Hernan Quiroga

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-08-04 18:32

Hernan Quiroga errealitatetik fantasiara alde egindako pertsona da. Horixe pentsatu dut haren gaineko narrazioa entzunda. Manuel Pardok kontatu digu, ohi duen trentinaz. Berbak zigarroaren kea bezala ateratzen zaizkio ahotik, soilik jakituriak eskain dezakeen soseguaz.

Hernan Quirogari Mollejas ezizena jarri zioten, alfer galanta zelako. Emazteak erratza hartuta joan behar izaten zuen ohetik altxarazten, egunero-egunero, ostean sarkofagoetako momiak baino gutxiago mugitzen zen eta.

Furgoneta bat zuen, eta, bidaia agentziatik deitzen ziotenean, turistak eramaten zituen batetik bestera. Goizetan beti azkena altxatzen zen. Behin, turisten taldeburuak haren logelara joan behar izan zuen, eta ohetik atera, hanketatik oratuta: alproja hari lar gustatzen zitzaion bolichea.

Mollejas ez ei zebilen ondo ganbaratik. Nagikeriaz aparte, bazituen beste zalekeria batzuk: pizcoa gura adina edaten zuen, eta larrutan edonorekin eta edozeinekin aritzeko irrika neurrigabea izaten zuen. Hain zuzen ere, sexu-gose hark galdu zuen.

Manuelek, zigarroa hautsontzian amatatuaz batera, Mollejasen tragediaren xehetasunak kontatu dizkigu.

Turista batzuk Puerto Natalesen utzi eta bakarrik abiatu zen, etxerantz. Bakartasun horrek aldrebestu ei zion burua. Bakartasunak eta bueltako bidaiaren luzeak. Bidaia hartan sexu-grinak zirkuitulaburra eragin zion buruan, eta ez egitekoa egitera bultzatu: furgoneta gelditu eta hartxintxar bidearen bazterrean zegoen guanako eme gazte bat harrapatu zuen. Harrapatu, eta estali.

Mollejasek ez bide zekien gizonak guanakoa estaltzeak zer madarikazio dakarren. Tehuelcheen herri kondaira batek dioenez, guanakoa izorratzen duen gizonak haren izaera hartzen du. Baina aldaketa hori ez ei da egun batetik bestera gertatzen, astiro-astiro baino. Horixe jazo zitzaion Mollejasi ere: etxera ailegatu eta aste batzuetara hasi zen antzaldaketa.

Bitxia da prozesua: lehenengo, itzala hasten da desitxuratzen. Bi hanken itzala barik, lehenengo hiru eta gero laurena ikusten ei da. Lau hanka luze gorputz bakarrerako. Gero, hirugarren hilean edo, gorputza lau hanka haietara egokitzen hasten da. Enborra, luzetik zabalera. Eta, azkenik, urte erdia iraganik, guanako burua ikusten da, idun luzearen muturrean.

Prozesu hori bera jasan zuen Mollejasek: guanako hura izorratu eta sei hilabetera, berea barik guanako itzala zuen.

Lan egiteari utzi eta eguna etxean sartuta ematen zuen, lotan. Emazteari sinetsarazi zion gaixorik zegoela, loaren gaixoa zuela, eguzkiak kalte egiten ziola. Gaixotasun banpirikoa zela.

Gauez, berriz, kalera ateratzen zen. Beti zegoen tabernaren bat zabalik berandura arte. Pizcotan blaitzen zuen egonezina, beldurra, amorrua. Gero, lehen argi printzak sumatu orduko, etxerantz abiatzen zen, horditurik.

Guanakoa izorratu eta urtebetera, gorputza hasi zitzaion itxuraldatzen. Prozesua alderantzizkoa izan zen: lehen-lehenik adarrak ziruditen belarriak atera zitzaizkion buruan. Adar txiki bi, handituz joan zirenak. Gero, betileak luzatzen hasi zitzaizkion. Antzaldaketa hark erabat endredatu zion gogoa.

Kalera irteteari utzi zion. Gauetan ere etxean geratzen zen, logelan bakarturik. Emazteari esaten hasi zitzaion belarra ekartzeko, besterik ez zuela nahi jateko. Ate ondoan uzteko.

Emazteak debekatuta zuen gelan sartzea. Atearen bestaldean jartzen zen, eta izuturik entzuten zituen barrutik ateratzen ziren hotsak. Bazirudien gela hartan animalia bat bizi zela. Senarraren ahotsa barik, piztia batek sor lezakeena entzuten zuen. Eta, urratsak barik, kaiolan harrapatutako basabere baten apatzen hotsak antzematen ziren.

Sen basati hark arima antzaldatu zionean, Mollejasek ezin izan zuen logela hartako kaiolatasuna gehiago jasan. Atea ostikoz bota eta alde egin zuen, emaztea lo zegoela.

Harrezkero, inork ez du Hernan Quiroga gehiago ikusi. Patagoniako ordoki amaigabean ibiliko da, guanakoen artean beste guanako bat.

Manuelek, isildu orduko, azken xehetasuna eman digu: Mollejasen antzera guanako bihurtutakoek zerbait gordetzen dute haien aurreko bizitzatik: ametsetan, gizon izaten jarraitzen dute. Giza ametsak izaten dituzte.

Manuel matea egiten hasi da, ezpainen artean beste zigarro bat duela. Zera esan diot, aurrerantzean guanako bat ikusten dudanean Mollejas dela pentsatuko dudala.

Seguru ametsetan oraindik furgoneta gidatzen ikusten duela bere burua.

 

Bernardo Kapanaga

 

 

 

 


Utzi iruzkina: