Jimmy Sorvino

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2009-07-16 00:49

“Jimmy Sorvino, zureak egin du”, esan diozu zeure buruari lurretik, kamiseta odolez blaiturik sentitzen duzula. Ganibeta gurinean bezala sentitu duzu adarkada bularrean, zugana bueltatu eta panpina baten antzera altxatu zaituenean. Nondik agertu da zezena baina? Dena hain arin pasatu da! Ez zinen kale horretan sartu behar, ez sartzeko esan dizu ordura arte zurekin egon den neskak, oso arriskutsua dela, larregi edan duzula. Jaramon egin bazenio! Baina ez, zeuk eraman duzu haraino, musu eta zirri artean. Berak etxera eraman nahi izan zaitu, San Juan izeneko auzo batean dagoela esan dizu, bere gelan sartu eta lo egingo duzuela. Baina zu ez zara haraino lotara etorri, ez horixe. Gainera, larrutan egin ondoren, zertarako? Parke hartan egin duzue, zuk ohi duzun era basati horretan. Egia esanda, neskak eraman zaitu bertara, zu mozkortuegi egon zara eta. Erraza izan da neska erakartzea. Berak ere auskalo zer sartu duen! Taberna hartan hurreratu zaizu, su eske, eta zuk gerritik altxatu eta ahoa jan diozu. “Fuck me I am famous” dioen kamiseta ordurako ardoz blaiturik eduki duzu, baina jai hauetan badirudi zenbat eta zikinago eta pasatuago egon, orduan eta arrakasta handiagoa lortzen duzula. Jakina, ia bi metroko mutil puska izanda, errugbi jokalari kankailua, nesken begi guztiak zuretzat izaten dira. Aurreko tabernan ere, mutil horiekin kalimotxo katxiak edaten ibili zaren taberna hartan, Australiako neska bat hankalatraba hartuta sartu zara komunean, arinago katxi erdia titietara bota eta bertatik edandakoan. Izugarri gustatu zaizu kalimotxo izeneko edari zikin hori, gau osoa eman duzu edan eta edan. Gau osoa orgia hutsean, kale eta taberna jendeztatuetan. Eta nolako neskak! Ondo markatuta utzi dituzu ahal izan dituzun guztiak! Gauaren hasieran zezen-plazaren kanpoaldean egon diren haiek, kasurako. Txiza egiten harrapatu dituzu, eta errepaso ederra eman diezu. Zer axola dizu zuri? Hemen zernahi egin dezakezu. Horretara etorri zara: apeta betetzea da zure lege bakarra. “Hauxe da nire azken eguna, kartzelara sartu orduko”. Horixe da zure bizimoduaren filosofia. Izorra daitezela enparauak! Ondo izorratu duzu arratsaldean kapela saltzaile sudaka hura, esaterako. Kendu diozun bakero-kapela ordaintzeko eskatu dizunean, ukabilkada galanta eman diozu matrailean, nazkante hari. Eta, bide batez, gainean izan duen diru guztia altxatu. Badaezpada ere. Horixe egin behar da, aukerarik badago: hartu eta ospa! Halaxe lortu dituzu zapi gorria eta zahatoa, udaletxeko plazaren zurrunbiloa baliatuta. Hura izan da eromena, sekula ez duzu ikusi horrelako jende-aldra bat, denak bihotz bakarreko taupadan dantzan. Orduan ere polito asebete duzu egarria, eskaini dizuten guztia eta bi edanda. Kamiseta blaituta eta deabru begiak sutan atera zara handik, like a hurricane. Dena behar zenuen, eztarria biharamun eginda ailegatu baitzara plazara, beroak itota. Marabunta haren baitan galdu dituzu Joe eta Micky. Iskanbilaren erdian ere oraindik erdi K.O. egon dira, autobusean ere horrelaxe etorri baitzarete hirurak Bilbotik, logurak frijituta. Ez da arraroa, hango garagardo upel guztiak hutsituta etorri zarete eta. Bertan ezagutu duzue elkar, The Dubliners pubean. Zu etorri berria, eurak bizpahiru egun arinago. Haiek erruberak nahiko gastatuta ordurako, zu dena erretzeko irrikan. Bilborainoko bidaia ere horrela egin zenuen: amatatu ezineko sua erraietan. Amorruak kiskalita. Ezer esan gabe alde egin zenuen, ez gurasoei, ez Jennyri. Izorratzea daukate! Badakizu Jennyk sabelean daraman umea zurea dena, eta zer? Beraren arazoa da, hor konpon! Maleta egin eta alde! Bai, pentsatu gabe alde egin zenuen. Dena egiten duzu pentsatu gabe. Dena azken eguna balitz, kartzelara sartu orduko azken egun madarikatua. Horixe da zure bizimodua, galgarik gabeko autoa. Beti jokatu duzu berdin, baita etxean lo egin zenuen azken gau hartan, ohera sartu eta ametsetan hasi zinenean. 
 
 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: