Hasi da glaziazio ekonomikoa

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2013-01-01 20:20

Hasi da glaziazio ekonomikoa.

Orain soldatak ez dira izerdiaz irabazten:

atzamar batek erabakitzen du kobratuko diren ala ez.

 

Hasi da glaziazio ekonomikoa.

Banketxeak eskeko bihurtu dira,

eta gobernuak haien zorrak gure lor bihurtu ditu

gure botoek emandako legezkotasun demokratikoaz;

bitartean,

 inork ez ditu erreskatatzen

balkoietatik jauzi egiteko prest dauden duingabetuak:

suhiltzaileak lanpetuegi daude Gran Vian egutegiak saltzen

eta emakumeen amets erotikoei su ematen.

 

Hasi da glaziazio ekonomikoa.

Etxea oraindino galdu ez dutenek

 aberatsen luxuak miresten dituzte telebistan,

eta, haien zoriontasun materiala gurtu nahian,

 txinoetako olentzeroak esekitzen dituzte balkoietan.

 

Hasi da glaziazio ekonomikoa.

 Pax amerikarrak esaten du

nori saldu zure enpresako produktuak

eta zein estatu terroristari ez,

eta, tarteka,

pax horren arma-industriaren mozkorraldiak

mesias bat sortzen du hogei ume sakrifikatzeko

Connecticut-eko eskola batean, adibidez.

 

Hasi da glaziazio ekonomikoa.

Eskubideak eskabide bihurtu zaizkigu atzera ere,

eta erne ibili:

erretiroaren patuak harrapatzen gaituenean

kapazak dira gurekin gaileta berdeak egiteko.

 

Ron Sniakin


Utzi iruzkina: