langale
Gaur, maiatzak 1, azken Langile Eguna ospatu da. Arrazoia? Langile bat bakarrik gelditzen delako eta inork ez dakielako non dagoen. Beste guztiak dagoeneko langabeak ei dira. Hortaz, datorren urtetik aurrera, Langale Eguna ospatuko da, hau da, langale diren langabetuen eguna, nahiz eta zer ospatu gutxi izango duten. Eta sasiospakizun horri izen hori emanda, hain erabilera murritza duen –gale atzizkiari arnasa emango diogu, ezberba bat oparituta.
Dakigunez, -gale atzizkia beharrizan fisikoekin lotuta dago (tugale, txizagale, kakagale, botagale, hazgale, logale, jangale, edagale…), baita emozionalekin ere (negargale). Sarriago erabili beharko genuke atzizki hori, gogo bizia adierazteko. Esaterako: larrutan egiteko premia duena larrugale da (eta zehaztasunetan hasita: zakilgale, alugale, uzkigale…); erretzeko gogoa duena, erregale (haxixgale, kalamugale, kokagale…); mozkortzeko irrika duena, hordigale (ardogale, vodkagale, guinnessgale…).
Era berean, negu euritsua igarota, eguzkigale izaten gara; gazteak, asteburua helduta, jaigale; hainbat emakume, haien fantasia erotikoen arabera, suhiltzailegale; presoak, kaleragale; suizidak, hilgale; pederastak, umegale… Eta lanean diharduen langile bakar hori seguru oporgale izango dela.
Behar fisiko eta psikikoetarako ez ezik, bestelakoetarako ere erabil genezake –gale atzizkia; adibidez, beharrizan ekonomikoetarako. Horretara dator, hain zuzen ere, gaurko ezberba: langale.
Noizbait norbaitek esan zuen lanak duintzen duela gizakia. Ez dakigu esaldi horren asmatzailea langilea ote zen. Seguru asko, enpresaburua izango zen, eta hauxe esaldia: inoren lanak duintzen du nire zakua. Edozein modutan ere, errealitateari jaramon egiten badiogu, gero eta gordinago mamitzen ari da beste esaldi hau: lanak duingabetzen du gizakia. Zera gertatzen ari da Indian bezala hemen ere: beharrak eraginda, gero eta jende gehiago prest dagoela gehiago (eta okerrago) lan egiteko diru gutxiagoren truke.
Langabetuak halako arraza madarikatua dira, lan-apurrak lortzearren edozer egiteko prest dagoen artalde galdua, odol ekonomikoaren egarriz edozein lan edozein baldintzatan hartzeko gertu dagoen zonbi taldea.
LANGALE: lanaren behar psikiko-ekonomikoa duen langabetua.
Zer sindikatuk egiten du langaleen alde?
Langaleak antolatuko balira, iraultza seguru.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: