Klaus Kummer
Klaus Kummer Guggenheim museora gonbidatu dute. Krisialdi baten ostean, tunelaren amaierako argia hasi da ikusten. Osaturik sentitzen da, berrindarturik. Sormenaren taupada sendoak sentitzen ditu buruan, eta irrikaz dago berriro ere mundua harritzeko: inoiz egin duen artelanik ausartena sortuko duela iragarri du. Ohi duen bezala, bakar-bakarrik arituko da. Inaugurazio-egunera arte, inork ez du sortze-prozesuaz ezer jakingo.
Bilbora heldu orduko, Elorrio izeneko herrira desbideratu da. Egun euritsua da. Neguaren hats leitua igar daiteke nonahi. Herrira helduta, aparkatu eta plazara abiatu da. Bertan, gizon-emakume batzuk ikusi ditu, eta haien artetik batek zirrara eragin dio. Zirimolaren antzeko zer edo zer igarri du bihotzean. Emakume gaztea da, liraina. Haren gorputzean oraindik senti ditzake nerabezaro urrunaren lorratzak. Taldearen atzetik joan da. Antzoki batean sartu dira. Hango langile batek esan dio koru bat dela eta ordubete barru kontzertua emango duela. Ondo etorriko zaio musika entzutea: maiz, sormenaren lehen txinpartaren eragilea izan ohi da. Baina batez ere neska hura ikusi nahi du oholtzan, distantziatik. Haren ezpainen bibrazioa igarri nahi du, haren bularraren mugimendua.
Aurkezleak abesbatza aurkeztu du. Txaloak. Hor dator! Neskak gatibaturik dauka Klaus Kummerren begirada. Badu zerbait berezia, taldeko beste neskengan ikusten ez duen grazia misteriotsu bat. Lurrin hordigarri baten antzera iristen zaio, iradokitzailea eta basatia aldi berean.
Kantatzen hasi dira. Abesti haien gozotasunean kulunkatu da, besaulkian behera irristatuta. Haietako batean, soprano bi aurreratu dira. Ahots ederrak dituzte. Hala ere, bi ahots haien azpitik beste bat entzun du, motelagoa, finagoa, baina mila aldiz xarmangarriagoa. Birjina baten ahotsa iruditu zaio, sekula edan daitekeen urik garbiena. Ahots haren bila hasi da, eroturik. Eta bai: bera da, jainkosa herabe hura! Haren bular nerabearen mugimenduan ezarri ditu begiak, haren ezpainen dardaran. Hantxe dago, begi-bistan, irudika litekeen eskulturarik ederrena, haragi bihurtua!
Kontzertuaren ostean, atzetik jarraitu dio. Beste korukide batzuekin joan da automobilean Durango deritzon herriraino. Halako batean, autotik jaitsi eta bebarru baterantz abiatu da. Klaus Kummer bizkor mugitu da. Furgonetatik jaitsi eta ateraino heldu da, itxi orduko. Neska igogailuaren zain harrapatu du. Irribarre lotsatia eskaini dio. Klausen bularra tinbal erotua da. Piztia bat nabaritu du erraietan bultzaka, baina eusten saiatu da: gozoa izan nahi du neska harekin.
—Kontzertuan egon naiz. Ahots zoragarria daukazu. Utzidazu neure burua aurkezten: Klaus Kummer naiz, eskultorea.
Neskari distira antzeman zaio begiradan, zeruan bat-batean dar-dar egiten duten izarrei bezala.
—Ezaguna egiten zait zure izena. Irakurria dut zuri buruzko libururen bat.
—Benetan?
—Bai. Artista handia zara. Bazatoz etxera, zerbait hartzera?
Neska haren begiradan sugar kiskaltzailea sumatu du. Eta ahotsa? Leizeren batetik datorren xuxurla umela da, eta umeltasun hark osorik blaitu duela sentitu du. Ulises etorri zaio gogora, eta itsaslamina haien kantu hordigarriak. Baina Klausek ez du mastarik ez sokarik bere burua lotzeko. Ahul sentitu da: lamina haren ahotsak atoian darama eskaileretan gora. Neskaren eskua sentitu du berean, eta ikara eragin dio haren hoztasunak. Lei-kandela iruditu zaio.
Etxean sartu direnean, Klaus Kummerrek ez du ezertarako astirik izan: neska gainera etorri zaio. Haren irriaren zirria nabaritu du belarrian.
—Benetan gustatzen zaizu nire ahotsa? Ba, nahi baduzu, kantatu egingo dizut. Gauero. Xerezade izango naiz zuretzat.
Puntuan, lamina kantuan hasi da. Haren ezpainetatik doinu eztia aireratu da. Nota haiek tximeleta-burbuilak begitandu zaizkio. Klaus Kummerrentzat droga lo-eragilea da ahots paregabe hura. Estonaturik miretsi du neskaren edertasuna: bizitzaz jantzitako maniki sorgindua dirudi. Gorputz mehe hark kristalaren hauskortasuna du, baina diamantearen antzera diz-diz egin du biluztu denean. Gainean paratu zaio, eta sugarren lizunkeriaz mugitzen hasi da. Ondoren etorri dena sumendi batean jaustea bezalakoa izan da. Hura zerua eta infernua izan da batera: mina sentitzeraino gozatu du. Basapiztia haren atzazalek urratuz bete diote bizkarra, haren haginkadek markaturik utzi diote iduna.
Pasioaren irakinaldian, Klaus Kummerrek, bihotza galopan duela, harentzat inoiz egin duen artelanik bikainena egingo duela agindu dio. Neskarentzat ez da nahikoa izan.
—Jainkosa bihurtu behar nauzu. Nire kantuak ez dezala amairik izan eskultura horretan.
Orduan isiotu zaio (dio) ideia: egingo duen eskultura kolosala izango da, sekula egin duen erraldoiena, ilargiaren misterio zurbilaz museoa betiko argituko duena.
Ideia haren bor-bor beroa buruan abiatu da Bilborantz, gauaren begirada izarratua lagun duela. Neska darama berarekin, betiko osperantz egingo duen azken bidaian.
Hiletan ibili da lanean, harria lantzen, ideia hari dimentsioak ematen. Sekula sentitu ez duen grinak gidatu du: unibertsoaren handitasuna sartu nahi du eskultura hartan, hasierako Big Bangera ekarri nahi izango balu bezala. Eztanda kosmiko haren oihartzunak barreiatu nahi ditu museoko horma eta sabaietara; haren erradiazioa betikotu egin dadila, neskaren ahotsaren durundiaren bidez.
Inaugurazio-egunean, Klaus Kummerren aginduz, Guggenheim museoa guztiz ilundurik ageri da. Kobazuloaren sentsazioa sortu nahi du: bisitariek inpresioa izan dezatela Lurraren erraietara barneratzen ari direla. Efektu hori areagotzeko, iluntasun erabatekoan tantak entzuten dira, balizko estalaktitek isuritako malko hotzak. Eta isiltasun haren baitatik ahots bat etorri zaie, galeria urrun batetik edo. Ahots urrun hark gidaturik egin dute aurrera, erradiazio haren bila.
Hurbildu ahala, ahots-hari hura zolitu egin da. Hasierako tanta urrun haiek xirripa bihurtu dira, eta gero, ibai zabal. Bisitariak ur epel haren ferekaz blaitu dira, eta, ibai gero eta sakonago hartan barneratuaz batera, ur-lasterrak ahots haren hizkuntza sekretua xuxurlatu die. Amaren umetokira bueltatzea bezalako sentsazioa izan da ilunetan dagoen aretora heltzea. Han ahotsak ilargi betearen handitasunaz egiten du distira: haren errainuak unibertsoaren taupadak dira. Itsasoan murgiltzea bezalakoa izan da.
Aretoaren iluntasunean lehen argi printza artelanean pausatu denean, emozio-eztanda batek xurgatu ditu bertan bilduak, lekurik eta denborarik gabeko sakontasunerantz. Ozeanoaren hondoan altxatutako eskultura ikusi dute. Hainbat gizairudi daude, elkarri eskua emanda. Eraztuna osatzen dute, eta osotasun hartatik ametsezko musika sortzen da, erradiazio kosmikoa.
Eraztun hartako eskultura bati argitasun berezia dario. Huraxe da unibertsoaren bihotza, edertasun guztien sorburua, ahots gardenaren iturria. Klaus Kummerrek bisitarien masaila bustiak ikusi ditu bere ezkutalekutik, eta berari ere ibaitu zaizkio begiak. Hain hurbil du unibertsoaren bihotza! Harriaren barruko espazio hutsean sentitu du neskaren eskuaren hotza, haren eskumuturreko zainen taupadak.
Eta pentsatu du ez dagoela mundu hoberik hiltzeko: bere itsaslaminaren kantuarekin batera joango da astiro-astiro amatatzen, iraungiz doan kandelaren antzera.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: