hilusio

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-12-23 23:56

Bizitza ilusioz beteta dago. Ilusio batzuk konplitu egiten dira; gehienak, berriz, helezinak dira, zeruan hegaz doazen hegaztien antzera, beti urrun, beti urrunera. Horregatik agian, batzuek beldur diete ilusioei. Batez ere, ilusio faltsuei. Horiexek dira mingarrienak. Ume hark gurasoei esandakoa etortzen zaigu gogora: ez zuela katekesira joan nahi. Ilusio baten modura saldu nahi izan zioten, baina ume hura beldur zen. Esana zioten Olentzerok ekartzen zituela opariak, eta Olentzerorengan sinetsi zuen. Baina, egun batean, EGIA jakin zuen: Olentzero gurasoak dira. Hortaz, ez errege magorik, ez olentzerorik. Eta, orain, Jesus horrengan sinesteko esaten zioten. Gurasoei begiratu, eta hauxe esan zien: Ez  dut katekesira joan nahi. Eta jesusitoren kontu hori ere azkenean gezurra bada, zer?

Olentzero faltsuak ekarritako ilusio faltsuak dira opariak. Telebistan ikusten ditugunean, edo dendako erakusleihoan, eguzkiaren argitasunez itsutzen gaituzte. Ilusio horien xarma deuseztatu egiten da koloretako paperaren distira apurtu eta opariaren biluztasuna begi-bistan geratzen zaigunean. Irudikeriak baino ez dira. Umeek hildako ilusioz beteta dituzte euren logeletako armairuak eta apalak. Behinola egindako opariak: hildako ilusioak.

Hori da bizitza: ilusioak hiltzea; hildako ilusioak pilatzea. Eta, hala ere, zer izango litzateke bizitza ilusiorik gabe? Ilusioek bizi gaituzte. Ilusioen distirak eramaten gaitu aurrera, urrun, beti urrunera, nahiz eta jakin bidaiaren amaieran ilusio guztiak hil egiten direla. Ameskeriagile eta inozo sinonimoak dira, baina berdin digu: ez dago ilusiorik gabeko bizitza baino desilusio handiagorik.

HILUSIO: hildako ilusioa, desilusioa.


Utzi iruzkina: