kaltezismo

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2013-10-31 18:27

Batzuek diote eskoletan doktrinatu egiten dela, hots, irakasle batzuk jo eta ke aritzen direla ideia okerrak eta ankerrak zabaltzen inpunitate osoarekin, eskola-umeen ahultasun intelektuala baliaturik. Eta arrazoi dute. Begira, adibidez, zenbat neofrankista dauden komunikabideetan. Argi dago eskola frankistak ume gaixo haien burutxoak sistematikoki kolpatu zituela, eta, jakina, haietarik  ahulenek —adimenez urrienek— ideologia frankista katezismotzat hartu zutela. Eta txarrena zera da: ahuldade mental hori belaunaldi batetik bestera pasatzen dela. Genetikoa ote?

Fumigazio ideologikoaren adibide nagusia, berriz, urtero gertatzen da, eta horren froga udaberrian mamitzen da, neskatila eta mutikoak ilaran jartzen direnean bizitzako lehen hostia jatera (jaunartzea deitzen diote, eufemismoa erabilita). Atera kontuak: katekesiak master gogaikarriena baino gehiago irauten du. Segundo bateko hostia-jatea prestatzeko bi urteko doktrinatzea behar ote da? Hainbeste denbora behar dute abadeek Jainkoaren hazia ereiteko ala?

Bi urteko polinizatze erlijioso horrek ondorio latzak eragin ditzake: batzuk elizara bueltatzen dira! Edo, bestela, hemen zehaztuko ez dugun herri batean gertatu zena gerta daiteke berriro ere: umeek, katekesi gaindosiak gainditurik, hauxe pentsatu zuten:  Jaungoikoaren ordezkari zuzena apezpikua bada, hostia jan beharrean zergatik ez dugu jaten apezpikua bera? Kristoren gorputza du eta!

Pentsatu eta egin. Pikurik gozoena baino gozoagoa iruditu zitzaien apezpikua(rena).

KALTEZISMO: norberaren zaborreria ideologikoa barreiatzeko  egiten den saioa.


Utzi iruzkina: