Izaba Urzainki

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2009-01-26 18:00

Izaba Urzainki arraro hitz egiten hasi zen. Lo zegoela hasi zen arraro hitz egiten, hain errime non etxeko guztiak altxarazi zituen. “Xin zte! Erkin kebentik! Iltan naz otzez!”. Behin eta berriro errepikatu zituen hitz misteriotsu horiek. Etxekoak estonaturik zeuden, zer egin jakin ez. Lo egiten utzi zuten, amesgaiztoa zelakoan. Baina benetako amesgaiztoa goizean hasi zen, Izaba itzartu eta suetera joanik modu berean hitz egiten jarraitzen baitzuen. Eta okerrago oraindik: ahotsa ez zen berea. Basajaun batena ematen zuen, leize baten hondotik irtendakoa zirudiena.

Etxekoak ohiturik zeuden Izabaren hitz jarioari, baina zer zen hizkera megalitiko hura? Eta ahots karstiko hura, norena ote zen? Amari, halako baten, argia egin zitzaion. “Ahotsak aitani Bitorianoren antza du, ez duzue uste?” Denak bat etorri ziren: ahots hura aitani Bitorianorena zen, berrogei urte atzerago desagertu zenarena. Hiletan ibili ziren beraren bila, aurkitu ez baina. Ondo miatu zituzten herriaren inguruko basoak, eta harkaitzetara ere joan ziren, paraje haietan bakarrik ez ibiltzeko hamaika bider esanagatik harako jaugina baitzuen Bitorianok.



Aitani Izabaren gorputzean sartu zela, horixe ondorioztatu zuten. Horrek peril bi zituen, handiak gainera: ilobak Bitoriano zenaren izaera drogosoa hartzea, eta herrian mintzaira hartan aritzea. Lehenengo perilaren ondorioak larriak izan zitezkeen. Bitoriano jokozalea zen, hordia, emakumeenganako grina aseezina zuena. Zer esango lukete Izaba neskatxa jatorraren portaera hain bortizki aldatuko balitz? Baina bigarren perila handiagoa zen. Ez zegoen zalantzarako lekurik: Izabaren hizkera basa hura Bitoriano jaio zen bailarakoa zen. Berbeta itsusi hura zorionez aspalditxo desagertua zen. Gurasoek zentzuz erabaki zuten seme-alabei aitaniren mordoilokeria zaharkitu hura ez erakustea, eta horrexegatik zeuden hain arduraturik, bai baitzekiten zer gerta zekiokeen kalean poliziek hizkuntza debekatuan mintzatzen harrapatuz gero. Inola ere ez zuten nahi Izaba agoteak baino baztertuago zeuden herriko jendaila susmagarri haren antzera amaitzea. Hildako mintzaira haren bertsio artifiziala eskola klandestinoetan ikasita, euren burua galmendira eraman zuten. Legendunak bezalakoak ziren, eta haiekin ez nahasteko gobernuak agindua zien kalean besokoa jantzi behar zutela, “SK” letrak idatzita, gizaki arriskutsuak zirela adierazteko.

Ez zuten beste erremediorik izan: alaba ohean lotu behar izan zuten. Belagileren batengana joko zuten, Bitoriano madarikatuaren izpiritua gorputzetik atera ziezaion. Euren pentsamenduei erantzutera bezala, gutunontzian orritxo bat aurkitu zuten eguerdi aldera: “YILEN DRAME, HECHICERO AFRICANO.” Bederatzi lerrotan munduko eri, gabezia eta kalamitate guztien aurkako erremedioak iragartzen zituen. Botere hutsezinak zituen, ehuneko arrakasta bermatzen zuen. Azpian agertzen zen telefono zenbakira deitu zuten, erreparoekin, batez ere lehen hiru digitu berdin haiengatik. Yilen horrek ez zuen lan handirik, antza. Berehala joango zela erantzun zien, bere afrikar ahots sakonarekin. Eta etortzeko behar izan zuen denboraren hamarrena ere ez zen pasatu bere dirusaria kobratu zienerako, kopuruari jaramon eginez gero diruisuna zirudiena, bide batez esanda.

Lasai egoteko esan zien: munduan izpiritu gaiztoak gorputz barrenetik uxatzeko aditurik bazegoen, hori bera zen. Prozedura azaldu zien: izpirituak normalean “zulo hartzaileetatik” sartzen omen ziren gorputz barrenera, hau da, sudurzuloetatik, belarrietakoetatik eta ahokotik. Emakumeen berezko zuloa zen denetan dudazkoena, batzuetan hartzailea eta beste batzuetan emailea zelako. Itsasgora eta itsasbehera bezalakoa, sorginaren berbetan. Litekeena zen izpiritua handixek sartu izana, gustu handia ematen zielako (“are handiagoa Bitorianorenari, zer esanik ez”, pentsatu zuten etxekoek). Hor zegoen arriskua, itsasaldien teoriaren arabera: zulo hura hartzailea bezala emailea ere bazela. Baina arriskua gorabehera, argi zegoen zein zen izpiritu gaiztoaren hustubide naturala: uzkia. Zulo beltza ez beste guztiak estali beharra zegoen.

Logelara sartu zuten. Izabak sorgina ikusi zueneko, garrasika hasi zen: “Ékustan ztur! Orzu kébentik!” Yilenek entzungor egin zion Bitorianoren ahots suminduari, eta zeremoniarako maneatu zen. Erabat biluztu eta berarekin ekarritako kutxatik pote bat atera zuen. Bertako ukendu beltzaz gorputz osoa igurtzi zuen, bere afrikartasun tente hura izan ezik. Gorputz atal hori ukendu zuri batez blaitu zuen. Ondoren, belar batzuk erre zituen, toxikoak behar zutenak, gela halako hats higuingarriz bete baitzen: haren aldean papergintza-lantegietako kea Parisko lurrinik garestienaren parekoa zen. Denak sartu ziren shockaldi sakonean, eta handik aurrerakoak ezin jakin errealitateari ala haluzinazioen lurraldeari ote zegozkion. Yilen jauzika hasi zen ohearen inguruan, dantza erritualean edo, bere kautan erretolika adiezina xuxurlatzen zuela. Halako baten, dantzaldiaren paroxismoan, Izabaren gainera jauzi egin eta bortizki biluztu zuen. Jarraian sudur eta belarri zuloak argizariaren antzeko gai batez estali eta ahoan bere mihi zikina sartu zion. Aurrez esana zien mihien ukidura izan ohi zela izpiritu gaiztoa kanporatzeko bide arruntetako bat. Prozedura biribiltzeko, emetasunaren tunelean sartu zuen bere afrikartasun hanpatua. Izabaren begien distira ezin jakin izua ala estasia zen, belarrek sortutako kea gela osoan zabalduta baitzegoen. Eta azkenean, aldi berean unibertsoa bezain luzea eta doministikua bezain laburra iruditu zitzaien denboran, Yilen agertu zen kearen artetik, eta bere ahotsa Bitorianorena zen. Hain pozik zeuden denak, ez zioten erreparatu belagilearen bisaia arduratuari. Arrapaladan jantzi, poteak eta belar hondarrak batu eta kalera joan zen, aurpegia mudaturik, bere baitan Bitorianoren izpiritu maltzurra zeramala. Gurasoek logelako leihoa zabaldu zuten, aire garbia sar zedin. Izabaren biluztasun urratua izara batez estali eta inguruan geratu ziren, eldarniotik noiz itzartuko. Ordu laurdenera zabaldu zituen begiak. “Ox áigaltra!”, esan zuen bat-batean, ozen. Gurasoen harridura eta nahigabea ezin ziren ezta tonatan ere neurtu! Bitorianoren ahotsa inoiz baino errimeagoa zen Izabaren ezpainetan…

Hurrengo egunetan zer gertatu ote zen hausnartzen ibili ziren. Kontuak ez zuen itxura onik: lehen Bitoriano bat zegoen tokian, orain bi zeuden. Itsasaldien teoriari mila itzulinguru egin zizkioten. Izurria legez zabalduko ote zen Bitorianoren izpiritua, eta berarekin batera mintzaira debekatua? Berandu izan orduko agintarien aurrera joan beharko ote zuten, alaba eta afrikar belagilea salatzera? Lotsa ziren. Beldur ziren. Egunak pasatu ziren, asteak, gertaera hura eurentzat gordeta. Jaungoikoaren madarikaziotzat hartu zuten Izabaren sabel gero eta puztuagoa, enda galaraziaren genesia. Ordurako okerrenerako prestatuta zeuden, sinetsita baitzeuden bazetorrela SKdunen aldia.  
 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: