Hileta
Zertarako eraman behar zituen gurasoak hileta hartara? Berak ez zuen bere burua taxistatzat antzematen, are gutxiago igande goizean asteburuan ohi zitzaion parrandari uko eginez, zaharren kontuak zaharrek konpon ditzatela!, errepikatzen zuen tabernan inoiz baino pattar gehiago irensten zuela, gero koadrilako lagun batzuekin Elorrioko jaietara joan zen gauari azkeneko inarrosia emateko asmoz, kosako taldeek neguan zehar zero azpitik berrogei gradutara edaten dutena, Errioxak urte batean ekoiztu dezakeena (esportazioak barne) eta eskoziarrek ezkutuan destilatu dezaketena haren odolean agurtu ziren antzinako lagun minak bailiran. Ez dakigu nola etxeratu zen, tatarrez edo narraz, ez noiz, egunsentiz edo goizabarrez, ez eta norekin, lagunez lagundurik edo lagunen laguntasunez, baina goizaldean aita logelara sartu zenean, hordi-nagia itzartu nahi izan zuenean biraoak besterik ez zituen jaso, biraoak ez dira aita bati harrera egiteko modua eta horregatik beharbada damuaren amua ahoratuko zukeen; bidaia osoa mutuen arteko solasa bilakatu zen, ez zioten elkarri hots hitzik ere zuzendu. Elizara heldu zirenean kotxetik jaitsi eta gurasoak negar hasperenka ikusten zituela auzoko bat hurbildu zitzaien esaten ziela: “Zuen semeak zeruko aingeru guztien oniriztea jasoko du”. Hitzok entzutean berehala abiatu zen hilkutxara, dudarik gabe leihatila itsusiaren azpian zetzan gorpua berea zela egiaztatzeko.
Sístole Diástole
Iruzkinak
Utzi iruzkina: