herioi
Yasmina Khadrak idatzitako Atentatua eleberriaren hasieran, auto-leherketa batek hainbat hildako eta zauritu eragiten ditu Tel Aviv-eko jatetxe batean. Pertsonaia nagusia, Amín Jaafari palestinar jatorriko mediku israeldarra, ospitalean da zaurituen bizitza salbatu nahian, eta halako batean esaten diote emaztea atentatuan hil dela eta hura izan daitekeela atentatuaren egilea. Horrek Amínen bizitza errotik aldatzen du. Bat-batean lankide eta lagun juduek traidoretzat jotzen dute. Hortik aurrera, Amín ihesi eta bila ari da aldi berean: ihesi, ez baitu sinetsi nahi emaztea atentatuaren eragilea denik (emakume modernoa zen, lotura erlijiosorik gabekoa, senarra eta bizitza maite omen zituena); bila, jakin nahi baitu zerk eta nork bultzatu zuen emaztea hilketa hura eragitera.
Zenbait gai jorratzen dira Atentatua eleberrian: kulturen arteko talka, biolentzia, integrismoa, erruduntasuna, bakardadea, deserrotzea, mespretxua, benetako adiskidetasuna... Beti gatazkatik aparte bizitzen saiatu den pertsonaia nagusia gatazkaren erdi-erdian ikusten du bat-batean bere burua. Horrek barne-gatazka eragiten dio. Ihesbidea sustraietara bueltatzea izango da, umezaroko paisaietara. Formari dagokionez, egitura biribila du: amaiera ikaragarriak hasierara eramaten gaitu.
Burmuinaren katakonbetara eramaten gaitu eleberriak. Galderek eztanda egiten digute eskuen artean: zerk eramaten gaitu giza lehergailu bihurtzera? Zer arrazoigatik leherrarazi dezakegu geure burua, zertarako eta sarraski beldurgarria eragiteko? Nortzuk dira fanatismoaren eragileak? Zergatik?
Beste batzuk hiltzeagatik bere burua hiltzeko prest dagoena heroitzat hartzen dute fanatismo beraren itsumenduan bizi direnek. Izan ere, batzuetan Eguzkiaren argia baino itsugarriagoak izan ohi dira ideiak. Fanatismoaren argiak itsuturik joan ohi dira herioiak beren burua lehertzera, heriotzak heroi bihurtuko dituelakoan.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: