laburreta

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-12-20 23:57

Lehengoan eztabaida bat entzun genuen. Solaskide batek galdetu zuen ea zergatik izan behar duten funtzionarioek lanpostua betiko ziurtaturik, eta zera proposatu zuen: funtzionarioek enpresa pribatuetan lan egiten dutenen aldean dituzten pribilegioak kentzea (adibidez, kalera bota ahal izatea). Gu ez gara hemen funtzionarioak defenditzen hasiko, baina nabarmendu nahi dugu zer ezkutatzen den iritzi horren atzean: langile batzuek beste batzuek dituzten “abantailak” lortzeko borrokatu beharrean, kontrakoa eskatzen da: gu izorratuta bagaude, haiek ere izorra daitezela! Argiago esanda: etsaiak ez dira enpresaburuak edo agintariak, beste langile batzuk baino. Eta kontua da iritzi hori gero eta zabalduago dagoela gizartean.

Gizartean iritzi hori zabalduta, agintariek errazago murriztuko dituzte lorpen sindikalak eta herritarren eskubideak. Botereak ideia atzerakoiak irentsarazi dizkio gizarteari: murrizketak ezinbestekoak dira, eta lan-hitzarmenetan adostutakoak gobernuek dekretuz bertan behera utz ditzakete. Hona gobernuen estrategia zikina: murrizketen zerrenda bat mahairatzen dute, eta, ondoren, sindikatu otzanduekin negoziatzen hasten dira. Sindikatu hori horiek gizartearen aurrean garaile moduan agertzen dira, gobernuek proposatutako neurri murriztaile horietako batzuk tiraderan gelditzea lortu omen baitute. Eta zer gertatzen da benetan? Bada, lorpen eta eskubide batzuk galtzen ditugula (eta gainera, eskerrak eman behar dizkiegu gobernuei, hain eskuzabalak izatearren).

Gaitzerdikeria da gizartean zabaldu nahi duten sentsazioa. Modan dagoen aditza murriztu da. Krisiari aurre egiteko gerrikoa estutu behar da. Murriztu. Laburtu.

Baina guri ez digute ziria sartuko. Laburtu behar dela eta, benetan zera egiten digute: lapurtu. Lorpenak lapurtu, eskubideak lapurtu. Eta, gainera, denok haien aurka jarri beharrean, zera lortzen ari dira: gu geure artean mokoka ibiltzea. Gaurko ezberbak ederto salatzen du amarrukeria hori: laburtzeak, benetan, laburretak dira.

LABURRETA: langileen lorpen eta eskubideak laburtuta gobernuek egiten duten lapurreta legala.


Utzi iruzkina: