gortzientzia
Zenbat eta gorago, orduan eta gorrago. Horixe pasatzen zaie lanean, gizartean, politikan... beti gora joan nahi dutenei, goranahiei. Kontua tontorrera heltzea da, nolanahi. Ukondoa eta labana dira goranahien lan-tresnak. Eskalatzaile amorratu horiek eskalarik gabeko hegaldian iritsi nahi dute gailurrera. Eskalarik ez, baina eskelak bai: adiskideak hil egiten zaizkie (dituzte). Baina berdin die. Haien xedea lortzeko ordaindu beharreko kuota da. Zer min egiten die horrek? Badute bihotz-zimikorik? Ez. Armadura erabiltzen dute, kontzientziaren atximurrei ihes egiteko.
Agintariek ere armaduraren teknika hori erabiltzen dute: neurri bidegabeak hartu baino lehen, legeak asmatzen dituzte, neurri horiek justifikatuko dituztenak. Lege horiek dira haien armadurak, kontzientziaren uluak isilarazteko erabiltzen duten sordina. Baina kontzientziak ez du zerikusirik legeekin edo mandamenduekin, duintasunarekin baino. Eta, hain zuzen ere, horixe da goranahiei falta zaiena.
GORTZIENTZIA: isilarazitako kontzientzia.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: