heriokoldar

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-11-21 23:59

Koldarrak ez ditu sekula bere krimenak aitortzen, zer galdu asko duelako. Agian pentsatzen du: ausarta banintz, nire krimenak aitortuko banitu, erraiak kiskaltzen dizkidan sugar hau itzaliko nuke, kontzientziak bakean utziko ninduke. Baina pentsamendu horri beste bat nagusitzen zaio. Mintzo boteretsuago horrek honelaxe esaten dio: ausardia horrek hil egingo zaitu. Krimenak aitortzen badituzu, dena galduko duzu. Kontzientzian pilatuta dituzun zabormendiak eguzkitara ateratzen badituzu, zureak egin du; hori eginez gero, gauza bat segurua da: zeure burua urkamendira daramazu.

Eta ideia hori nagusitzen zaio koldarrari. Zera pentsatzen du: kanposantua da ausarten konkista-lekua. Eta ideia horren atzean babesten da. Isiltasunaren gerizpetan.

Baina gerizpe horrek erraiak kiskaltzen dizkio. Ezin du gerizpe hori uxatu, ezin du etxeko ganbaran utzi, Dorian Grayk bere erretratua utzi zuen bezala. Ez, berarekin eraman behar du beti. Isilean, baina beti aldean. Eta isiltasun horrek garrasi egiten dio ariman. Gerizpe horren itzala luzea da, noranahi eta noiznahi jarraituko dio. Horixe da isiltasunak ordainarazten dion prezioa. Horixe da bizitza guztian konplitu behar duen kondena. Eta gerizpe horrek badu izena: kontzientzia.

Egia aitortzeak ekarriko dion kondenari izkintxo egin nahian, legeen eta manamenduen lapidazioa saihestu guran, koldarra ez da konturatzen beste kondena handiago baten amildegian jausten dela, beste harri pisutsuago bat eraman beharko duela tarrazka bizitza guztian. Isiltasunaren putzuan ezkutatzen dena, egiaz, bere burua hiltzen ari da. Eta erruaren harritzarra saman lotuta duela, amildegian behera doala, koldarrari behin eta berriro etortzen zaizkio hitz hauek gogora, ezinbestean: “Koldarrak askotan hiltzen dira haien benetako heriotza iritsi baino lehen”.

HERIOKOLDAR: heriosuhar hitzaren antonimoa.

Alferrik alde egingo duzu heriokoldar.


Utzi iruzkina: