ihestropada

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-10-09 15:29

Joan zarete inoiz tabernatik ordaindu gabe? Nola esaten duzue hori? Belearena egin? Eta zer arraio egiten du beleak, jakiterik badago? Arrisku hori dute esaerek: gehienak “lehen sektorekoak” direla; baserritarrek edo arrantzaleek asmatuak, alegia. Behialako kultura eta bizimodua erakusten duten bitxiak dira, baina bitxi horien argi-dilisten distira galduz doa. Belaunaldi berriek ez dituzte esaera horietako asko ulertzen: kanpaia jo esaeraren atzean zer ote dago gazte batentzat? Kanpai-hotsa entzuteko, amaitu zen sokari tiratu beharra. Hori bertsio analogikoa da. Gazteen eskumuturretan, berriz, erloju digitalek ematen dute ordua. Hor dago gakoa: kanpaia jo esaera 1.0 bertsioa da. Bertsio zaharra. Ba ote dakite gazteek zer lotura duen horrek zakila astintzearekin?

 

Hori adibide bat besterik ez da, baina askoz gehiago jar genitzake: zahietan ziogi eta irinetan ero (garrantzirik ez daukanaz arduratu, eta garrantzia daukanaz ezaxolatu); Burgosko astotxoarena egin (aurrez agindutakoa ez egin); katuari arrana lotu (lan gaitz batean aurrena hasi); (neure, heure, bere...) aitzurraren kirtena latza egon (alferra izan); arto zatia lakoa izan (onbera izan); azaren azpiko orriak (baliorik gabeko gauzak edo pertsonak); eta abar, eta abar. Arazoa muturrera eramanda, badira esaera batzuk gure gazteek beste modu batera ulertuko lituzketenak. Esate baterako, bokata egin. Txorizozkoa? Txokolatezkoa? Horixe ulertuko lukete; egundo ere ez, lixiba egitea. Hori garbigailuen beharra da!

 

Zer dira lokuzio zaharkitu horiek gaurko gazteentzat? Ahuntzaren gauerdiko eztula. Hori ere, esaera 1.0. Zer dakite gazteek ahuntzaren gauerdiko eztulaz? Zelan arraio jakin horrek “baliorik gabekoa” adierazten duela? Bada, horixe, esaera hori, gaurko gazteentzat, ahuntzaren gauerdiko eztula da. Beraz, zer egin? Berritu edo hil! Eskolan ulertzen ez dituzten esaerak buruz ikasten barik, esaera berriak asmatzen ibili beharko lukete. Ikasle asmatikoak behar ditugu, loroak barik. Zer da haientzat baliorik gabekoa? Megabyte bateko USBa? Jakina, ahuntzaren gauerdiko eztuletik megabyte bateko USBra pasatzea gogorregi izan daiteke askorentzat…

 

Hortaz, guk erdibidetik joko dugu: tradizioari uko egin gabe, gazteek ulertzeko moduko berbetan oinarrituko gara. Nola esaten diozue tabernatik ordaindu gabe joateari? Guk, pagaitxitxe egin (hots, aititak ordain dezala). Jakina, lokuzio horrek ez die guztiei balioko. Beste bat proposatzen dizuegu, ihesaren ideia estropadei loturik. Hona hemen gaurko ezberba:

 

IHESTROPADA: tabernatik, dendatik… ordaindu gabe ihes egitea.

 

Goazen ihestropadan!

Zer? Egingo dugu ihestropada?


Utzi iruzkina: