Halakoa da bizitza hemen

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2013-12-27 08:57

Eguzkia puxtarri hotza da

ipar-hemisferioko txoko honetan

abenduaren hondarrean.

Lurmutur Hirian nago, izerditan,

esan dit mezu batek telefonoan.

Hegazkin bat hartuko nuke

udaren bihotzera joateko

odol bako zain hauek

bizitzaz blaitzeko

esku izoztu hauek

laztanekin berotzeko,

zeren maitasuna

lurmutur urrun bat da niretzat

hiri ahaztu bat dagoeneko.

Hego hemisferioaren orroak

sentitu nahi ditut erraietan,

bihotzaren taupadak

elefanteen urrats astunak

izan daitezela

eta ez elurrez zamatutako arbolak.

Halakoa da bizitza hemen:

ipar-hemisferioko txoko honetan

arin doaz hodei ilunak zeruan

arin asteak, hilak eta urteak;

hemen bizitza

sekula helduko ez den

uda da.

                            

                                                       

Ron Sniakin

 


Utzi iruzkina: