herrispetu

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-10-29 10:01

Gizakion arteko harremana etengabeko gatazka da. Historia, neurri handi baten, gatazken narrazioa da. Eta gerrak historiaren lurrikarak dira. Herriak plaka tektonikoak dira, eta haien artean talka egitera kondenatuta daude. Hori gertatzen da gaurko ezberba aplikatzen ez delako. Herri guztien hiztegietan egon balitz, gerra guztiak saihestuko genituen…

 

Herri guztiek merezi dute errespetua, herriak, azken baten, pertsonak direnez gero. Hor dago gakoa baina: gorputzaren %75 ura omen da, baina, izaerari begiratuz gero, pertsonaren %75 (gutxienez) gatazka da. Eta pertsonen (herrien) arteko gatazka guztiak hitz batek (hitz bakar batek!) eragiten ditu: NIREA. “Hori nirea da!”. Nolako suhartasunez errepikatzen duten hitz hori umeek,  jostailuaren jabetza jokoan dagoenean. Txikitako borroka horiek gerra bihurtzen dira nagusitan.

 

Herrien arteko errespetu  ezak eragin ditu gerra guztiak. Begiratu judu eta palestinarrei. Dirudienez, herri batzuek beste batzuek baino eskubide gehiago dituzte. Hor hasten dira liskarrak. Zergatik ukatzen zaizkio eskubideak Mendebaldeko Saharako herriari? Zer gertatu berri da hain zibilizatua den Europan bertan, Balkanetako herrien artean? Herri batzuek eskubideak dituzte, eta beste batzuek ez. Eta eskubideak dituzten herri horiek hankabideak ere badituzte, antza: alboko herriak zapaltzeko, hain zuzen ere. AEBen hankak, esaterako, tankeak dira.

 

Historian herrispetua erakutsi duten adibide gutxi ditugu. Baina, tarteka, izaten dira horrelakoak. Europan bertan jazo da horietako bat, 1993an preseski. “Belusezko Dibortzioa” deitu omen diote Txekiaren eta Eslovakiaren arteko banaketa baketsuari.

 

HERRISPETU: herriari zor zaion errespetua.

HERRISPETATU: herrien eskubideak errespetatu.

 

Euskal Herriak ere herrispetua merezi du!


Utzi iruzkina: