Instrukzioak AEBetako presidentea hiltzeko
Eman dezagun urtarrileko igande arratsalde euritsu batean, zure etxeko besaulkian erdi lokarturik zaudela, AEBetako presidentea hiltzeko gogoa etortzen zaizula. Hori, ondo pentsatuta, ez litzateke batere arraroa izango: denok dakigu zein aspergarriak diren (areago: gorrotagarriak diren) arratsalde eterno horiek. Eta, bestalde, nork ez du noizbait izan amets zoro hori ametsen soroan: AEBetako presidentea hiltzea, nola eta norberaren etxeko besaulkitik mugitu gabe! Krimen perfektu hori nekez bururatuko zitzaion Alfred Hitchcocki berari ere, hain pentsamendu arrunta izanda.
Ideia horrek abantailak baino ez ditu. Ez luzatzearren, hiru aipatuko ditut.
Lehena, koartada perfektua izatea. Zure etxeko besaulkitik ez zarela mugitu frogatzea oso erraza da. Jarrita daukazun musika zaratatsua nahikoa izan daiteke auzoak zure presentziaz ohartzeko. Eta astrapala hori tarteka zure ahots urratuaz hornitzen baduzu, askoz hobeto. Alde horretatik, seguru egon zaitezke: egunen batean marineak zure etxeko atea bortxaz bota eta zugana oldartzen badira, auzo guztiek aitortuko dute, zure amaren lanbidea gogoratzearekin batera, ez zinela igande dontsu hartan etxetik mugitu.
Bigarren abantaila erosotasuna da. Nekeza da filmetako hilketa horietako bat prestatu eta gauzatzea; nik, behintzat, ez nuke atzamarrik mugituko: AEBetako presidenteak ez du merezi horrelako beharlekua hartzerik, eta are gutxiago igande arratsalde batean, biharamunak urdailean tsunamiak eta buruan turbulentziak eragiten dizkizula. Hobe besaulkian jarraitzea, lozorroan. Horrela egonda, etxeko besaulkian nagi-epelean, nola uko egin halako magnizidioa egiteari?
Eta hirugarrena, entretenimendua. Ezinbestekoa da neguko igandeen asperdura momifikatzaile hori ahal den moduan uxatzea, osterantzean ideia suiziden saldoa ikus zenezake zeure buruaren gainean bueltaka. Telebista piztea ideia patala da, sustantzibakoa. Gaur egungo programazioa morokil galanta da gero! Hara: urteetan ikusi dudan emanaldirik interesgarriena Aita Santuaren urbietorbia izan da. Atera kontuak! Beraz, nola baztertu ideia zoragarri hori, buruan Molotov koktel baten antzera eztanda egin digun pentsamendu subertsiboa?
Errazena gelditzen da: AEBetako presidentea hiltzeko amarrua asmatzea. Horrexek edukiko gaitu entreteniturik igande arratsaldean, besaulkiaren epelean. Jakina, presidentea gugandik milaka kilometrora egoteak, ezinbestean, estrategia bat prestatzea eskatuko digu: domino-efektua, hain zuzen ere. Norberak lehen fitxari bultza eginez zera lortu behar dugu, muturrean dagoen azken fitxa botatzea, hots, presidentea hiltzea. Badago erronka kitzikagarriagorik urtarrileko igande gogaikarri baterako?
Lehen fitxa hori da gakoa. Horretan pentsatu behar duzue: atzamarraren mugimendu sotil bat eginda prozesu guztia jarri behar duzue abian. Doministiku eginda Hirugarren Mundu Gerra eragitea bezalako erronka da hori. Eta? Zer diozue, ezinezkoa dela? Ez zaitezte hain fedegabeak izan! Bai, jaun-andreok: pospolo bat nahikoa da gerra bat pizteko, eta, era berean, Interneten ereindako proposamen bat nahikoa izan daiteke AEBetako presidentea hiltzeko.
Zuen proposamenen zain nago. Erantzun hordago honi, potrobariorik baduzue!
Bide batez, neurea eskainiko dizuet, musu-truk (edo hobeto: sexu-truk): AEBetako presidentearen fan-kluba sortzea. Horixe da gure egitekoa, lehen fitxa botatzen lagunduko digun mugimendua: zale amorratuen talibanizazioa (beste erlijio batzuetan ebanjelizazioa esaten diote horri).
Labur esanda: norbait hil nahi baduzue, sortu haren fanatiko-kluba. Ez dago ekintza kriminalagorik, sinets iezadazue.
Obamakilladen
Iruzkinak
Utzi iruzkina: