hilkutxazain automatiko
Gezurra dirudi, edo zientzia fikzioa, baina jazotzen ari da. Hiri askotan. Legionella bezain modu misteriotsuan hedatzen da, baina askoz hilkorragoa da. Kutxazain automatikoen gaitza da. Edo, sarean zabaltzen ari den espresioa erabilita, hilkutxazain automatikoen gaitza.
Hiltzen duten kutxazain automatikoen sarea etengabe ari da handitzen. Ez dago argi non gertatu zen lehen kasua. Batzuek diote New Yorken izan zela, Wall Streeteko kutxazain batean, orain dela hiruzpalau hilabete. Baina txarrena zera da: oso azkar zabaltzen ari dela gaitza. Dagoeneko, mundu osoan daude hilkutxazainak. Baita Euskal Herrian ere, entzun berri dugunez.
Banketxeak izurri berri hau ezkutatzen saiatzen ari dira, baina ezinezkoa da esamesaro honetan hainbeste aho birtual estaltzea. Esamesa horietako batzuen arabera, gaixotasuna klabea idaztean kutsatzen da. Diotenez, badira zenbaki madarikatu batzuk, baina ezinezkoa da zein diren asmatzea, egunetik egunera aldatzen ei dira eta. Beste batzuen iritziz, kutxazainek ematen duten dirua da gaitzaren iturria. Billete horiek ukituta gaixotzen da. Azken teoria honek aurreko astean Lyonen gertatua azaltzeko balio du: Jacques Blanchard izeneko eskeko bat gaitz horrek jota hil zen, nahiz eta sekula ez duen dirurik atera kutxazainetan (ez behintzat azken zortzi urtean). Horrek are larriagoa bihurtzen da gaitza: badirudi mutatu egin dela eta billeteek hilgarriak izaten jarraitzen dutela eskutik eskura pasatuta ere. Jacques Blanchardi horixe gertatu zitzaion, antza: hogei euroko billete berri bat topatu zuen lurrean, eta handik ordu batzuetara aurkitu zuten hilda, hilkutxazain automatiko batean.
Bada hirugarren teoria bat ere: txartela zirrikitutik ateratzen denean kutsatzen da gaitza. Nahikoa da txartela atzamarren artean hartzea gaixotzeko.
Ia kasu guztietan ondorioa bat da: heriotza. Nola definitu gaitzaren eboluzioa? Batzuek itotze ekonomikoa esaten diote, edo apurkako buru-hiltze ekonomikoa. Halako eroaldi kontsumistan hasten da kutsatua, zeina gero eta handiagoa egiten den. Gaixoa kutxazain automatikoen erabiltzaile konpultsibo bihurtzen da. Gaitzaren azken fasean mendekotasuna erabatekoa da: kutxazain automatikoan geratzen da lotan. Lo hori betiko loa bihurtzen zaio halako batean.
HILKUTXAZAIN AUTOMATIKO: hilkutxa bihurtutako kutxazain automatikoa.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: