Herensugearen indigestioa

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2021-12-06 17:40

Izututa zeuden herrian. Inguruko basoetan herensuge bat ezkutatzen zen, eta, tarteka, herrian sartu eta txikizioak eragiten zituen. Eta are okerrago zena: sarri, haginen artean herriko norbait harrapatu eta hegan alde egiten zuen.

Baina egun baten herensugeak oker handia egin zuen, izan ere politikari bat ahoratu zuen. Herrira etorria zen, hauteskunde-kanpaina baitzen, eta, mitina ematen zebilela, herensugea haizean etorri zen, oholtza gaineko izaki hura harrapatu zuen eta baso aldean ostendu zen. 

Eta, kontatzen dutenez, ahotik sua bota zuen historiako lehen herensugea izan zen. Hala ere, oraindik argitu barik dago suaren jatorria. Batzuek diote politikariak eragiten dion bihotzerrearen ondorioa dela; beste batzuen iritziz, berriz, politikariaren erretolika amaigabeak sortzen du sua, herensugearen urdaileko azidoekin konbustioa eginda.

 

Bernardo Kapanaga

 

 


Utzi iruzkina: