laidorio

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-10-18 23:55

Agustin Paskual Iturriagak idatzitako Ipuiak hartan bada bat gure gaurko ezberba aurkezteko balio diguna: “Belea eta azeria”. Zer da kontua? Azeriak belea lausenguz itsutu zuen, ahoan zuen gazta berarentzat nahi zuelako. Laudorio faltsuen bidez engainatu zuen. Honela amaitzen da ipuina:

Lausengarien itza

duenak sinisten,

onelakoxe txalmak

ditu eramaten.

 

Kontuz, bada, laudorioekin! Xanpaina bezalakoak dira, eta zorabioa eragin diezagukete. Burura igo, eta mozkorra eragin. Laudorioak halako itsumendua eragiten badizu, galduta zaude. Laudatzailearen atzaparretan zaude: laster sartuko dizu tragaza. Begira nolako atsotitzak bildu zituen Gotzon Garatek:

 

Indarrari nausi zaio lausengu eztia. 7267

Losintxak errez sinisten ditugu. 9091

Zuriegia (losintxari) da pertsona ona izateko. 14436

Lapikoan koiperik ez, mingainean bai. 8796

Alabaziñoa (laudorioa) eurrien (aurrean) ta atzien saldu. 477

 

Zer pentsatu ematen du zerrenda horrek. Inori ez zaio gustatzen laidoa, baina laudorioa arriskutsuagoa izan daiteke. Laidoa zaplaztekoa da, belarrondokoa. Laudorioa, berriz, txalo-zaparrada. Baina erne! Txalo horiek gortzen bagaituzte, akabo! Gaztarik gabe geratuko gara! Izan ere, laudorioak, faltsuak badira, laidorio bihurtzen dira.

 

LAIDORIO: laudorio faltsua, zerbait lortzeko esaten den lore pozoitsua.

 

Chourioren esaldi bat amaitzeko, Jesus Christoren imitationea liburutik ateratakoa:

 

“Ecen guhurtcia handi bat da guigonen hitz vanoen mezpregatcea, eta syrena perillofen canta eftiei eta laufengu charmagarriei beharria tapatcea.”


Utzi iruzkina: