Erantzuna

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2023-06-25 19:16

New Yorkera nindoan hegazkinean, eta azafatak paper bat eman zidan. Badakizue, ea zertara zoazen AEBra eta ea asmorik duzun hango presidentea hiltzeko. Tentazio handiegia izan zen: baietz erantzun nuen.

Aireportuko polizia-postura heldu nintzenean, azafata ikusi nuen agenteari belarrira zeozer esaten. Hiru polizia oldartu zitzaizkidan, eta gela txiki batera eraman ninduten, arrastaka.

Ozta-ozta ulertu nien presidentearen hilketaz akusatzen nindutela. Azafatak berretsi zuen nik baiezko erantzuna markatu nuen une berean topatu zutela presidentea hilda Etxe Zurian, boligrafo bat eztarrian sartuta. 

-Boligrafoan agertu diren hatz-markak eta zureak berberak dira.

Eta atxilotzen zaituztenean pelikuletan askotan entzun dugun erretolika hori irakurri zidaten, badakizue, nituen eskubide horien guztien zerrenda luze gogaikarria.

Dena zihoan nik nahi nuen moduan: nire ametsa AEBn hiltzea zen, zergatik eta presidentea hiltzeagatik, nola eta aulki elektrikoan. Badakizue: denok daukagu perbertsioren bat, eta perbertsioak gauzatu egin behar dira. Batez ere nire moduan laurogei urte bete berriak badituzu eta hemendik aurrerako bizitzak gainbehera jasanezina izan behar badu.

Gartzelara eraman ninduten. Ziegako atea itxi zutenean, etxean bezala sentitu nintzen. Lastairan etzan eta, irribarrea ezpainetan, loak hartu ninduen.

Amesgaizto bat izan nuen: hegazkinean nindoan New Yorkerantz eta azafatak paper bat eman zidan, betetzeko. Eta presidentea hiltzeko asmoa nuen galderari ezetz erantzun nion.

-Barkatu, okertu egin naiz! -esan nion azafatari.

Baina azafata bazihoan nire papera eskuan hartuta. Akabo nire ametsak!

Orduan esku bat sentitu nuen sorbaldan. Izerditan itzartu nintzen. Azafatak petrina jartzeko adierazi zidan, hegazkina lurreratzera zihoala eta.

-Eta bete beharreko papera?

-Lasai, jauna. Lehen eman didazu.

Hegazkinetik ateratzeko ilaran nengoela, zalantza hartan kulunkatzea iruditu zitzaidan perbertsio gustukoena: ez jakitea zer erantzun jarri nuen paperean, baiezkoa ala ezezkoa.

 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: