Josu Jon Urdozietaren elelakartasuna

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2013-09-01 22:12

Josu Jon Urdozieta, gehiegikeria intelektualaren metaketa konpultsibo-kontsekutibo baten kariaz, halako eromen linguistikoaren baitan erori da, Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoaren laugarren edizioa amaitzeaz batera, prezeski.

Dadasagun egia (egia osoa): Josu Jon Urdozietak kultura-mendekotasuna nozitzen du. Kulturaren yonkia da. Hori frogatzeko, datu bat besterik ez: Euskal  Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoaren lau edizioak irentsi ditu, izen-abizen eta itxura desberdinak erabilita —baiki, mozorroturik joaten izan da Eskoriatzara, ezagut ez dezaten—, unibertsitate horretan arnasten den hiru gorringoko intelektualismoaren bikaintasunetan blaitu nahian.

Hain zuzen ere, blaidura plurikognitibo horrek eraman du Josu Jon Urdozietaren mintzagintza gorengo gradura, halako moldez non, edozein ekintza arrunt —hala nola taberna batean oliba batzuk eskatzea— berba-tsunami barrokoz eta goi-mailako argudiatzez eta jakiundez hornitzen baitu, goitikatze intelektual betean.

Ni, Josu Jon Urdozietaren lagunik putakumeena naizen hau, asteetan ibili natzaio ezkutuko grabazioak egiten, eta, haren mintzamoldearen jaukaltasunaz ohar zaitezten, lagin batzuk aukeratu ditut, eta haiekin diskurtso amaigabea osatzeko metodo xume bat paratu dut, zeina idazki honen ostean agertuko baita, euskaldun ororen euskarri intelektuala izateaz gain berbalapikogintza gizarteratzeko aukera emango duelakoan.

Metodo hori jarraiturik, astapitorik artolastoena ere jakitunkeriaren eta hitzontzikeriaren apostolu bihurtuko da, eta halako trebeziaz mintzatuko da, ezen  beraren entzuleriak erretorikaren olinpotzarrera aupatuko du.

Baina ohartarazi nahi dizuet trebakuntza hau arriskugarria gerta dakizuekeela, zeren eta gustua hartzen badiozue konturatu orduko zuen mintzaira zaramatika barrokoa bihurtuko baita eta esan beharreko sinpleena ere kalamatrika erdeinagarria bilakatuko baitzaizue, halako kardamusa azkengabea, hain zuzen ere.

Gaur egun Josu Jon Urdozieta gizaki lastimagarria da: elelakar bihurtu da, erran nahi baita ez dagoela jaungoikorik ere haren berbagintza ulertuko duenik, hots, haren mintzaira latza eta lakarra dela, eta ez hori bakarrik: azkenaldian erradioaktibitatea dasurkio haren mihiari, Fukushima inguruan detektatu denaren halako bi edo.

Eta eleradioaktibitate hori erraz kutsatzen da, ondikoz!, zeren horixe bera jazo baitzait niri ere. Lehengoan, adibidez, “txiza egitera noa” esan beharrean, zera jaurti nuen: “Giltzurrunek jariotako iraizketa-likidoa maskurian gainezka egiteko zorian dudanez, uretraren bitartez kanporatzera noa”.

Eta hori guztia, ohi dudan gisan, Usain Bolten abiadurarekin, noski.

Fermin Muguru S.A.


Utzi iruzkina: