Hassan Hezin
Hassan Hezin iratxoa zelakoan bizi zen. Olio lanpara batean jaio zela esaten zien ezagunei, baina batez ere ezezagunei, haiek lasterka ihes egiten baitzioten, galernaren ihesean doazen hondartzaleak bezalaxe. Bi arrazoi nagusi daude arrapalada hori zuritzeko: Hassan Hezin munduko gogaikarrien olinpiadetan lehena eta azkena helduko litzateke, lehiakiderik lehiakorrenak ere ez bailuke haren ondoan ezta orrialde erdiko elkarrizketa jasango. Eta hona are okerragoa dena: Hassan Hezin zoritxarraren pertsonifikazioa zen, patu txarraren txapelduna, malerus hormonala. Bere iratxotasuna egiazkoa balitz, esan beharko litzateke inoiz izan den iratxorik baldarrena zela, papaoena, ganorabakoena. Deskalabru hutsa, labur esanda. Eta hori behintzat ezin zitzaion ukatu: goi-mailako perfekzioraino eraman zuen inperfekzioaren kontzeptua. Are gehiago: Hassan Hezin bera zen akatsik perfektuena.
Hassan Hezinek eragindako katastrofeak bata bestearen gainean pilatzen hasiz gero, zerurainoko dorrea altxatuko genuke, eta hori ez da komeni, ziur asko dorrea ez ezik zerua bera ere jausiko baitzen lurrera, eta kristoren hondamendia eragingo. Horren ordez, zer edo zer esan beharko litzateke bere zaletasun handienetako bati buruz: jendearen aurrean ezustean agertzea. Jakina, berak gustuko zuen bezeroak harritzea, gutxien espero zuten tokian eta momentuan agertzea. Olio lanpararen barruan agertzeko kontu hori ezagunegia zenez, berak beste bide batzuk probatu zituen (tamalez).
Horien artean, hona gehien erabiltzen zituen batzuk: nomadek erabiltzen zituzten bideetan jartzen zen, basamortuko hondarraren azpian ezkutaturik, eta etortzen sumatzen zituenean braust!, hondarretik burua ateratzen zuen. Eta orduan, beti ezbeharren bat gertatu behar. Behin baino gehiagotan, kasurako, gameluen apatxek zapaldu zioten burua gizagaixoari. Beste batzuetan palmondoetara igo eta hantxe egoten zen, azpian norbait ikusi arte. Orduan panp!, bere burua botatzen zuen, bezeroa ezustean harrapatzeko. Baina, jakina, gauzak beti txarto atera behar. Zenbat bider apurtu zuen besoa ez bada hanka… Burua apurtzen ez zuenean, pozik! Baina gehien gustatzen zitzaiona turisten aurrean agertzea zen. Turista talde bat autobusetik jaitsi eta arkeologia aztarnategiak eta horrelakoak bisitatzen zebilela, Hassan Hezin zutaberen baten ostetik agertzen zen, edo hilobiren baten barnealdetik ere igual… Orduan, mamua zelakoan, turista guztiak uxatu egiten zituen, kalamidade halakoak!
Baina Hassan Hezinek ez zuen amore ematen, ezta... Eta hainbeste bider saiatuta, batzuetan zortea izan behar. Tira, egia esateko, Hassan Hezinen hiru gurarien eskaintza hura ez zen inondik inora “zortea” bezeroentzat, eskatutakoa sekula ez baitzuen betetzen. Hori horrela zela egiaztatzeko, Hassan Hezinek Kaltetutako Bezeroen Elkartera (HHKBE) jotzea besterik ez dugu. Hona hemen testigantza batzuk (izen-abizenak ezabatu egin ditugu, badaezpada ere):
“Nik sudurra Audrie Hepburrena bezalakoa izateko eskatu nion, beti egon naiz-eta lotsatuta neure pikotxarekin, eta badakizue zer? Hassan Hezin malapartatu horrek sudurra ukitu, eta guardasolaren gakoa lako piper okerra baino okerragoa utzi zidan!”
“Harrapatzen badut, akabatu egingo dut sasikume hori! Titiak handixeagoak nahi nituela esan, eta badakizue zer egin zuen urde halakoak? Ipurmamiak titien lekuan jarri! Ederra nago orain, kabenzotz!”
“Ni ez naiz gauza etxetik irteteko ere, egin kontu! Beti gustatu izan zait abestea, eta zera, ahotsa Pavarottirena modukoa izatea gustatuko litzaidakeela esan nion. Ahoa zabaltzeko esan zidan, eta aho barruan putz egin zidan. Harrezkero, badakizue zer gertatu zaidan? (Ardiaren balakak entzuten dira: bee, bee, bee…)”
“Ni burusoila nintzen, eta aukera ikusi nuen gaztetan legez berriro ilea izateko. Baina hara: buruan beharrean, gorputz osoan atera zitzaidan ilea, eta zelakoa, gainera! Pirinioetako hartzek ere nik baino ile gutxiago dute eta! Orain ezin naiz hondartzara ez igerilekura joan, denak hasten zaizkit barreka. Hassan Hezin madarikatu hori larrutu egingo nuke, zati-zati egin, birrindu!”
“Zergatik egin nion jaramon Hassan Hezin artolasto horri? Ikusten dituzue asto belarri hauek? Berari jarriko nizkioke, bai horixe! Apur bat gorra nuela esan, eta lasai egoteko erantzun zidan, handik aurrera primeran entzungo nuela. Astakirten alaena! Astindu ederra emango nioke, ondo merezita dauka eta!”
Halako aldrebeskeriaren bat egiten zuenean, ziun! desagertzen zen Hassan Hezin, tximistaren antzera. Ezin bestela izan, bezeroak madarikazioka hasten zitzaizkion eta, hesteak ere haserrearen haserreaz irakiten…
Baina ez zuen hankasartzeetatik ikasten. Hassan Hezinek lehengo lepotik burua. Bai, laster ahazten zitzaizkion bezeroen mehatxuak eta biraoak. Izan ere, oso gogoko zuen bere langintza trakets hura, eta are gogokoago neska turisten usaina. Ai ene, zelako lurrin goxoa neska haiena!
Ohitura hartu zuen turistak joaten ziren lekuetara joateko. Batez ere jatetxeetara joaten zen, eta mahai-zapiaren azpian gorde. Hantxe egoten zen, emakumezkoen gonei begira. Berarentzat munduko misteriorik handiena hantxe zegoen, hanka haien artean. Buruan sartu zitzaion emakumeen lurrin hordigarri hura handik sortzen zela, kuleroek estaltzen zuten iturri hartatik. Eta, jakina, ikertu beharra zegoen! Halako trebezia garatu zuen ber-bertatik usaintzeko, iturri ezkutu hartatik. Gero eta hurrago, orduan eta beroago! Han ibiltzen zen, usna eta usna!
Esan daiteke Hassan Hezinek inkuboen dohainak zituela. Badakizue, ezta? Inkuboak deabrutxoak ziren, loak hartutako emakumeen gainean pausatu eta eurekin gozatu egiten zutenak. Eta Hassan Hezinek ere antzera egiten zuen, baina sudurra erabilita: hanken arteko iturri hartan sartzen zuen sudurra, eta bertan uzten hazia. Bai, ez galdetu nola, baina huraxe zen egia santua: Hassan Hezinen ugaltze-aparatuak handik bideratzen zituen zapaburuak.
Zenbat neska bueltatu ziren etxera maleta eta guzti, jeseus! Ibili eta ibili, azkenean harrapatu egin zuten. Behin, neska bati sardexka mahai azpira jausi zitzaion, eta, hartzera zihoala, Hassan Hezin ikusi zuen, sudurra hantxe sartuta zuela. Poliziei deitu eta kartzelan sartu zuten, lapurretan ari zela egotzita.
Epaiketan Hassan Hezin erruduntzat jo zuten: herrian gertatzen ziren hondamendi eta ezbehar guztien erantzulea bera zela erabaki zuten. Eta hona zigorra: kohete batean sartu eta iretargira bidali zuten. Bertako telebistan eman zituzten irudiak: nola eraman zuten koheteraino (kateaturik, badaezpada ere), eta nola jaurti zuten kohetea.
Hassan Hezinen zorte txarra ez zen hor amaitu. Han hasi zen, auskalo zer aztikeriatan, kohetea berriro Lurrera eraman nahian. Baina, kia! Betiko moduan, justu alderantzizkoa lortu zuen: kohetea zoroen pare joan zen iretargiaren kontra, eta, danbatekoaren eraginez, badakizue zer pasatu zen? Ba, iretargia abian jarri zen, eta Artizarraren kontra talka egin zuen. Eta, ondoren, Artizarrak Martitzen kontra, billar bolen antzera. Hura bai, hondamendi kosmikoa!
Bitartean, Hassan Hezinek koheteko botoi bat sakatu zuen, eta tziun!, sabaitik irten zen, abiada bizian. Espazioan zehar joan zen, bueltaka, bueltaka, bueltaka, eta halako batean... Zelan adierazi zer gertatu zen? Hondarrean ezkutatzen zenean bezalaxe izan zen: bat-batean burua hondarraren artetik legez atera zuen, eta toki arraro batean agertu. Kobazulo bat zirudien, eta bertan lau mutiko ikusi zituen. Hain justu jarrita zeuden tokian agertu zen, euren erdi-erdian, lur azpitik etorrita.
—Nor arraio zara zu? –galdetu zioten, harriturik.
—Hassan Hezin naiz, zuek zerbitzatzeko –erantzun zien, erreberentzia eginez.
—Zu bai izaki arraroa! Nola agertu zara lur azpitik? Goitik etorri behar zinen, gu guztion antzera!
—Aizue, agian berba magikoak aldrebes esan ditut.
Hassan Hezinek bere burua aurkeztu zuen orduan, eta mutikoek, kostata ere, euren elkartean onartu zuten. Hain pertsona ganorabakoa izanda ere, seguru zeuden euren abenturetan baliagarria izango zela, besteei zorte txarra emateko.
Eta boskotea osatuta, horrexetan hasi ziren pentsatzen: ea lehenengo abentura zein izango zen. Baina hori beste baterako utziko dugu, ezta?
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: