kanpain-hots
Gaur gauean hasiko dira kanpain-hotsak. Elizen inguruan bizi direnekin gogoratu gara. Horiena bai sufrikarioa! Ez da batere gozoa kanpai-mihi konplexuaz bizitzea. Kanpaien kutsadura akustikoa jasateaz nazkatuta, kaltetuak protestan hasi dira. Hara zer dioen kanpai-hosmindu batek: “Ni Jainkoak ez nau kanpaikadaka iratzartzen parrokoari sudur-puntan jartzen zaiolako”. Guk zera erantsiko genuke: “Parrokoaren sudur-punta jar dezatela ezkila-mihiaren lekuan!”.
Kanpai-hotsak gogaikarriak dira, bai, baina gaur gauean hasiko diren kanpain-hotsak are nazkagarriagoak izango dira. Seguru. Hauteskunde-kanpainaren hotsez ari gara, jakina. Hautagaien ahotsez, preseski. Kanpai-hotsen kutsadura akustikoaren aldean, hautagaien berbotsak askoz ere arriskutsuagoak dira. Elizak zerua saldu nahi digu kanpai-hotsen bitartez, hil ondoko betiereko bizitza; Politikak, berriz, lurra saldu nahi digu kanpain-hotsen bitartez, zerua delakoan. Iruzur-oihartzunak sumatzen ditugu kanpai/kanpain-hots horietan guztietan.
Guk proposamen bat egin nahi diegu kanpai/kanpain hots horien egileei: kobratu mezatara joatearren; kobratu botoa ematearren. Bost euro edo. Orduan ikusiko genuke nor dagoen benetan interesaturik negozio horietan, nor dagoen ados kanpai/kanpain-hots horien mezuarekin, nork sinesten duen zinez Zeruko Jainko horrengan edo Lurreko jainkotxo horiengan. Eta abstentzioa lotsarazteko modukoa bada, utz dezatela negozioa. Utz diezazkietela kanpaiak eta kanpainak beste batzuei, beste mezu batzuk aireratzeko.
Gaur gauean hasiko den kanpainaldirako beste zer edo zer proposatu nahi dugu: auditoria. Agintzen dituzten guztiak ondo apuntatu behar lituzke auditore batek. Hitza betetzen badute, aitortza; hitza jaten badute, zigorra. Guk badugu bat pentsatuta: haien mihi gezurtiak kanpai-mihi bihurtzea.
Gu, badaezpada ere, saiatuko gara kanpain-hotsetatik aparte egoten. Soinu horiek errepikakorregiak dira, berdinegiak, aspergarriegiak. Nahiko buruko min dugu kanpandorreetako kanpaien hotsekin!
KANPAIN-HOTS: hauteskunde kanpainetan politikariek sortzen duten kutsadura akustikoa (zaborreria diskurtsiboa ez esatearren...).
KANPAIA JO / KANPAINA JO: alamena eman, laparda eman (dar la brasa, rallar)
Ez niri kanpaia jo!
A ze kanpaina jo didan!
Kanpairik ez! (= no me ralles)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: