Jose Garcia

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2009-01-19 13:04

Jose Garcia etxaurrean egoten da jesarrita, eta urrundik hain bizigabea ematen du, inguru guztira absentzia uhinak barreiatzen dituela ematen baitu. Aho parean ispilua jartzeko gogoa etor dakioke zintarrian geratu eta begira geratzen zaionari, bizirik ote dagoen egiaztatzeko. Nik badakit oraindik bizirik dagoela, eta hala ere lehenaldia erabiltzeko grina izaten dut berari buruz hitz egiten dudanean.  

“Bizitza nire etxe aurretik pasatu zen, eta alde egiten utzi nion”, esaten dit nigana hurbilduta, zigarroaren keaz bezala damu-eraztunak jaurtiz bere barrenetik. “Nire bizitzako malabarismoak pilotatxo bakarrera mugatu dira”, esaten dit, bere dortoka lako ahotsaz, eta horrelakoetan damu eraztunek berunaren esentziaz eginikoak dirudite.  



Jose Garciaren konfiantza irabazi dut. Bere ondoan pausatu eta isilik egoten gara denbora luzean. Eta halako baten, berbetan hasten zait. “Hauxe da nire ondarea.” Eta esku hutsak erakusten dizkit. Bere arrangurak letaniak legez errepikatzen dizkit, bizitzan alferrik galdutako aukeren zerrenda egiten dit, eta barne tragedia hori usteldutako janariaren hatsa da bere ahoan, pattar merkearen okada. “Gorpu-ehorzleek ere harroturik begiratu ahal dute kanposantuetan euren lanaren emaitza, lurperatutako hilotzei bisita egiten dietenean, irakasleek eskola umeen zerrenda errepasatzen duten eran. Baina zer egin dut nik? Nire fruituak plastikozko arboletakoak dira. Zinemetan linternatxoaz jendea bere jarlekura eramateaz inor ezin da harrotu.  Inork ez nau ezagutzen, nire aurpegiak ez du baliorik, linternaren argitxoa da balio duen bakarra. Eta orain hemen naukazu, linterna itzalia naiz, besterik ez.”

Egundo ez diot ezer esaten. Entzutera mugatzen naiz, baina badakit ez didala besterik eskatzen. “Alkoholikoen moduan gizaki arrunten terapia bilerak egingo balira, neu aukeratuko nindukete izaki erdipurdikoen buruzagi. Baina kasu horretan ere huts egingo nuke, arrunt izateari utziko nioke eta.” Esaten didan guztia buruan gorde eta paperera pasatzen dut etxean. Tiraderan gordetzen ditut paperok, desordenatuta, gizaki arruntei eta jenioei dagokien bezalaxe. Tarteka paper horiek irakurtzeari ekiten diot, euriak nire arima bustitzen duenetan.  

Gogoan dut bere umezaroko pasadizo bat kontatu zidan eguna. “Gizakientzat ez dago ezer debekua edo arriskua bezain tentagarririk. Ni ere horrelakoa nintzen umetan. Baina egun baten dena aldatu zen. San Martin elizaren ondoko pagadi ederrean geunden, bazkalondoan. Familia guztia, baita Venezuelatik etorritako izeba Mari Carmen ere. Sabel beteak ematen duen nagikeriapean geunden, gerizpetan, haize gozoaren kili-kilietan kulunkan. Amak esana zidan ez urruntzeko, sugeak kosk egingo zidala. Gurasoen egurra, beldurra. Laster ahaztu zitzaidan amaren debekua, horratik. Kakagura nintzen, eta pagaditik hara zihoan bidean txaka-txaka hasi nintzen. Oinen artean sugelandaren lasterkaldiak sentitzen nituen, eta horrek kakalarria areagotu baino ez zidan egiten. Bidea utzi eta sasi batzuen ostean gorde nintzen, euliei jaten ematera. Hesteak hutsituta, patxada ederrean nengoen, kaka-pilari begira, euliak noiz etorriko. Zenbatzen hasi nintzen, bat-bi-hiru-lau, aitita Andresek esana baitzidan hogeira ailegatu orduko euliak kakara etortzen direla, zortzi-bederatzi-hamar, eta beste baten esan zidan azeriek beti bide erdian egiten dutela kaka, horixe erabiltzen zuen aititak pertsona harro edo nabarmendu nahi zutenak izendatzeko, horrek hantuste horrek beti biderdian kaka, baina ezin izan nuen jakin aititak euliengatik esanikoa egia zen ala ez, hogeira orduko iritsi zena sugea izan baitzen, belar altuen artetik agertu eta ipurdian kosk egin zidana. Hor amaitu ziren nire bizitzako arriskuzaletasunak. Askotan pentsatzen dut suge hark sartu zidala beldurraren pozoia, eta harrezkero nire malabarismoak pilotatxo bakarrera mugatu dira.”

Bere etxaurrean jesarrita, Jose Garciari irribarre herabea marrazten zaio hurreratzen ikusten nauenean. Isilik egoten gara, albiste txar baten esperoan daudenen moduan. Baina halako baten berbetan hasten zait,  barne-zaurietako materia kanporatzeko, bere dortoka ahots horrekin, eta orduantxe arrunkeria, narrasti ilun hori, handik urrunera, oso urrunera migratzen da. Eta etxera bueltatuta tiradera zabaltzen dudan bakoitzean, Jose Garciaren linternaren argia distiratsuagoa da han barruan, jenioen lanparetan bezala.
 
 
 
Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: