Intxixu gorrien ametsak

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2010-09-23 17:20


Behin, betiko moduan autoak kalean gora eta behera nola pasatzen ziren begiratzen ari zela, intxixu gorriak beste espaloiko anaiari galdetu zion ea egia zen intxixu berderik  ba ote zen. Bestaldeko intxixu gorriak ezetz erantzun zion, ametsetan baino ez zirela existitzen. Amets errepikatu haietan, intxixu gorriak lokartu eta batera, haiek bezalako intxixu berdeak agertzen ziren, justu maila bat beherago, eta espaloietan pilatutako jende-aldrak kalea zeharkatzen zuen, automobilen ezelako beldur barik, gelditu egiten baitziren, jendetzari pasatzen uzteko.

 

Horretan geratu zen intxixu gorria, intxixu berdeak ametsezkoak zirela. Izan ere, gauza jakina zen automobilak ez zirela egundo ere geratzen. Nola ausartuko ziren hala oinezkoak espaloi batetik bestera pasatzen? Gizonezko hari zer jazo zitzaion ba? Zeharkatzen hasi baino ez, furgoneta batek eraman zuen aurretik.


Ez, intxixu berde haiek ezin ziren existitu: errazago zeharkatuko zuten oinezkoek espaloien arteko tartea intxixu berdeek ametsen eta errealitatearen arteko tartea baino.



Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: