laberategi

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-11-15 23:48

 

Ezberbak sortzea ez da bakarrik gure psikolastoa. Kike Amonarrizi hartu diogu ezberba hori,  gaztelaniazko “paja mental” hura imantatuz asmatua. Guk beste bat sortu dugu Kikerenean oinarriturik: psikofardoa (erabil bedi psikolastoen multzoa adierazteko).

Diogunez, ez gara bakarrak ezberbagintzan. Gaurkoa azaltzeko dokumentazio bila ari ginela, hona zer harribitxi topatu dugun: terroirista. Tori ezberba! Baina lasai! Ez dauka erlaziorik Entzutegi Nazionalarekin, sukaldaritzarekin baino. Hain zuzen ere, tokian tokiko produktuetan oinarritutako sukaldaritza berria da eskola terroirista, eta terroir hitzean oinarritzen da (hitz horrek lurralde jakin bati egiten dio erreferentzia, eta, zehazki, haren nekazaritzaren produktu bereziei). Euskal Herrira etorrita, gure produktu berezi eta bereizgarrien artean terroir hitzaren lurrina duen behin terreña dugu. Bertako  behi arraza bat da (bos taurus), Gorbeia aldean, Enkarterrian  zein Arabako ipar eta mendebaldean zabaldu dena.  

Bai, jaun-andreok: behi terreña terroir mugimendu berriaren produktua da. Zorionekoak gu! Sukaldaritza terroirista da etorkizuna! Sukaldaritza molekularra iragana da!

 

“Eta zer arraio da sukaldaritza molekularra?”, galdetuko diguzue. Bada, sukaldea pipetaz eta nitrogeno likidoz betetzea. Sukaldari batzuek zientzialari bihurtu nahi izan dute, eta sukaldeari laborategi itxura eman diote. Sukalzientzia horren guru nagusiak Ferran Adriá eta Heston Blumenthal dira, eta zientzia fikzioa errealitate bihurtu dute. Haien errezetetan osagai bitxiak erabiltzen dituzte (titanio likidoa, zilar-hautsa…), eta sortzen dituzten jakiak hibridismoaren adibide dira (barraskilo-ahia, urdai-izozkia…).

 

Viktor Frankenstein etorri zaigu akordura, eta haren esperimentu eroak. Hildakoen zatikiak (gorpukiak?) hartuta, izaki biziduna sortu nahi izan zuen. Gastronomia molekularrean aritzen direnek ere, izaki berriak sortu guran, orduak eta orduak ematen dituzte haien laberategi probetaz beteetan, gastronomiaren jaungoikoak direlakoan.

 

Guri  dagokigunez, alferrik ari dira. Arrautzak patata frijituekin dauden tokian, utikan molekulak!

 

LABERATEGI: laborategi bihurtutako labea (hots, sukaldea).

 

Arzak laberategian dago, plater berri bat asmatzen.


Utzi iruzkina: