Kili-Kilimanjaro
Ba ei dago Afrikan, Kong mendikatean, mendi bat deitzen dena Kili-Kilimanjaro. Ez baduzu sekula entzun mendikate horren izena, esango dizut aspaldiko mapa batzuetan agertzen dela, esate baterako James Rennel kartografoak 1798an, Aaron Arrowsmithek 1802an eta John Carek 1805ean argitaratutakoetan, hurrenez hurren.
Mapa horien berri izan zuten zenbait esploratzaile europarrek Afrikara jo zuten, mendi misteriotsu horien bila. Bada, horietako bat Humberto Amantegi durangarra izan zen. 1856 urtean abiatu zen Afrikarantz, berak asmatutako ibilgailu batean. Esan daiteke ibilgailu hori bizikletaren eta autoaren arteko hibridoa zela: zurezko lau gurpil zituen, eta aldi berean eskuei eta hankei eraginez egiten zuen aurrera. Gehitu beharra dut asmakaria ez zela guztiz berea, zeren, jakin ahal izan dudanez, Humbertoren osaba baten ideia izan zen. Andres deitzen zen osaba, eta ohiko kidea izaten zen Larrasoloeta aldean zegoen otzaragile batzuen tailerrean egiten zen tertulian. Andres oso pertsonaia maitatua zen herrian, besteak beste tresnak asmatzeko zuen trebeziagatik. Agian horregatik, Durangoko da Vinci esaten zioten.
Tamalez, ez da gelditu ibilgailu horri buruzko testigantzarik ez erreferentziarik, ez bada Humbertok berak bere anaia Joseri idatzitako gutunean. Bertan kontatzen dio, orduko Durangoko euskaran eta narraziorako zuen berezko jasarekin, inori ezer esan barik abiatu zela Afrikarantz, berak sortutako ibilgailu batean. Egiten duen deskribapen xumea besterik ez dugu, baina seguru nago da Vincik berak inbidiaz begiratuko ziola asmakari horri.
Beste paragrafo batean iradokitzen duenez, senak gidatuta erabaki zuen bidaia arriskutsu hori egitea: batzuk Niloren abiaburuaren bila joan ziren era berean, bera euskararen iturriaren bila zihoala adierazten du, halako grina eroa erakutsita. Esaten dituenetatik antzeman daitekeenez, oker handirik gabe esan daiteke euskararen apologisten idatzien kontsumo konpultsiboak eragindako morokil mentala zuela koitaduak, eta, beraz, euskal kixote baten gisa abiatu zela, ez boluen kontra gudukatzera, ezpada euskararen jatorriaren misterioa argitzera.
Ez dakigu noraino iritsi zen Humberto bere asmakarian, ezin zehaztu ehun milia ala berrehun egin zituen, baina zer diren gauzak: ezaguna egin balitz, orain, agian, biziklauto izeneko ibilgailua erabiliko genuen, edo, zehatzago esanda, amantegi deituko genion, historiarako zepelin geratu den moduan Ferdinand von Zeppelinek asmatutako aerostatoa. Baina, zoritxarrez, bai amantegia, bai zepelina, ahanzturan eta baztertuta geratu dira garraiobideen historian.
Beste gutun batean, Humbertok diotso anaia Joseri aste bat eman behar izan zuela ospitale batean, aurpegian eta sorbaldan hartutako takateko latzaren ondorioz. Zilegi da pentsatzea amantegiaz izandako istripuak eragin zizkiola zauriak, eta biziklautoaren bizitza laburra hortxe amaitu zela. Horrez gain, ez dakigu zenbat gorabehera izan zituen bidaian, kontua da urtebete inguru behar izan zuela Kili-Kilimanjaroren magalera heltzeko, hurrengo gutunaren datari begiratuta.
Gutun horretan hango tribu bat aipatzen du Humbertok: begobegoak. Dirudienez, tribuko neska bat berarekin gustatu zen, eta desgogara handia eragin zion, ezin zuen eta gainetik kendu. Gutunean dioenez, Humbertok euskaraz egiten zion haserre, eta neskak baietz egiten zion buruaz, den-dena adituko balio lez. Ez dakigu zertzat jo zuten tribukoek, jainkotzat ala izpiritu dongetzat. Kontua da bertan bahiturik-edo izan zutela zenbait astetan. Edo ez, beharbada gustura egon zen, behin baino gehiagotan aipatzen baititu hango elikagaiak, hain modu gozatsuan ezen seguru nago ez zuena Erromako zesarren oturuntzen apetarik.
Zoritxarrez, gutunetako zenbait pasarte Irulegiko eskuko testua baino ulertezinagoak dira, zati batzuk zirriborratuta daude eta. Beste pasarte batzuk, berriz, batez ere azken gutunekoak, guztiz kriptikoak dira. Esan liteke tribu hartan drogaren bat kontsumitzen zutela eta Humberto hartara zaletu zela, eta, berez irudimen handiko gizona izanik, belarrararen edo dena delako haluzinogenoaren eraginez burua nahastu zitzaiola. Nahasmen horretatik uler daitekeen gauza bakarrenetako bat zera da, Kili-Kilimanjaroren aipamena. Anaia Joseri diotso begobegoen mendi sakratua dela. Egia esan, goitik behera eta ezkerretik eskumara aztertu ditut Afrikako esploratzaileen kronikak, eta behin ere ez dut irakurri mendi horren izena. Agian horregatik, batzuetan pentsatzen dut Kilimanjaro izan daitekeela, Afrikako mendi altuena, eta Humbertoren toteltasunak (seguru asko drogak eragina) idatzarazi ziola horrela mendiaren izena.
Baina sarritan gustatzen zait pentsatzea azken gutun horretan dioena egia dela, eta ez Humbertoren txantxa edo eldarnioa. Ni gizon serioa naiz, eta ez zait gustatzen gezurretan ibiltzea. Adibidez, sekula ez nuke esango frontoi batean zesta-puntako jokalari bat ikusi nuela behin zesta ezkerreko eskuan jarrita, mundu guztiak baitaki ezkertiek ere eskuman jarri behar dutela zesta. Ez, ez zaizkit txatxukeriak gustatzen: ezjakinen batek esaten badu ezkerreko eskuaz ere joka daitekeela zesta-puntan, mozolo galanta da, eta harrikoa egitera bidaliko nuke.
Tira, noan harira: begobegotarren kondaira aipatzen du Humbertok azken gutunean. Horren arabera, ezinezkoa da Kili-Kilimanjarora igotzea. Humbertok mendia deskribatzen du, eta, tamainari dagokionez, zera dio, Egiptoko piramide nagusiaren altuera duela, hor-hor. Beraz, Kilimanjaro baino zatia txikiagoa da, eta, hori horrela izanik, ezinezkoa da toteltasunaren teoria hori.
Eta oraintxe dator handiena. Humbertok dio mendiak botere magiko bat duela, hura igotzea galarazten duena: oinazpietan kili-kiliak eragiten ei ditu. Ikusten duzue? Euskarari esker uler daiteke bakarrik! Ez dakit zerk eragiten dituen kili-kiliak, hango hautsak edo belarrak edo auskalo zerk, baina kontua da Humbertok gutunaren azken esaldian zera dioela, euskararen jatorria Kili-Kilimanjarotik datorrela, eta euskararen apologistek ziotena egia bada eta euskara paradisutik badator, benetako paradisua han zegoela, begobegotarren lurraldean, eta ez Biblian aipatzen denean.
Zuen esku uzten dut hau guztia sinistu edo ez. Bakarrik geratzen zait esatea hamazortzi urte egin arte Australian bizi izan naizela, eta gutunak aititaren kutxa batean aurkitu nituela, Euskal Herritik munduaren bestaldera eraman zituen oroigarrien artean. Badira urte dezente Durangon bizi naizela, eta hara, zer diren gauzak, beste Humberto Amantegi baten laguna naiz. Batek daki Kili-Kilimanjarora biziklautoan joan zen beste Humberto haren ondorengoa ote den. Horrela dela gustatzen zait pentsatzea.
Roberto Bediaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: