Hello Kitty

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2009-10-05 22:54

Hello Kitty bahitzea pentsatu zuten Mukimoltsoek, arratsalde oso bat pentsatzen ibili eta gero. Bost mutiko ziren isilpeko elkarte hori osatzen zutenak: Patxi Bare, Txanton Pirri, Martin Lupu, Bartolo Txorongo (Peru Zopa ere deitzen zena) eta Hassan Hezin.

Lurpeko kobazulo bat zen euren gordelekua, eta eurek bakarrik zekiten bertara nola ailegatu. Oso handia zen, eta bertan argitasun gorri antzekoa zegoen, putzu sakon batetik zetorrena. Putzu hori salda gori batez beteta zegoen, beti bor-bor zebilena; Mumimoltsoek uste zuten handik infernura hel zitekeela, zuzen-zuzenean. Gainera, argia bakarrik ez, beroa emateko ere balio zuen, eta sukalde moduan: hantxe jartzen zuten lapikoa, janaria egiteko, hantxe frijitzen zituzten satorren txuletak ere (Mukimoltsoei gehien gustatzen zitzaiena satorren txitxia zen, zafla-zafla jaten zutena, tripa bete-bete egin arte). Kobazuloan laku bat ere bazegoen, ur beroa zuena, eta bertan ibiltzen ziren olgetan, txipli eta txapla.

Baina paradisurik paradisukoena ere aspergarri bihurtzen da azkenerako. Mukimoltsoei horixe bera gertatu zitzaien: bazkalondo batean nahikoa zela pentsatu zuten, kobazulotik irten eta zer edo zer egin beharko zutela. Eta pentsatzen hasi ziren.

Hasieran, tontakeriak baino ez zitzaizkien bururatu: film tuntun bat ikustera joan eta, aretoa ilun-ilun dagoela, krokodilo bat askatzea; hiri handi batera joan eta bat-batean semaforo guztiak gorri jartzea (edo hobeto oraindik: denak berde jartzea); ozeanoaren hondo-hondora joan eta tapoia kentzea; eskolara joan eta irakasle liburuak ostea (horrela ez zituzten jakingo ariketen erantzunak, eta barregarri geratuko ziren ikasleen aurrean); saltoki handi batera joan eta salgai guztietako barra-kodeak endredatzea, produktu guztien prezioa txupatxusarenarekin parekatzeko... Arratsalde osoa eman zuten antzeko ideia zoroak esaten, algara baten.

Azkenean, zera erabaki zuten: euren isilpeko elkartea mundu osoan ezagun bihurtuko zuen ekintza bat egin beharko zutela. Zein, baina? Brainstorming teknika barik, eurek bazuten beste bat, askoz ere hobea: muki-ekaitza. Zirkulu bat egin eta, denek batera, mukiak jaurti zituzten lurrera. Eta mukiek letra batzuk osatu zituztela ikusi zuten: HELLO KITTY. Horrelaxe jakin zuten zein izango zen euren lehen ekintza: Hello Kitty bahitzea.

Hasteko, euren segurtasunerako, kobazuloan beti mukimoltsokide bat geratuko zela adostu zuten. Horrela, zerbait txarto irtenez gero, kide hori arduratuko zen besteak topatzen. Zozketa bidez erabaki zuten lehen abentura hartan Hassan Hezin geratuko zela kobazuloan (egia esan, tranpa egin zuten, ez baitziren harekin asko fidatzen; uste zuten zorte txarra ekarriko ziela, edo aztikeriaren bat egiten saiatuko zela, baina, betiko moduan, dena aldrebes aterako zitzaiola).

L’Interneten Hello Kittyri buruzko informazioa bilatu zuten. Hain ospetsua zenez, seguru zeuden haren etxea oso ondo zainduta egongo zela, eta kalera ateratzen zenean bizkartzainak izango zituela. Beraz, moduren bat topatu behar zuten Hello Kitty erakartzeko.

—Badakit! –esan zuen Martin Lupuk– Sagar tarta jatera gonbidatuko dugu!

Elkarrizketa batean horixe aitortzen zuen Hello Kittiyk, izugarri gustatzen zitzaiola sagar tarta, endemas euren amak egindakoa.

Beraz, gonbidapena idazteari ekin zioten. Honelaxe zioen: 

Kaixo, Hello Kitty!

Zure miresle bat naiz. Txakurra naiz, baina ez izan beldurrik, niri katuak jolasteko gustatzen zaizkit, eta ez jateko. Gainera, ni oso txakur berezia naiz, lorez egina nago eta. Nahi baduzu, nire lore bat hartu ahal duzu buruan jartzeko, txoriaren lekuan.

Badakit sagar tartak asko gustatzen zaizkizula. Ba, hara: nire urtebetetzerako sagar tarta handi bat egiteko agindu diot nire herriko sukaldari onenari. Berak errezeta berezia dauka, eta seguru nago irrikaz egongo zarela tarta hori jateko. Horretarako, Bilbao izeneko hiri batera etorri behar duzu, gonbidapen hau jaso bezain laster. Juen-juen-juen museoaren aurrean ikusiko nauzu. Nire barruan sartzeko zirrikitu bat topatu behar duzu. Bertan beste gonbidatu batzuk egongo dira (lau mutiko). Beraiek esango dizute tarta non dagoen; beraz, eurekin joan, eta ondo-ondo pasatu!

Laster arte! 

Puppy 

Gutuna postontzian bota eta, euren ideia bikaina ospatzeko, Corte Ingles izeneko denda batera joan ziren. Bertan, komunetako paper guztiak harrapatu, zazpigarren pisura joan eta handik goitik bota zituzten, eskaileretan behera.

Hurrengo egunetan bihurrikeria gehiago egin zituzten hirian, baina handiena hauxe izan zen: ibaiaren ondoan zegoen garabi bat harrapatu (Karola deitzen zen bat, hain zuzen) eta handik hurbil zegoen futbol estadioaren arkua altxatu zuten. Eta hara zer pasatu zen orduan: estadioa karta eraikinen antzera plunba! jausi zen lurrera.

—Ijui! –esan zuten, saltoka– Azkenean hiri hau askatu dugu bere futbol taldetik!

Eta halaxe gertatu zen: hango biztanleek “lehoien gripea” izeneko gaitz arraroa zeukaten, edo auskalo madarikazioa ote zen, eta buruan ez zeukaten besterik estadio hartara joatea baino. Lehoien drogadiktoak ziren, baina, azkenean, askatuta zeuden madarikazio hartatik!

Beste egun batean otu zitzaien agian Hello Kitty heltzear egongo zela, eta Juen-juen-juen aldera joan ziren.

—Begira, hantxe dago Hello Kitty! –esan zien Patxi Barek.

Puppyren aurrean zegoenez, zirrikituaren bila, eurak atzealdetik sartu ziren, eta, barruan zeudela, zirrikitua zabaldu zuten.

—Ongi etorri, Hello Kitty!

 —Zuek zarete tarta jatera eramango nauzuenak?

—Bai. Etorri gurekin, mesedez.

Eta Puppyren barruan bertan hasten zen galeria batetik abiatu ziren, lur azpirantz.  Oso galeria luzea zen, eta Hello Kitty urduri jartzen hasi zen.

—Aizue, asko falta da? Ez dut tarta usaintzen, eta hemen barruan beldurtzen hasi naiz.

 —Zu fidatu zaitez gurekin. Beldur bazara, itxi begiak. Laster ikusiko duzu sukaldaria, gure zain dago eta.

Eta halaxe gertatu zen: Hello Kittyk berriro zabaldu zituenean begiak, sukaldaritzat hartu zuena ikusi zuen. Nor, eta Hassan Hezin bera! Bai, Mukimoltsoen kobazuloan zeuden.

—Eta tarta? –galdetu zuen Hello Kittyk, oraindik apur bat ikaratuta.

—Hona hemen berorrentzako jaki ezin gozoagoa! –erantzun zion Hassan Hezinek, bere betiko erreberentziak egiten zituela. 

Jakina, sagar tarta barik, sator tarta zen. Hello Kitty, lehen koilarakada ahoratu zueneko, botaka hasi zen, higuinduta.

—Hau bai jateko antojugarria! Zer demontre da hau? Eta nortzuk zarete zuek?

 —Hau bahiketa bat da, moñoña, eta gu zure bahitzaileak gara, Mukimoltsoak. Ongi etorri gure kobazulora.

Eta barre-zantzoka hasi ziren, filmetako gaiztoen antzera. Eta han nork agintzen zuen argi gera zedin, erratz bat eman zioten, eta kobazuloa garbitzeko esan, ikustekoa baitzen hango kuxidadea!

Biharamunean epaiketa egin zioten. Putzu gorriaren ondoan jarri zuten, eta esan zioten (beldurtzeko) putzuan sartuko zutela, lapiko batean, gezurrak esaten bazituen. Eta, beste barik, epaiketa hasi zen.

—Zu zara Hello Kitty, Mary eta Georgeren alaba, eta Mimmyren ahizpa bikia?

 —Bai, neu naiz.

 —Zeintzuk dira zure neurriak?

—Nire altuera bost sagarrekoa da, eta nire pisua, berriz, hiru sagarrekoa.

 —Zer da gehien gustatzen zaizuna?

 —Leku guztietan eta objektu guztietan egotea. Jainkosa bat bezalakoa naiz.

—Zein da zure helburua?

 —Jende guztia zoriontsua egi...

 —Kontuz gezurrekin, moñoña! Gogoratu putzua hor dagoela!

—Bale! Denek nire produktuak erostea eta oso-oso aberatsa izatea.

 —Eta nola hitz egin dezakezu, ahorik ez badaukazu?

—Hori ezin dizuet esan.

 —Ezetz? Orain ikusiko duzu!

Eta, ez bat ez bi, lapikoan sartu eta putzuan jarri zuten. Entzutekoak ziren Hello Kittyren garrasiak eta sokorruak!

Hantxe zegoela, Mukimoltsoek epaia esan zuten:

—Guk, Mukimoltsook, erruduna zarela erabaki dugu. Hain zuzen ere, zure erruagatik, munduko gero eta ume gehiago memelotuta daude. Hello Kitty sindromea daukate buruan, besterik ez: zure toalla erosi nahi dute, zure panpinak, zure motxila, zure jolasak, zure puzzlea, zure musika, zure gailetak, zure kuleroak... Guztiz lelotuta dituzu! Uste duzu horixe dela jendea zoriontsu egitea?

 —Aizue, atera ni hemendik! Edozer egingo dut, baina atera nazazue hemendik!

 —Bai, guk agintzen dizuguna egingo duzu, ziur egon –esan zioten, lapikoa putzutik aterata.

Sustoa pasatu zitzaionean, zer egin behar zuen azaldu zioten.

 —Ikusten duzu arrain-hezur hau? Ba, hemendik aurrera zure pitilina balitz bezala zainduko duzu! –esan zion Patxi Barek.

—Baina... ni neska naiz!

 —Horrexegatik diotsut: mutil batentzat pitilina da unibertsoaren erdigunea. Arrain-hezurra galtzen baduzu, Goodby Kitty!

Eta Patxi Barek atzamar bi jarri zizkion bekokian, pistola bat imitatuz (esan behar da arrain-hezurra Patxi Barerena zela eta oso maite zuela, magikoa zen eta).

—Eta zer egin behar dut ziztrinkeria honekin?

Patxi Bare sutan jarri zen.

 —Aizu, katutxo pijoflauta hori, kontuz zer esaten duzun! Beste pitokeria bat, eta berriro zoaz putzura, baina lapiko barik!

Hassan Hezin erdi negarrez hasi zen orduan, belauniko jarrita.

—Ez! Ez egin minik katutxoari! Hain da ederra...

Orduantxe konturatu ziren Mukimoltsoak: Hassan Hezin Hello Kittyrekin gustatuta zegoen! Begiradan tximeletak zituen babo halakoak, eta bihotzaren taupadak Afrikako oihaneko danborren hotsak bezalakoak ziren.

—Zer daukazu, Hassan Hezin? Zeu ere jausi zara Hello Kittyren amarrukerian? Ala beste zeozer nahi duzu?

Azken hori esan bazioten, sudurragatik zen. Sudurra Pinotxorena baino luzeagoa zeukan (baina ez gezurrak esatearren...), eta tanta batzuk jausten zitzaizkion, mukiak edo...

 —Ez, nik ez diot minik egin nahi. Nik berarekin ezkondu nahi dut!

Mukimoltsoak barre zantzoka hasi ziren.

 —Gure intxixuak katutxo pijoflautarekin ezkondu nahi du! –hasi zitzaizkion burlaka – Eta gero umea egingo dio, sudur luze horrekin!

Bai, Hassan Hezinen ezaugarri arraroena horixe zen: sudurra zen umeak egiteko erabiltzen zuen erreminta. Eta esan beharra dago beti-beti zegoela zeregin horretarako prest. Tira, prest ez: irrikaz. Bizio hori zeukan koitaduak: batzuk beti izozkiei begira dauden moduan, edo gailetei, edo baloiari, edo motorrei, edo traktoreei... Ba, Hassan Hezinen sudurra beti nesken misterio gorde hari begira, beti misterio gorde hura usnatu guran...

—Imajinatzen duzue Hello Kitty haurdun? Bere inperioaren amaiera izango litzateke! –esan zuen Martin Lupuk, eskuak igurtziz.

—Ba horixe bera pasatuko zaizu agindu dizuguna egiten ez baduzu –esan zion katutxo ikaratuari Bartolo Txorongok.

—Bai! Hassan Hezinek pepinoa sartuko dizu! –erantzun zuten lagunek, koroa eginez.

Eta abesten hasi ziren, bertsolarien doinuaz eta Judas Priesten martxarekin (heavylaritza deitu zioten estilo horri):

Hassan Hezinek pepinotzarra

sartuko dizu barrura,

sudur horrekin emango dizu

puxika baten itxura.

Umemoko bat jaioko zaizu

tripa betetik mundura,

kaka zirina bezain zatarra

behatz puntatik burura. 

Hello Kitty ikaratuta zegoen (eta damututa ere bai, ordura arte hain pijoflauta izateagatik). Hortaz, agindu zioten guztia duda barik egingo zuela zin egin zien.

—Eta eduki telebista isiotuta, ze, zuek esandakoaz gainera, beste zeozer ere egingo dut. Sorpresa bat izango da!

Berandu zenez, afaldu eta lotara joan ziren.

Biharamunean prisa barik altxatu ziren, Hassan Hezinek iratzargailua Plutonen orduan jarri zuen eta (morroiak ez zuen inola ere nahi bere maiteñoa joatea, bistan da). Hala ere, ez zegoen beste erremediorik: epaiketan ezarritako zigorra bete behar zuen. Baldintza hori ezinbestekoa zen Mukimoltsoen barkamena lortzeko.

Denen artean eman zizkioten azalpenak, handik irten ahal izateko:

—Galeria horretatik gora joan behar duzu. Londoneko Big Ben erlojuaren barrualdean agertuko zara. Han egin behar duzuna eginda, Bilbora joan eta Puppyren barruan sartuko zara, zirrikitutik. Handik abiatzen den galeria jarraitzea baino ez daukazu hona etortzeko. Hiru egun dituzu hori guztia egiteko. Hirugarren egunerako hemen ez bazaude, badakizu: Goodby Kitty!

Han abiatu zen katutxoa, denei agur eginda, eta Hassan Hezini patxoa emanda (zelako intziriak bota zituen gizajoak!). Iragarritako moduan, Big Ben erlojuaren barruan agertu zen, hamabien dangadan. Hantxe egon zen, gordeta, kontzertura joateko ordua iritsi arte. Mozorrotuta joan zen, inork ez ezagutzeko, eta aurre-aurrean jarri zen, lehen ilaran, zale sutsuenen artean.

Bitartean, kobazuloan, Mukimoltsoek telebista bat lortzeko plana egin zuten. Oso erraza izan zen: saltoki handi horietako batera joan ziren, eta Martin Lupuk bere saguari telebista bat osteko agindu zion: garestiena, handiena. Sagua Gose Mari deitzen zen, eta zeregin horiek egiteko inor baino trebeagoa zen. Orduan ere, inongo arazo barik bete zuen lana, telebista irentsiz, anakondak behia jaten duenean bezalaxe, edo askoz ere aiseago, egia esateko. Jakina, dendaren kanpoaldean zeudela, bihurrikeriaren bat egin behar: alde egin baino lehen, bertako kristalean letra handiz idatzitako “NI EZ NAIZ TONTOA” esalditik bigarren berba ezabatu zuten, mukiak trebezia handiz jaurtiz.

Kobazulora ailegatu eta telebista piztu zuten. Hantxe ikusi zuten Paris Hilton tuntuna, eskenatokian, abesten. Fokuek jendetza erakusten zuten, tarteka. Eta, bat-batean, hara ezustea: Paris Hilton, abesteari utzita, garrasika hasi zen. Ikusleen artean norbait ikusi zuela zirudien, norbait ezaguna. Bai, horixe esan zuen mikrofonotik: berak hainbeste miresten zuen norbait zegoela han, eta igotzeko eskatu zion.

—Hello Kitty! –deiadar egin zuten Mukumoltsoek, eskenatoki gainera agertu zenean.

Mikrofonora joan zen zuzenean.

—Hau nire lagunen izenean egin nahi dut. Zuentzat, Mukimoltsoak!

Eta, berba horiek esanda, Paris Hilton lurrera bota eta musukatzen hasi zen, ezpainetan.

—Baina guk ez genion hori agindu! Guk arrain-hezurra ipurdian sartzeko esan genion! –esan zuten Mukimoltsoek, harrituta.

—Ez zarete konturatzen Paris Hilton hori musukatzea berak agindutako sorpresa dela? –argitu zien Hassan Hezinek.

—Jakina! Baina begiratu zer daukan atzamarren artean. Ikusten duzue? Arrain-hezurra da! –konturatu zen Patxi Bare.

Bai, oso ondo ikusi zuten nola jarri zuen esku hori Paris Hiltonen ipurdian, eta nola hasi zen desitxuratzen ziztadaren ondorioz, erretzen egongo balitz bezala. Zehatzago esanda, gomazko andrakila puzgarri nazkante horietako bat zirudien Paris Hiltonek. Eta garren artean legez desegiten ari zen!

Segundo gutxiren buruan, hondar zikin bat baino ez zen geratu eskenatokian. Bien bitartean, Hello Kitty etorritako moduan joan zen. Baina, arinago, berriro mikrofonora hurbildu eta hauxe esan zuen:

—Gora Mukimoltsoak! Uzten badidazue, neu izango naiz seigarren kidea!

Hunkituta entzun zituzten Mukimoltsoek berba horiek. Orain bazuten neska bat taldean! (Hassan Hezinen sudurra zen guztien artean alaien zegoena: muki-jaurtika aritu zen, gelditu barik)

Hirugarren egunean, eurekin zegoen Hello Kitty. Bibaka egin zioten ongietorria. The Times egunkaria zekarren besapean. Berau zabaldu eta albiste hau irakurri zien: 

HELLO KITTIK PARIS HILTON HIL DU

Atzo hilketa izugarria gertatu zen Londonen: Hello Kitty katutxo ospetsuak Paris Hilton hil zuen, kantaria ematen ari zen kontzertuan. Guztien aurrean hil zuen, eskenatokira igo eta ezpainetan musu emanda. Dirudienez, musu horren eraginez, Paris Hiltonek su hartu zuen, eta guztiz erreta geratu zen.

Denak harrituta daude Hello Kittyren portaerarekin. Nola bihurtu da hain ankerra ume guztiek maite zuten katutxo hori? Polizia beraren bila ari da, eta ikertzen dabil zer ote den mikrofonotik esan zuen berba arraro bat: Mukimoltsoak. 

Albistea artaziez ebaki eta album batean jarri zuten, azpian hauxe idatzita: “Mukimoltsoen lehen abentura honekin, ospetsuak bihurtu ginen mundu osoan, eta Hello Kitty gure seigarren kide bihurtu zen.”

Oraindik orri asko falta ziren euren abenturekin betetzeko, baina hantxe zegoen lehena. Eta zein pozik zeuden!

Gau hartan denek egin zuten amets abentura berriekin, baita Hassan Hezinen sudurrak ere! 
 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: