Higinio Sarasa
Higinio Sarasa mendi arteko bailara baten bizi zen, abizen itxura zuen herri horietako baten. Zer edo zer argitzearren, esan dezagun mila biztanlera heltzeko bi digitu falta zitzaizkiola herriari, eta zerutik begiratuz gero, gehiago zirela txapel gabeko etxeak txapeldunak baino.
Taberna bakarrean ematen zuen denbora gehiena, bazterreko mahaian jesarrita. Batzuetan, ezusteko egoiliarrak topatzen zituen bertan: asteburuetan ezerezaren bila etorri ohi ziren kanpotarrak. Horrelakoetan, bere txokoa harrapatzen zioten arrotzak uxatzeko, astiro-astiro hurreratu eta honelaxe egiten zien ospa egiteko gonbitea, erlojuari begiratzen ziola: “Ordu ona duk guardia zibilak hiltzeko.”
Esaldiak ez zion egundo ere hutsik egin.
Txoko hartan, bere ardura nagusia, bizkotxoak ardo goxotan bustitzeaz gainera, herrikide guztiei ilea moztea izaten zen. Denei berdin: buruan txizontzi bat jarri eta bistan geratzen ziren ileak mozten zizkien.
Txantxarako gogoa zuen egun baten, lurrean sakabanatutako ile moztuak eskuetan hartu eta hauxe esan zion Remigio artzainari: “Egunen baten, arrainak zainduko dituzu hemen bertan, inguruko larreetan, eta begien zuloetan lutxoak haziko zaizkizu”. Profeziatzat hartu zuen Remigiok.
Gustua hartu zion Higiniok jolas horri. Herrikide guztiei zer edo zer iragartzeko ohitura hartu zuen. Blasi, janaridendako jabeari, dendako janari guztiak irentsiko zituela iragarri zion, eta zerurantz igoko zela erremediorik gabe, globoaren itxura hartuta, eta ostarkuan trabatuta geratuko zela, eta inoiz egin den musikarik zoragarriena sortuko zuela han goian, globoa ostarkuaren pentagraman dantzan, gora eta behera, eta musika hori izango zela hodeiei negar eragingo ziena, negarra uholdeka herriaren gainean, berau itoarazi arte, berau urperatu arte.
Barre egiten zioten Higiniori herrikideek, beraren asmazioen kontura. Salustianari, ehun urte bete berriak zituen atso antzuari, herriaren gainbehera demografikoa iraultzeko betebeharra eman zion: “Dortokek arrautzak baino milaka burbuila gehiago errungo dituzu, ur azpitik eguzkiari begiratzen diozun bakoitzean”.
Bere txokoan, Higinio Sarasak, bizkotxoak txitxiparrean bustita, berak ametsak iragartzen zituela esan zion taberna ordurako hutsituari. Eta ametsek ez dutela sekula minik egiten.
Egun baten, herriaren kanpoaldean trajedun batzuk ikusi zituen Higiniok, tabernako iluntasun arkaikotik. “Errealitatea da amesgaizto bakarra”, pentsatu zuen, eta bere atzamarren artean artaziak ugertzen hasita zeudela iruditu zitzaion.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: