husnarketa

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-11-19 17:47

Hauteskundeen aurreko eguna hausnartzeko gordetzen da. Behiek lau urdail dituzte belarra hausnartzeko. Zenbat urdail beharko genituzke guk azken lau urteotan jaten eman dizkiguten belar txar guztiak digeritzeko? Kontuan izanda belar txarrek zuztar luzeak dituztela, lau urtean behingo botoekin alferrik ari gara belar txarren aurkako borrokan.

Eta zer demontre hausnartu behar dugu? Ebidentzia ez dago hausnartzerik. Iruzurra ez da hausnartzen: salatu egiten da. Eta hauteskunde-egunean ixten den bi asteko tragikomedia esperpentikoa hori baino ez da: adarjotze hutsa. Antzerki hutsaren hurrengoa. Horixe da hausnarketa eguna: hautsa arnastea, hutsa haurnastea. Hausnar ezazue gaur, hurrengo lau urteetan lozorro intelektualean egon zaitezten. Berez, populazioari hausnartzeko eskatzea ekintza arriskutsua da boterearentzat. Horregatik eman nahi diote garrantzia egutegiko egunik ganorabakoenari. Substantziatu nahi dute substantziarik gabekoa. Egia esanda, hausnarketarako dei hori faltsua da, amarrua da. Benetan husnarketa da bultzatzen dutena, hutsaren hausnarketa.

Hausnarketak ekintza adierazten du, ariketa intelektuala; husnarketak, ostera, ez du inolako buru-aktibitaterik inplikatzen. Ariketa intelektuala neurtuko lukeen adimengrafoa  izeneko tramankulurik balego, hausnarketak orratza mugiaraziko luke, baina husnarketak ez. Beraz, husnarketa entzefalograma lauaren parekotzat jo genezake. Panem et circenses: gizarterik onena, husnarketan dagoena.

 

HUSNARKETA: burua stand by egoeran edukitzea, hots, pentsamenduen pantaila hutsik dagoela.

HURNARKETAN EGON: ezertan ere ez pentsatu (gaztelaniazko “estar en babia”ren parekoa).

Horrek ez du sekula arretarik jartzen. Beti dago husnarketan.


Utzi iruzkina: