gorridura

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2007-06-07 18:36
1

GORRIDURA

LEMA: PATATA

Gazte gutxi ginen Trokonizen eta Gasteizera ikastera edo lanera joan ez ginenok, ia egun osoa, patataren inguruan ematen genuen, normala zen, beraz, gure artean, emakumeak ere patatekin konparatzea. Bazegoen, honako edo halako ezaugarrien arabera, egozteko egokia zen emakumea, frijiturik jatekoa, azal zurikoak edo nabarrak, edo kutsadura barik ekologikoak zirenak, eta baita preziatuenak, etxekoak zirelako, euskal labeldunak.

Hala ere, Trokonizen, harreman gutxi geneukan emakumeekin, eta sailkapena egin zuen jakintsuaz aparte, gainontzekoak herabetasunaren euskal azpigerusaren menpe bizi ginen, gure baitan, lotsa, Azazetako pagoak baino errotuago zegoela alegia, eta orduko, Ruiz de Erentxundarrek edo Ortiz de Zaratetarrek euskara, komunikazio tresna bezala, patatak ereiten zireneko garaietan galdu bazuten oinordekooi lotsaren euskal azpigerusa utzi ziguten. Horregatik, guri, errazago egiten zitzaigun patxaranari heltzea, hautsak egitea eta putetxeratzea Andolluko Mariarekin zinera joatea baino.

Orain, uste dut, ohitura hauek pixkanaka aldatzen doazela baina garai hartako gazte bipilenak Brasilera, Santo Domingora edo Kubara joaten hasi zirenean hango paradisu sexualen gorabeherak herriz-herri zabaldu ziren zorria garagarrean baino azkarrago.

  • Hangoa naturala duk motel ! Mintzapraktikatik pitxapraktikara pasatzea lez (AEKko maixu mutilzaharrak Brasilgo Fortaleza hirian zeuzkan ile urdinak beste narrutaldi joak zituela aitortu zidan).Gorputzaren berezko aiherra duk. Badakik propensión, inclinación.

1990ko abuztuaren 7an Cubana de Aviacióneko hegazkin sobietar batek eraman gintuen amestutako paradisura. Espedizioa, Oskar "Patatas King", traktoreak gidatzen beharbada munduko azkarrena zen Martin eta ni neu, AEKko ikasle nintzelako Trokonizen "Raruto" ezizenagatik ezagunagoa osatu genuen.

Hamar orduko hegaldiaren ondoren Tupolev zaharraren eskailerak "Llegó el comandante y mandó parar" kantaren doinupean jaitsi genituen.

Aireportutik irten eta berehala bost izarreko Havana Club hotelean geunden. Oskarrek gela indibidualak eskatu zituen eta hotelean ea nork agintzen zuen galdetu zion harrerakoari, gutxira, gorbatadun zomorro batekin tratuan ikusi genuen, igogailuan sartu eta desagertu egin zen, etxera itzultzeko egun berean zomorroari eskupekoa ematen ikusiko genuen berriro.

Patatas Kingek AEKko maixuaren errekorra hautsi zuen, sei narrutaldi eguneko, bider zazpi egun, berrogeita bi narrutaldi edo bost kiloko zakuan sartzen ziren patata kopurua.

Martin eta biok etxera itzuli aurreko azken gauean Bakardi ronari lotuko gintzaizkiola erabaki genuen eta bi ordu barru, botila bi ron-ron botila bi bilakatu ziren unean, aitortzen orenean , Martin armairuei buruzko gorabeherak kontatzen hasi zitzaidan eta jakin gabe zertaz ari zen Azedokoak, haritzez egindakoak, onenak zirela erantzun nion.

  • Te lo voy a decir en vasco para que me entiendas mejor. Ni naiz homosexual ! Cojones!

Hotelerako bidean, barreari ezin eutsirik, euskarazko lehen ikasgaia eman nion Martini. Bidenabar neuk ere aitortu egin nion ezin nuela batbateko narrutaldirik gauzatu, koreografiarik gabe ez zitzidala tentetzen, sedukzioaren jokoa behar nuela, maitalea kortejatu eta kortejatua izatea. Baina Martinek ez zuen nire hitzetan erreparatzen, nekatuegi zegoen maitasunari buruzko teorizazioak entzuteko eta txaparik ez emateko, bestela txaperotzat hartuko ninduela. Ipurdian txalo bat eman zidan eta 333. logelan sartu zen. Niri zailagoa egin zitzaidan logelan sartzea, ronak bueltaka ziharduen buruan, argia haztamuka piztu behar izan nuen eta ohera jauzi egiteko prest nengoela…hara hor, nire begien aurrean, gelako altzariei hautsa kentzen, ebanozko erregina, aingeruzkoaren eta edertasunaren haragiztatze gorena, Paul Austerren esanetan.

Barkamena eskatu zidan, hotela jendez mukuru zegoela eta, gelak apaintzeko zerbitzua berandu zebilen. Eta orduantxe, hautsa kentzeko trapua lurretik jasotzera makurtu zenean, ikuskizun zoragarria baten lekuko zuzena izan nintzen, han ez zegoen kulerorik, neskameari mataza beltz eta leun batek estaltzen zion hankatartea. Ez nago seguru, baina, uste dut, nitaz patata-aurreko garaikoa zen sen basatia jabetu zela eta ogigaztaia bere gordelekuan sartzen den bezala burua sartu nuen beltzunearen erdi-erdian, hango eztizko iturritik edan eta gozamenez itotzeko.

  • ¡Ahora tú vas a ver!

Une batez beldurtu egin nintzen poliziarengana salaketa jartzera zihoanaren tonua antzeman bainion. Baina, guztiz kontrakoa, prakak erantzi zizkidan eta zakila, barrabilak eta uzkia aldi berean haren ahoan sartuta nituela iruditu zitzaidan.

Kirtenak burdin goria zirudien eta distira gorri batek landare haragijalearen antza ematen zion aluari. Hala ere, ez zuen aurretik sartzerik nahi, burukoaren gainean jarri zen pinuaren goiko adarrean katagorriak jartzen diren bezala eta ipurdiaren masailak zabaldu zituen hango atetik sar nendin. Lehendabizi atzamar erakuslea eman zidan ahora txupatzeko eta gero behin eta berriro sartu zuen atzeko zulotik.

  • ¡Métemela por el angosto!

Hitz haiek Moisesek berak emandako mandamenduak ziruditen eta ni oso elizkoia nintzen sasoi hartan. Baina, banekien, laba hartan ez nuela luzaroan iraungo eta bera ere konturatu zen lehertzera nindoala. Orduan eztiki xuxurlatu zidan belarrira.

  • ¡Dame tu lechita papi!

Zakila atera eta sabela eta bularrak haziztatu nizkion. Bata bestearen gainean itsatsirik, bost urtetan ez nintzela dutxatuko zin egin nion eta ziplo lo geratu nintzen.

Biharamunean han ez zegoen ezer, ez ebanozko jainkosarik, ez argazki kamerarik, ez diru-zorrorik. Oroigarri gisa pitilinaren puntako gorridura hau utzi zidan, euro baten azalera duena eta ia hogei urteren bueltan oraindik hazkura ematen didana.

Ba hori, botikaria* zarenetik izango duzula zakila lasaitzeko krema, pomada edo ukenduren bat?

 

*Botikaria Dulantzikoa da eta Maeztuko AEKko euskaltegian nire ikasle.

tx

tx 2007-06-09 13:03 #1

Ona. Bikaina. Estilo sotila eta zuzena. Borobila. Bakarne naiz jarriko didazu hitzordua? Laster arte.


Utzi iruzkina: