Jeins Bon
Arratsalde goibel hartan Jeins Bonek, hiriko etorbide nagusitik zihoala, ilara izugarria ikusi zuen portalada batean. Egia esan, ez zen ilararen hasiera ikusten, portaladaren barrenean galtzen baitzen. Bai ostera kalean gora zihoan giza lerro amaigabea, eraikinaren hormari itsatsia, oinezkoen joan-etorria ez galaraztearren. Izan ere, espaloia estua zen, eta ibiltariak ugari. Hauetako gehienak, presaka ibili arren, ilararantz hurbiltzen ziren, ea ordu hartan horrelako jendetzak zer egiten zuen galdetzera, denda eta bulego guztiak itxita baitzeuden.
Jeins Bon giza korrontearen aurka zihoan, kalean behera, baina ia ezin zuen aurrera egin. “Bazter baten geratuko naiz, jendetza igaro arte”, pentsatu zuen, hormarantz hurreratuz. Baina han giza korrontea ikaragarria zen, ezin izan zuen ezer egin bere gorputza jende aldrak bultzaturik kalean gora somatu zuenean. Lurra ere ezin zuen zapaldu, airean zihoan, haize erauntsiak eroanda legez.
Ilara luzearen parean jende multzoa itogarria zen. Estu-estu bata bestearen kontra, ez atzera ez aurrera zegoen Jeins Bon, belarri-belarrian emakume baten txilioak pairatuz, alde guztietatik bultzadak eta ukondokadak jasanez. Azkenean, bultzaden eraginez, ilararen barruan sartu zen, eta harekin bat eginda, portaladaren bidea hartu zuen.
Beraren moduan harrapatutakoak asko zirela konturatu zen, egiten zituzten orroei erreparatuta. Beraz, ilara bat barik bi ziren han, gutxienez. Eta gogoz kontra harrapatutakoena zen guztietatik arinen zihoana, halako abiaduraz egiten zuen aurrera ze Jeins Bonek, konturatu orduko, portalada barruan ikusi zuen bere burua.
Han, lekua txikiagoa izanik, ilara guztiak batu eta korapilatu egin ziren. Berriro ere esturak eta izerdia. Asko eta asko, jendetzaren korronteari aurka egin nahian, kanpora irteten ahalegindu ziren. Besteengandik bereizteko ahalegin horretan, garrasika zebiltzan eten gabe, besoak gora eta behera modu airatuan erabiliz, aurpegiak gorri-gorri eginda. Gorantz joan nahi zutenak, berriz, marmarka zebiltzan, kolkorako hitz egingo balute legez. Edo ez zuten berbarik egiten, euren jardun eta arreta bakarra gorantz joatea baitzen.
Jeins Bonek ezin zuen egoera hura jasan, berak ere buelta egin eta kanpora irten nahi zuen. Baina bueltatzea bera ezinezkoa zen. Horregatik, kanpora irten nahi zuen gizon lodikote baten ondotik pasatu zenean, haren belarrira gerturatu eta zergatia galdetu zion, ea zergatik zegoen hainbeste pertsona han.
- Horretarako -erantzun zuen gizonak- gorago jo beharko duzu. Hemen daudenek, zuk bezala, ez dakite ezer. Ni hemen bizi naiz, bosgarren pisuan, baina ilara askoz gorago doa. Beheko pisuetan zaudetenok galdezka aritzen zarete. Benetako ilara han goian dago.
Eta garrasika jarraitu zuen, aurpegi guztia izerdituta. Bultzada eta birao artean, Jeins Bonek aurrera egin zuen. Ihesaren beharra orain atzeraezina zen, gorputz osoa dar-dar zeukan, burua zorabiatu beharrean. Azkenean, denboraren zentzua aspaldi galduta zuela, benetakoa zirudien ilarara ailegatu zen, eta galdezka hasi, gogoa indarberritu balitzaio bezala. Agure ilun batek erantzun zion.
-Zer? Zertarako gauden hemen? Geuk bageneki! Egia esan, jende piloa ikusi dugu portaladan, ilara luzea, eta jakinminak eraginda, hemen gaude, zuk eginiko galdera hori buruan. Izan ere, hemen ikusten duzun ilara hau ez da benetakoa, benetako ilararen zergatiaz galdetzeko elkartu garenona baino. Baina galdera horrentzat ez dago erantzunik. Eta berandu da, ezin da zulo honetatik irten, behin sartuz gero. Agian ez dago benetako ilararik, eta hemen gaudenok gizaki erratu deslaiak baino ez gara.
Agurea, hori esanaz batera, txoko baten kiribildu eta negarrez hasi zen, etsita. Orduan ulertu zuen Jeins Bonek eskailerako maila guztiak igo arren, benetako erantzuna lortuagatik, ez zela handik egundo irtengo. Ziurrenean, azkenean ez zegoen ezer: nor edo nor geratu da espaloiaren erdian gora begira, eta handik lasterrera ibiltari guztiak geldi daude, zeruari begira, zer ikusiko zain. Autoak ere geratuko dira, autobusak berdin, eta jendetza gora begira, eta ezer ez dagoen lekuan, aldraren irudimenak asmaturik, ikuskari ugari sortuko dira, eta benetakotzat hartuko dituzte.
Eskaileraren amaieraraino iritsi zenean, arnasestuka eta goibeldurik, bertan ikusi zuen erantzuna, zutunik, errukigabe, ailegatzen zenaren aiduru: borreroa zen, eskuetan aizkora zorrotza, burua estalita, kolpe latz batez lepoa mozten zuena. Jeins Bonek aizkoraren zorrotza sentitu zuen kolkoan, baina ezerezaren amildegi amaigabean murgildu aurretik borreroaren berba ankerrak eroan zituen berarekin:
- Norberak babesteko asmoz altxatzen dituen hormak,
aterpe barik ziega baino ez dira bihurtzen.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: