Heriotzaren aurretik
Janari merkea da gezurra
nork bere burua justifikatzeko bada.
Eroso bizi gara autoengainuaren lokatzetan,
garrantzitsua itxura zoriontsua da.
Ederra da gainbehera
zimurrik gabeko aurpegian ezkutatzeko
beste diru baldin badugu.
Porrota ez da berriro xarabe mingotsa izango,
beti dago-eta modua
hauteskunde gauean garaileak izateko.
Berdin dio zenbat maitezaitut isuri behar ditugun
(bankarien irribarreak bezain egiatiak)
egunerokokeriak ugertutako eskuburdinak
urrezko eraztun moduan agerrarazteko
bezain trebeak bagara.
Horrela joaten zaigu bizitza eskuetatik,
eguneroko gezur horiek guztiak jatea
porrotik mingarriena dela ukatuz:
nahikoa da ispilua ganbaran gordetzea
eta komenigarritasunaren jantzian bizitzea.
Eta aurrera goaz,
gure miseriatik milimetro bat mugitu gabe,
gezurraren lokarriak hausteko beldurrez,
askatasuna lurralde deserosoa da-eta.
Baina ez gaitezen engaina:
norbaitek esan zuen bezala,
hemen garrantzitsua ez da
ea bizitzarik dagoen heriotzaren ostean,
ezpada
ea bizitzarik egon den
heriotzaren aurretik.
Ron Sniakin
Iruzkinak
Utzi iruzkina: