inpetsamentismo

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2012-03-29 14:43

Aurreko egunean kalean entzuna: Zelako zortea duten langabetuek! Ez dute burua apurtu behar, ea lanera joan ala greba egin erabakitzeko!

Iritzia ematea libre dela esango du norbaitek. Kontua da iritzi hori buru horretatik sortu den ala norbaitek erein dion. Noraino gara libreak gure iritzietan? Pentsamendua sortu egiten dugu, ala sartu egiten digute? Hona zer entzun genion behin Xabier Leteri: “Ni”a aldizka baino ez da “ni”. Baikorra gero, gure Xabier!

Esaten da dagoeneko dena idatzita dagoela. Era berean, guk diogu dagoeneko dena pentsatuta dagoela. Beste bat da auzia: Ideien (eta ideologien) ozeanoan, nork du itsaslasterren kontrola? Zein itsasargik gidatzen ditu gure ontzi deslaien lemak?

Leon Tolstoik esaten ei zuen ezinezkoa zela mundua aldatzea arinago nork bere burua aldatu ezean. Hori txarra: inoren itsasargien pentsutan gozo-gozo bizi nahi dugula. Borrokatzeari utzi genion, eta, orain, pentsatzeari ere utzi nahi diogu. Alferrik ei da itsaslasterrari gerra egitea…

Ez dezagun geure burua engaina: gure erabakitzeko ahalmena naufragoarena bestekoa da. Zer utzi digu XXI. mende honetan idealismoaren eta materialismoaren arteko borroka luzeak? Etsipena. Krisiaren izenean, aurreko mendeetan lortutako eskubideak eskuetatik kentzen ari zaizkigu krisiaren sortzaileak. Eta nola egin nahi diogu guk aurre gainera datorkigun tsunamiari? Txinoetan erositako aterki txatxar bat zabalduta?

Norberak egin beharrekoa inork egitea: horra hor gure gizartean nagusitu den joera. Sortzaile izatetik parte-hartzaile izatera pasatu ginen, eta orain ikusle huts bihurtu gara. Delegazionismoa nagusi. Gurasoen ardurak eskolaren teilatura jaurti ditugu, adibide bat ematearren. Eta joera hori muturrera eramaten ari gara: zertarako pentsatu, gure ordez beste batzuek pentsatu ahal badute?

Oporrak bidaia-agentziek antolatzen dizkigute; gure aisialdia postontzian jausitako propagandak edota kultura-programazioak erabakitzen dute, edo teleberriek; denok janzten ditugu modan dauden burkak, edo aurikularrak, edo betaurrekoak; denok entzuten dugu Coldplay… eta denok egiten dugu greba zintzo-zintzo, agintzen digutenean.

Euskaraz badugu hitz aproposa zaborreria hori guztia izendatzeko: inpentsa(mentea)n. Ustekabean. Bestela esanda: usterik gabe, pentsamendu propiorik gabe. Zoritxarrak! Heldu gara delegazionismoaren azken geltokira!

 

INPENTSAMENTISMO: egungo gizartean nagusi den inpentsatzeko joera, hots, pentsamendua delegatzekoa.


Utzi iruzkina: