Hamabi @ko ordotsa

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2012-02-06 12:16


Kaixo Martin,

Gaur goizean zu lanean izan zaren bitartean zure emazte zintzoak bete egin ditu atzo eman zenizkion aginduak eta lehenengo eta behin zapata dendara joan da zapata berrien ticketa eskatzera, beharbada hor izango duzu, mahai gainean dagoeneko, kafearekin batera iritsiko zitzaizun, kafetegitik zetorrela zure idazkariari eman baitiot. Konturatuko zinen salneurria nik esandakoa dela eta ez dudala aldea poltsikoratu, zuk uste bezala. Marirenean izan nauzu gero, eta hamar kilo patata erosi ditut, Eroskin baino bi pezeta merkeago baitaude, eta pisu astuna egin bazait badakit nola pozten zaren horrelako txoiloekin. Azkenik zure emazte zintzoak amatxok, hamalau urte zenituela, futbolean jokatzeko egin zizkizun artilezko kaltzetinen zolak berritu ditu.

Eta une horretan bertan iritsi da. Kaltzetinari azkeneko puntada ematera nindoala atariko txirrinari sakatu dio Karlosek. Ez nekien horren goiz etorriko zenik, zeren telefonoz deitu eta soberan izan ditu hamar minutu hona heltzeko. Ba harrigarria bada ere mutikote honek zure antza dauka, hogei urte gazteagoko Martin gihartsu eta iletsu horren antza, kondoiak erosten nizkion garai hartako Martinena, gogoratzen duzu? Garestiegiak zirela eta, kondoiari buelta eman eta iturrian garbitzen zenituen hurrengo baten erabiltzeko...

Ba hau ere kontatu diot Karlosi, eta izozkailuan okasio berezietarako daukagun txanpaiarekin egin diot harrera, nola da? “Ana de Codorniu”?... Baina oraindik atzeratutako lana neukan eta zuk agindu bezala hautsa kendu diet apaletako liburuei, baina badakizu eskilaratxoak hanka bat duela kili-kolo, eta eskilara oratzeko eskatu behar izan diot Karlosi, eta uste dut orduan konturatu dela eskatu nahi nion zerbitzuaz, gonaren azpian ez baineraman kulerorik eta han behean ikusi dut liluratuta milurteko azken eklipseari begira, eta nire zulo beltzak erakarrita ekin dio gorako bideari, lehendabizi etxeko zapatilak kendu dizkit, eta behatz lodia txupatzen hasi da, benetan ez nukeela sekulan pentsatuko behatz horri halako etekina atera zekiokeenik.

Mihiarekin kili-kiliak egin dizkit izterrerako bidean eta aitortu behar dut hara heldu orduko alu alde osoa neukala irakiten Arnedilloko ur putzuak bezala, eta han sartu dit mihia eta kontu handiz potxolinaren ezpan larrosak sakabanatu dizkit hango bazter guztiak arakatzeko, eta bere bibotearekin nire okarantxoari eragin dio gora eta behera, herenilearen leuntasunez, gora eta behera, eskuak nire titietan pausaturik zituela, titiburuak eztitasunez laztantzen. Gozamen izugarria izan da eta oihuka hasi naiz opera kantaria banintz bezala, eta bat-batean atseginaren atseginez eskumako hanka dardaraka hasi zait eta zorabiaturik ia eskilaratik erortzen naiz, eskerrak Karlos egoeraz jabetu eta mahai gainean etzan nauela, baina ez diot jarraitzen utzi, txandakako jokoa baita hau eta eskuhartzea irabaztea baino inportanteagoa da. Orduan tirakada batez prakak eta kantzontzilloak erantzi dizkiot. A ze ikuskizuna! Hura bai burdin tranga, Martin! Zurtoinetik ebatu eta azala bajatu diot suabe-suabe eta sagar gorri distiratsua agertu denean osorik sartu dut ahoan eta horzkadatxoak eman dizkiot barrabil gogortuetan eta ipurtzuloa lamizkatu diodanean berak ere oihu egin du eta igarri diot korritzera zihoala eta hazi beroa isiltasunez irenstearekin jokoa bukatu gabe zegoela adierazi nahi izan diot eta berak ondo baino hobeto ulertu du.

Baina tartean ez dugu zigarrorik erre, Ainararena kontatu diot, nola bera jaio eta gero aurre aldeko penetrazioa ez zaidala horren atsegin egiten eta atzetik hartzeko gogo ikaragarriak nituela. Ba edalontziko txanpan hotza hartu du eta bizkarretik ixuri dit, pixkanaka, tantaz tanta, eta azala oilo ipurditan jarri zait eta plazer handiz sentitu dut burbuilen errekatxoa uzkitik pasatzen, eta gero, atzamar bat mahai gainean gosaltzeko zegoen mermelada potean sartu eta txupatzen eman ostean ipurtzulotik sartu dit, bigarren atzamar bat ere txupatu diot eta inolako minik gabe sentitu dut atzeko zuloa nasaitzen eta bere burdinaga goria hondoratu didanean garrasika hasi natzaio, atsegin irainak bota dizkiot, ulertezinak Martin, lotsaren lotsez kontatu ezin dizkizudanak.

Gainera, Karlosen kirtenak nire barrenak astintzen zituen bitartean bere atzamarrak hor ibili dira, samurtasunez eta maixutasunez, nire okarantxoa igurtzen, eta uste dut antzina galdutako sentsibilitatea berreskuratu dudala ze horren bustia zegoen Santutxuko iturria ematen zuela.

Ez dakit zenbat aldiz korritu naizen Martin, bi, hiru, lau... baina jaialdiari amaiera bikaina eman nahi nion eta zakila ateratzeko eskatu diot Karlosi eta zakil burua ahoan sartu dut eta kirtena ondo ebatuta nuela motorraren azeleragailuarena egin diot eskumuturrarekin, aurrera eta atzera, atzera eta aurrera, eta halako baten bihotzeko atzamarra ipurditik prostata ikutzeraino sartu diot eta ikutzeaz batera sumendiak bere laba beroa ixuri du, bortizki eta erruz, eta gorputz osoa haziztatu dit, bularra, aurpegia, ilea... Baina ez naiz zikin sentitu. Akaso zikin sentitzen dira putetxeko emakumeak zurekin egiten duten bakoitzean? “Bezero aparta da gure Martin” esan dit hango jabeak. Eta ni dirua aurrezten! Orain dela hogei urteko arropak daramazkit aldean, zapata berriak erosi eta gizonari kontuak eman behar dizikiot... Putaseme ordots halakoa! Orain ulertzen dut nondik etorri zitzaidan iazko infekzioa, senarrak ekarri zizkidan honddoak! Eta zer diozu Gorkari buruz? Ileapaindegiko Maiteren semea, Maitek berak esan dit zurea dela, eta agi denez, herri guztia dago jakinaren gainean ni izan ezik.

Baino akabo da dena. Karlosen zerbitzuak eskuzabaltasunez ordaindu ditut, eta jakin badakit horrek gertatutakoak baino min gehiago emango dizula, Karlosen azken hazi tantakak zure amaren kaltzetinekin sikatu izanak baino gehiago. En fin, kaltea egina dago eta ez naiz orain negarrez hasiko. Dena den, bukatu aurretik, azken ohartxo bat daukat zuretzat, kontuan izan e-mail hau zure ordenagailura iristen denerako etxeko zerraila aldatuta egongo dela, arotza iritsi berria baita, Jon da, “Magnum”, gogoratzen zara? Zurekin egin zuen soldadutza. Ba orain badakit ezizena nondik datorkion. Agur Martin.

Epaitegian elkar ikusi arte, zure emazte zintzoak

Pikutara bialtzen zaitu.

Lodinowsky

 



Utzi iruzkina: