ostean jausiaz batera, pistatik desagertu egin zen, glaziarretako arrakaletan amiltzen diren mendizaleen antzera. Eta, hala ere, munduko telebista guztietan beste zer edo zer ikusi zuten: Laura Lepisto altxatu egin zen, altxatu, eta saioa amaitu egin zuen. Baina, han, zuzenean, Vancouverren, pista gaina hutsik geratu zen.
Esan nien ikusia nuela Interneten hamargarren postuan amaitu zuela. Ea zelan demontre azaldu behar zidaten hori.
Antolatzaileen kontua izan zela erantzun zidaten: gertaera ilun hark Neguko Olinpiadei kalte egin ziezaiokeenez, misterio hura estali beharra zegoela erabaki zuten.
Ez dakit zergatik, baina orduan Ilargiaren kontu hura etorri zitzaidan akordura: Armstrongek benetan zapaldu zuen gure satelitea, ala hura guztia amarru hutsa izan zen, askok dioten moduan?
Etxeko argia berriro joan zedin desiratu nuen. Pentsatu nuen argiarekin batera, agian, Espediente Xetik etorritako ikertzaile haiek desagertuko zirela eta ohean itzartuko nintzela. Hark amesgaiztoa izan behar zuen, bai horixe!, amesgaizto bat besterik ez.
Baina argiak han jarraitzen zuen, temati, bonbillaren barruan, eta eguzki txiki baten lotsagabekeriaz begiratzen zidan.
Ordurako, fikzioaren errealitate sentitzen nintzen.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: