lanorexia
Esan dezadan argi: inorentzat lan egitea prostituzioa da. Bai, prostitutek sexua saltzen dute dirua lortzeko, baina zer egiten dugu besteok? Bizitza saltzen dugu, eta, askotan, baita duintasuna ere. Neu ere urteetan prostituitu naiz, baina egun batean hordagoa jo behar nuela erabaki nuen. Ugazabaren bulegora joan eta soldata igotzeko eskatu nion. Kobratzen nuena halako hiru. Behin prostituituz gero, ahalik eta diru gehien lortzen saiatu behar da.
—Eta zergatik igo behar dizut soldata? —itaundu zidan ugazabak, irribarre ironikoa ezpainetan.
—Argi esango dizut: enpresa handi bik kontratatu nahi naute. Haien eskaintza berdintzen ez baduzu, alde egingo dut.
—Eta zein dira enpresa horiek, jakiterik badago?
Kartei begiratu nien. Banekien hordago ustela jotzen ari nintzela, baina berandu zen atzera egiteko.
—Ogasun ministerioa eta Polizia.
Hura nire azken lan-eguna izan zen enpresan. Handik aurrera, kale gorrian geratu nintzen. Orduan konturatu nintzen zein polita den kolore gorria: lan egitea esklabotza mota bat da, eta orain askea naiz.
Orain nahi dudana egiten dut. Eta gauza bat argi dut: ez dut lan egiteko gogorik. Lanaren anorexikoa naiz, edo, nik esaten dudan moduan, lanorexikoa.
Lanorexikoen kopurua gora eta gora ari da. Bai, badakit horietako gehienak behartutako lanorexikoak direla, enplegu bila ari dira eta. Ni, ez. Nik ez dut lanik egin nahi. Kartzelan egonda, nork bueltatu nahi du kartzelara?
Armada deserosoa osatzen dugu lanorexikook, zonbi bizidunok. Izurri berria gara produkzio-sistematik kanpo geratu garenok, etxe bakook. Sistemak ez daki zer egin gurekin. Itsusiak gara, zikinak. Eta arriskutsuak. Badakizue zergatik? Ez daukagulako zer galdu.
Oraindik esklabo zaretenok eskuak eta ahoak lotuta dituzue. Lana behar duzue hipoteka ordaintzeko, publizitateak beharrezkoak direla sinetsarazi dizkizuen produktu horiek guztiak erosteko, eta (are okerragoa dena) “errealizaturik” sentitzeko. Sinetsarazi dizuete lana eskubidea dela. Lana behar bihurtu dute. Eta, horrela, gizartea lotuta daukate. Loak harturik. Horren adibidea da loteria. Zer da, benetan? Botereak asmatutako amarrua (loteria = lo uzten gaituen eria). Gizartea lotuta dago, lo. Horregatik egin dute porrot iraultza guztiek.
Nik benetako iraultza aldarrikatzen dut: atera ezazue banketxeetatik diru guztia. Utzi denok batera lan egiteari. Ea zer gertatzen den. Imajinatzen duzue lurrikara handiagorik?
LANOREXIA: lan egiteari uko egitea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: