Itzultzea
Orain,
hegazkinen isatsetan kamerak jartzen dituzte.
Hegazkin barruan jesarrita zoazela,
nola aireratzen den ikus dezakezu telebista-pantailan,
nola altxatzen den zerurantz
Buenos Aires azpian utzita.
Eta hegazkinak gurutze itxura du,
gurutze erraldoi hegalaria.
Gaua da,
eta, pantailan,
hegazkinaren argi dardarkariak gurutzearen bihotza dirudi,
metalezko hegazti erraldoia airera dadin,
hegan egin dezan
beharrezkoa den bihotza.
Keroseno-taupadei esker goaz aurrera,
hegotik iparrera,
hemisferiotik hemisferiora.
Eta, bidaia horretan,
zeure burua arrotza da,
bidaia bueltakoa baita.
Bueltako bidaiak arriskutsuak dira,
zure jarlekuan ezezagun bat doalako
eta
lurreratzean topatuko duzuna ere
ezezaguna izango delako.
Bueltako bidaietan,
bihotz ezezagun batek egiten du taupa bularrean
eta bizitzaren orratzak
ez du iparrik,
ilargiak gobernatutako belaontzia dirudi.
Goialde honetatik,
bihotzaren taupadak argizarizkoak dira,
itzultzea ezinezko bidaia baita,
iraganera joan nahi izatea
bezain ahalegin antzua,
eta salbazioa,
zerutik hain gertu gauden ezleku honetan,
inoiz baino urrunago dago,
itzultzea kontinente galdua baita beti.
Ron Sniakin
Iruzkinak
Utzi iruzkina: