haurkezpena
Gaurtik aurrera, hitz asmatuak jarriko ditugu Txistu y Tambolinen, euskararen aberasgarri (eta aber ahazgarri ez diren...). Gure helburua egunean bat jartzea da, baina, geure burua ezagututa, ezin horrelako konpromisorik hartu...
Badakigu langintza horrek ez gaituela Euskaltzaindiaren Batzarlandiara eramango, eta xuxentzaileak azpimarra gorriz beteko dituela gure testuak, baina guri, bospasei! Gure asmo bakarra dibertitzea da, olgeta hutsa. Hizkuntza ez da bakarrik gauza serioetarako. Guk dantzarako eta txantxarako ere nahi dugu. Badakigu ez garena lehenak zeregin honetan, eta ez gaitezela azkenak izan! Jakina, zuek ere zeuen proposamenak bidali ahal dituzue, edo guk jartzen ditugun hitzen aldaerak asma ditzakezue, beste esangura batzuk eman... Kontua ondo pasatzea da.
Eta zergatik ezberbak? Ezizen hitzaren irudira bataiatu ditugu horrela. Gure herrietan ohikoa da (gure izen ofizialarekin batera) bestelako izenak izatea: informalak, barregarriak, sormenaren eskolan sortuak. Geuk ere izaera hori eman nahi diegu gure ezberbei. Hala izan dadila, edo, bestela, sar dakigula uzkian barrena sugandila!
Jendaurrean haur jaioberria aurkezten ari diren gurasoen antzera gaude hemen, poz-pozik, baina urduri samar ere bai: ez da erronka makala geure buruari ezarri dioguna! Ea ba: hor doakizue gure lehen ezberba:
HAURKEZPENA: gurasoek haur jaioberria jendaurrean aurkeztea, horrek dakarren erritual eta arrisku guztiekin (haurraz esan beharreko gezur guztiak tarteko, tximinoa bezain itsusia bada).
Iruzkinak
Utzi iruzkina: